Euskararen Nazioarteko Egunaren ildora, Donostiako Udalak teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzea duten zenbait ekintza garatuko ditu. Guztira, hiria osatzen duten 16 auzoetan 160 jarduera garatuko dira. Horien bidez teknologia berriek gure hizkuntza sustatzeko eta babesteko duten garrantzia azpimarratuko da. Horrela, aurten, Donostiako Udalak euskararen eta tresna digitalen arteko sinergian jarriko du arreta, eremu teknologikoan euskararen integrazio handiagoa proiektatzeko.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiru ekintza erraz egiteko eskatuko die herritarrei tresna teknologiko berrietan euskararen erabilera nabarmentzeko eta ikusarazteko:
- Telefonoak euskaraz konfiguratzea eskatuko die
- Eskara Interneteko nabigatzaileetan (Firefox, Chrome eta beste batzuk) hizkuntza lehenetsi gisa hautatzea
- Ahots euskaldunen grabazioak Gaitu.eus atariaren bidez biltzeko. Ekimen honen helburua etorkizunean adimen artifizialeko makinekin euskaraz izango diren elkarrekintzak sustatzea da.
Parte-hartzea sustatzeko, abenduaren 2an eta 3an, donostiar euskaldunek ordenagailuetan esaldiak grabatzeko aukera izango dute Bulebarrean jarriko den karpa batean, hilaren 2an 13:00etatik 20:00etara eta 3an 11:00etatik 19:00etara. Gainera, hiriko eragile eta erakundeei gonbidapena zabalduko zaie ekimen honekin bat egiteko, eta Donostiako KZ guneetan ahots-grabazioak egiteko ordenagailuak ere jarriko dira. Azaroaren 18tik abenduaren 3ra bitartean, mota guztietako 160 ekitaldi inguru egingo dira Donostian. Teknologia euskaraz erabiltzeko jarduerak, kultur ekintzak (antzerkiak, liburu irakurketak, kantu jirak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak), familia eta haurrentzako jarduerak (pailazoak eta bisita gidatuak) eta abar izango dira.