6,5 milioi euro gazteen alokairua sustatzeko

Nafarroako Gobernuak 700 mila euro baino gehiago bideratzen ditu hilero EmanZipa programan parte hartzen duten gazteei laguntzeko

Nafarroako Gobernuak ia 6,5 milioi euro inbertitu ditu aurten EmanZipa programan gazteen alokairuak laguntzeko. Une honetan, 3.186 gazte baliatzen dira programa horrek eskaintzen duen laguntza ekonomikoaz eta beste 53 eskaera izapidetzen ari dira. Gazte horiei guztiei laguntzeko Nafarroako Gobernuak  716 mila eurotik gora bideratzen du hilero EmanZipa programara. Aurreko urtearekin alderatuta, programa horren aurrekontua % 11,6 hazi da.

Laguntza eskatu duten gazte gehienak emakumeak dira (% 61,7). Horien batez besteko diru-sarrerak urtean 14.688,53 eurokoak dira. Laguntza jasotzen duten gizon gazteen kopurua (% 38,2) txikiagoa da, baina haien batez besteko soldata emakume gazteena baino altuagoa da: 15.493,27 euro.

Une honetan 3.186 gazte nafarrek jasotzen dute EmanZipa programaren laguntza ekonomikoa. Horietatik, gehienak  (% 61,7) emakume gazteak dira

Laguntza jasotzen duten hamar gaztetik lau gehienezko zenbatekoa jasotzen dute, hau da, 280 euro hilero. Gainera, laguntza jasotzen duten gazteen % 71,9 alokairu kontratuaren titular bakarrak dira.

Normala den bezala, laguntza eskatzen duten gazte gehienak Iruñerrikoak dira eta jarraian, Tuterakoak, Lizarrakoak eta Burlatakoak daude.

Hobekuntzak

Urte honen hasieran Nafarroako Gobernuak aldaketa batzuk egin zituen EmanZipa programan laguntza horietarako sarbidea errazteko. Aldaketa horien artean azpimarratu behar da, adibidez, laguntza eskatzeko gehienezko adina 33 urtetik 35era igo izana. Gainera, alokairu kontratuetan ordaindu zitekeen hileko kopurua ere 675 eurotik 700 eurora igo da. Hortaz, eskatzaile bakoitzari esleitu ahal zaion hileko kopurua 280 eurora igo da, aurreko urtean baino 30 euro gehiago.

Bestalde, diru-sarreren gehienezko muga ere igo egin da 22.000 euroraino bakarrik bizi diren gazteen kasuan eta 33.000 eurora familian bizi diren horientzat. Igoera, kasu honetan, 2.000 eta 3.000 eurokoa izan da, hurrenez hurren.

Azkenik, langabezian diren gazteen kasuan, laguntza urtebetez luzatzeko aukera eskaini ziren. Neurri hori jada pandemia garaian hartu zen eta aurten luzatu egin da.