Espainiako Berdintasun Ministerioak ‘Hitz egin dezagun pornografiaz’ izeneko kanpaina abiarazi du hil honetan bertan. Aipatu kanpainaren xedea da gazteen sexu-hezkuntzaren beharraz eta pornografiaren kontsumoak sexu-indarkerian duen eraginaz gizartea kontzientziatzea.
Ministerioak aurkeztu dituen datuen arabera, Estatuko hamar gaztetik bederatzik pornografia kontsumitu dute noizbait. Horietatik guztietatik erdiak normaltasunez kontsumitzen ditu horrelako edukiak. Adingabeen % 70 inguru nahigabe ikusten ditu horrelakoak lehen aldiz eta % 68,5ek aitortzen du 15 urte bete baino lehen ikusi dituela lehen aldiz eduki pornografikoak. Gainera, gazteen % 6,5ek dio eduki pornografikoak ikusi izan dituela 8 urte bete baino lehen eta % 17k 9-11 urte bitartean. Kontsumo goiztiar horien eta sexu-hezkuntza egoki baten faltaren ondorioz, pornografia sexuaren inguruko informazio-iturri nagusia bihurtu da hainbat neraberentzat.
Indarkeria
Kanpainak salatzen duenez, adingabeentzat eskura dauden eduki pornografiko gehienetan benetako indarkeria azaltzen da. Horrek zuzeneko eragina du adingabeen pertzepzioetan; izan ere, % 52,1ek onartzen dute pornoak eragina duela haien sexu-harremanetan, eta % 30ek diote pornoa dela haien sexu-hezkuntzarako iturri bakarra. Nerabeen erdiak baino gehiagok dio pornoak ideiak ematen dizkiela haien esperientzietarako eta % 47,4k errealitatera eraman ditu pornografian ikusitako edukiak.
Nerabeen erdiak baino gehiagok dio (% 56) pornoak sexua hobeto ezagutzen eta ulertzen laguntzen diela. Nerabeen % 54,9k, berriz, ikusitakoa praktikan jarri nahiko lukeela onartzen du. Datu horiek guztiek sexualitatearen ikuspegi osasungarriago eta errealistago bat eskain dezakeen hezkuntzako esku-hartze baten beharra azaltzen dute.
Nerabeen ia heren batek onartzen du pornoak eragin negatiboa izan duela haien bizitzaren alderdi ezberdinetan. Horrelako edukien kontsumoarekin azaldu ohi diren arazo nagusiak, bereziki horrelako edukiak ikusteko aukera ez dutenean, antsietatea eta suminkortasuna dira.
Pornorako sarbide kanal nagusiak honako hauek dira: berdinen arteko taldeak (% 51,2) eta bilaketa aktiboak (% 28,5). Nerabeen % 17,4 horrelako edukietara nahi gabe iristen dela dio eta hamar nerabetik zortzik onartzen dute eduki pornografikoak zailtasunik gabe ikus ditzaketela.
Gurasoen pertzepzioari dagokionez, % 90 inguruk uste du beren seme-alabek ez dutela pornoa ikusten. Gazteen erdiak baino gehiagok ez ditu horrelako kontsumoak egiten dituela onartzen gurasoen aurrean.