Donostiako Kursaal Biltzar Jauregiak Euskal Hiriaren XXII. edizioa hartuko du azaroaren 27 eta 28an. Kongresuaren xedea da Euskadiko hiriei eta lurraldeari buruzko eztabaida sustatzea. Bertan nazioarteko, estatuko eta eskualdeko profesionalak, sektore publikoko arduradunak, sektoreko eta ikerketa akademikoko adituak egongo dira.
“Elkarguneak: erronka emergenteak, erronka sozialak eta lurraldea” izenburupean, hiri-eremuek aurrez aurre dituzten aukerak eta erronkak jorratuko dira. Horretarako, elkarri lotuta dauden askotariko ikuspegiak jorratuko dira. Oraingo honetan, euskal gizarteak eta lurraldeak, hiriek eta herriek dituzten erronka berrien arteko harremana izango da gai nagusia.
Euskal Hiria Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak urtero antolatzen duen topaketa da, Giza Kokalekuetarako Nazio Batuen Programaren (ONU-Habitat) laguntzarekin. Bertan, hogeita hamar aditu inguru biltzen ditu, hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren arloko helburu estrategikoei eta politika publikoei buruz eztabaidatzeko.
Bost erronka emergente
2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik, Euskal Hiria plan eta politika publikoen definizioan zeharkako ikuspegiak aplikatzeko beharrak ditu ardatz. Adituek bost erronken ikuspegitik helduko diote gai horri: aldaketa demografikoa, ekintza klimatikoa, trantsizio energetikoa, hurbileko ekonomia eta kultura eta turismoa.
Gainera, ikuspegi bikoitzetik egingo dute, kontuan hartzen baitu, alde batetik, lurraldea jardueren funtsezko oinarri gisa, eta, bestetik, pertsonak erdigunean jarriko duen gizarte-begirada txertatzeko beharra.
Ildo beretik doa Euskadiko Hiri Agenda – Bultzatu 2050, Eusko Jaurlaritzak onartutako epe luzerako plana, hiri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak lortzeko. Dokumentu honetan zortzi lehentasun estrategiko zehazten dira. Lehentasun horiek 31 esku-hartze ardatzetan egituratzen dira, eta Euskadi lurralde-plangintzaren eta politika jasangarrien buruan jartzea dute helburu.
Euskal Hiria Kongresua eztabaidarako eta parte hartzeko foro bat jarri du herritarren eskura, non adituek eta erakundeek lehentasun estrategiko horiek gauzatzeko eta euskal gizarteari eragingo dioten erronkei aurre egiteko jarduera-ildoetan sakonduko duten.