Zer dakigu GJHei buruz?

Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ia erdiak Garapen Jasangarrirako Helburuak ondo ezagutzen ditu.

Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ia erdiak Garapen Jasangarrirako Helburuak 2030 Agenda (GJH) ondo ezagutzen du. Inkestatutako gazteen % 48,7k 2030 Agenda ezagutzen zuela adierazi zuen modu espontaneoan eta % 77,5ek logoak noizbait ikusi zituela aitortu zuen.

Datuok adierazten dute EAEko gazteen artean kontzientzia-maila handia dagoela 2030 Agendak planteatutako erronka globalei dagokienez.

Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetatik, euskal gazteek uste dute Euskadirentzat lehentasunezko hiru helburu nagusiak honako hauek direla: 3. GJH (Osasuna eta Ongizatea), 8. GJH (Lan Duina eta Hazkunde Ekonomikoa) eta 4. GJH (Kalitatezko Hezkuntza). Hautu horietan, EAEko gazteen kezka nagusiak islatzen dira, norbanakoaren ongizateari, hazkunde ekonomiko iraunkorrari eta hezkuntzaren kalitateari dagokienez.

Inkestaren arabera, 20-24 urteko pertsonak, Bizkaian bizi direnak eta goi-mailako ikasketak dituztenak, dira GJHei buruz gehien entzun dutenak.

2030 Agendaren berri duten gazteek modu espontaneoan lotzen dute ekimen hau bi gai nagusirekin. Lehenik eta behin, natura zaintzea eta produkzio- eta kontsumo-ereduetan aldaketak egiteko beharra, hala nola ekonomia zirkularrean eta CO2 emisioen murrizketan, klima-aldaketari aurre egiteko eta planeta babesteko. Bigarrenik, desberdintasunak murriztearen garrantzia azpimarratzen dute, generokoak barne, baita justizia soziala, giza eskubideak, pobrezia eta gosea desagerraraztea eta guztiontzako hezkuntza eta osasuna bermatzea ere.

Emakume gazteek mota guztietako desberdintasunak murrizteko joera dute, generokoak, giza eskubideak eta justizia soziala barne. Aitzitik, gizon gazteek, lehenik eta behin, ingurumenarekin zerikusia duten alderdiak aipatzen dituzte.

Hala ere, alde txiki bat ikusten da gizon eta emakume gazteek GJHak interpretatzeko duten moduan. Emakume gazteek mota guztietako desberdintasunak murrizteko joera dute, generokoak, giza eskubideak eta justizia soziala barne. Aitzitik, gizon gazteek, lehenik eta behin, ingurumenarekin zerikusia duten alderdiak aipatzen dituzte.

Adin-talde guztietan, ingurumena zaintzea eta kontsumo iraunkorra dira lehenik eta behin 2030 Agendarekin modu espontaneoan erlazionatzen diren gaiak eta, ondoren, gizarte-desberdintasunekin lotutako kezkak. 

Euskadiko gazteen lehentasunak GJHetan

Euskadiko gazteen ustez, Euskadirentzako lehentasunezko hiru helburuak osasunarekin eta ongizatearekin (gazteen ia erdiak, % 47,2k, aipatua), lan duinarekin eta hazkunde ekonomikoarekin (% 35,3k) eta kalitatezko hezkuntzarekin (% 34,6k) lotutakoak izan beharko lukete.

Gainera, gazteen % 20-30ek adierazi dute, Euskadirentzat lehentasunezko helburuak, pobrezia amaitzea, klimaren aldeko ekintza eta genero-berdintasuna izan beharko luketela.

Inkestak, halaber, euskal gazteek azken urtean izandako pertzepzioen bilakaera erakusten du. Osasunari eta ongizateari, lan duinari eta hazkunde ekonomikoari lotutako GJHak lehentasunezkotzat jotzen dituzten gazteen ehunekoak gora egin duela ikusten da, baita klimaren aldeko ekintzak ere. Bestalde, murriztu egin da energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea izateko beharraren garrantzia, eta aldaketa horrek zerikusia izan dezake azken urtean zerbitzu energetikoetan izan den prezioen gorabeherarekin.

Inkestak generoen arteko aldeak ere erakusten ditu EAEko gazteen lehentasunetan. Emakumeek, adibidez, genero-berdintasuna kokatzen dute gehien aipatutako laugarren helburutzat; gizonek, aldiz, ez dute aipatzen lehenengo sei helburuetan. Bestalde, gizonek energia eskuragarria eta ez-kutsagarria sartzen dute lehentasunetan, hori egiten duen talde bakarra izanik.

GJHen bultzada Euskadin

EAEko gazteen % 53k uste du Eusko Jaurlaritza dela Euskadin 2030 Agenda bultzatzeko eragile eraginkorrena. Ondoren, gobernuz kanpoko elkarteak eta erakundeak dira gehien aipatzen diren eragileak (% 34,1). Aldiz, foru-aldundiek, udalek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta ikasketa-zentroek % 17tik % 25era bitarteko aipamenak jasotzen dituzte.

Enpresek nahiko arreta txikia jasotzen dute; izan ere, lanean ari diren gazteen % 5,5ek baino ez zuen bere enplegatzailea aipatu eragile garrantzitsu gisa GJHen sustapenean.

