Sexua eta plazera segundotan neurtzea ez da ideia ona

Sexu-harremanetan erlojua buruan izatea ez da gomendagarria, bikotearen arabera, iraupenak askotarikoak izan baitaitezke.

Sexu-harremanetan agertu ohi den zalantza ohikoenetako bat, batez ere gizonen artean, koitoaren iraupen ‘ideala’ da. Izan ere, tradizioz, koitoa luzatzeko gaitasuna gizontasun handiagoarekin eta emakumeen gogobetetze-maila handiagoarekin identifikatu izan da. Hortaz, gizon askok hazia ohi baino lehenago botatzea ahultasun gisa ulertzen dute eta, zenbait kasutan, obsesio ere bilaka daiteke.

Baina ba al da benetan iraupen jakin bat, zeinarekin harremana gogobetegarria dela ziurta dezakegun? Egia al da iraupenak eragina duela edo erabakigarria dela plazer-mailan?

Puntu honetan, askotariko iritziak aurki daitezke. Zenbaiten ustez, arrazoizko iraupena 1-2 minutu artekoa da. Beste zenbaiten ustez, berriz, sexu-harreman bat gogobetegarria izan dadin iraupena 15-30 minutu artekoa izan beharko litzateke. Ikus daitezkeenez, alde handiak daude erantzunen artean eta, horregatik, garbi dirudi iraupena berez ez dela hain erabakiorra. Gogoratu behar da koitoaz edo penetrazioaz soilik ari garela hemen. Horregatik, aurretiazko jolasak, laztanak, musuak eta masaje estimulatzaileak, adibidez, ez lirateke denbora-tarte horretan sartuko. 

Ez da denbora kontua

Asko dira iraupenaren galdera hori erantzuten saiatu diren azterlanak. Nik 2017. urtean Australiako Queensland Unibertsitatean egin eta US National Library of Medicine National Institutes of Health aldizkarian argitaratu zen bat ekarriko dut zutabe honetara. Aipatu azterlana burutzeko ikertzaileek 500 bikote heterosexualen sexu-harremanak aztertu zituzten. Bikotekideei koitoaren iraupena neurtzea eskatu zitzaien, penetrazioa hasten zenetik gizonak hazia bota arte. Bildutako datuen arabera, koitoaren batez besteko iraupena 5,4 minutukoa izan zen. Baina ondoriorik harrigarriena bikoteen artean aurkitu ziren aldeak izan zen. Horrela, bildutako datuen tartea 33 segundotik 44 minutura bitartekoa zen. Azterlanaren arabera, parte-hartzaileen jatorriak ez du zuzeneko eragina sexu-harremanaren iraupenean, bai ordea adinak eta egoera fisikoak. Ikertzaileek ikusi ahal izan zutenez, iraupen luzeenak gizon gazteen eta egoera fisiko hobean diren horien artean erregistratu ziren. Iraupen laburrenak, berriz, gizon helduagoetan eta sasoiko ez diren horien artean eman ziren.

Hori esanda, sexua eta plazera ez dira segundotan neurtu daitezkeen kontuak. Horregatik, sexu-harremanetan erlojua buruan izatea ez da gomendagarria, ikusi dugun moduan, bikotearen arabera, iraupenak askotarikoak izan baitaitezke. Horregatik, garrantzitsuena da harremana bientzat guztiz atsegina izatea, esperientzia hori laburra izan den ala ez ahaztuta.