GJHak lortzeko bidean aurrera egiteko nork egin dezakeen gehiago kontuan hartuta, gazteen % 84,1ek uste du gobernuak eta administrazioak direla eragile eraginkorrenak, Eusko Jaurlaritza eta aldundiak barne.

Gainera, % 60,7k nabarmendu du herritarrek funtsezko zeregina dutela prozesu horretan, pertsonek eragin esanguratsua izan dezaketela iradokiz. Gazteen % 50 inguruk ere rol garrantzitsua ikusten du enpresentzat eta komunikabideentzat GJHak lortzeari dagokionez. Hala ere, inkestatutako gazteen % 17,7k soilik uste du GKEak direla GJHak sustatzeko hiru eragile eraginkorrenetako bat.

Inplikazio pertsonala

Azkenik, gazteei konpromiso zehatzak eskatu zitzaizkien beren eguneroko bizitzan 2030 Agendari laguntzeko prest egongo liratekeen aldaketen inguruan. Horrela, gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko helburuei dagokienez, genero-berdintasun handiagoa lortzeko, ingurumena hobetzeko, diskriminazioen aurrean aniztasunarekiko eta bizikidetzarekiko errespetua indartzeko eta komunitatearen intereserako jarrera erantzunkide eta parte-hartzaileak onartzeko, inkestatutako gazte gehienek (1.531tik 1.345ek, hau da, % 88k) ideiaren bat eman zuten. Ideien zerrendetan nahastu egin dira banaka har daitezkeen neurrien proposamenak eta erakundeei edo gizarte osoari egindako eskaera orokorrak.

Banaka har daitezkeen neurri asko helburu guztietara heda daitezke, eta honela laburbil daitezke:

  • Gehiago informatzea
  • Norberaren egoerari buruz eta norberaren portaerei buruz hausnartzea eta, gai bakoitzarekin lotuta, autokritika egitea
  • Aurreiritziak alde batera uztea eta aniztasuna errespetatzea, berdintasuna aniztasunean defendatzea
  • Salatu eta mobilizatu
  • Ekintza zehatzetan parte hartzea ingurune hurbilean
  • Erantzukizunak hartzea eta proaktiboak izatea.

GJHen mundu-mailako bilakaerari buruzko pertzepzio desberdina

Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkestak, halaber, jakin nahi izan du euskal gazteek hainbat gairen inguruan zer iritzi duten, hala nola, klima-aldaketaren aurkako borrokaren bilakaera; munduan giza eskubideak sustatzea; ekonomia iraunkorra eta kalitatezko enplegua sustatzea, eta munduan pobrezia gainditzea.

Oro har, euskal gazteek uste dute azken urtean ez dela aldaketa handirik izan; hala ere, gehiago dira giza eskubideen, ekonomia iraunkorraren eta kalitatezko enpleguaren aldeko bultzadak eta pobreziaren aurkako borrokak okerrera egin dutela uste dutenak.

Klima-aldaketaren aurkako borroka

Euskadiko gazteen ia erdiek (% 48,8) uste dute klima-aldaketaren aurkako borrokaren egoera mundu-mailan berdin mantendu dela azken urtean; % 22k uste du hobera egin duela eta % 20k, berriz, okerrera egin duela dio.

Gizon gazteak emakume gazteak baino zertxobait baikorragoak dira klima-aldaketaren aurkako borrokak azken urtean mundu-mailan izan duen bilakaerari dagokionez; gizonen % 24,3k uste du hobera egin duela eta, emakumeen kasuan, % 19,6k.

15 eta 19 urte bitarteko gazteek uste dute gehien hobetu egin dela klima-aldaketaren aurkako borrokaren egoera (% 29,2), adin-talde zaharrenen ehunekoak baino hamar puntu gehiago.

Iritzi horiek guztiak ekainean jaso zirenez, azterlanak berak aurreikusten du uda honetan munduko hainbat lekutan klima-aldaketari lotuta izan diren gertaera meteorologikoek eragina izatea gazteek klima-aldaketaren aurkako borrokaren bilakaerari buruz duten iritzi-aldaketan.

Giza eskubideen sustapena munduan

Hamar euskal gaztetik lauk uste dute munduan giza eskubideen sustapena iazkoaren antzeko egoeran dagoela (% 41,2). Gehiago dira bilakaera negatiboa izan dela uste dutenak (% 27,1) bilakaera positiboa izan dela uste dutenak baino (% 22,1).

Gizonek emakumeek baino gehiago uste dute azken urtean aurrera egin dela giza eskubideen sustapenean munduan (gizonen % 26,8 eta emakumeen % 17,2). Edonola ere, gutxiengoa dira aurrerapauso hori eman dela uste dutenak. Adinak gora egin ahala, behera egiten du munduan giza eskubideen sustapena iazkoarekin alderatuta hobetu dela uste dutenen ehunekoak.

Ekonomia iraunkorra eta kalitatezko enplegua

Euskadiko gazteen % 18k baino ez du uste ekonomia iraunkorraren eta kalitatezko enpleguaren sustapenaren mundu mailako egoera hobetu egin dela; dezente gehiago dira berdin jarraitzen duela uste dutenak (% 37,4) edo okerrera egin duela uste dutenak (% 34,7).

Kasu guztietan, gazte gehiagok uste du munduko egoerak okerrera egin duela azken urtean, ekonomia iraunkorra eta kalitatezko enplegua sustatzeari dagokionez.

Halaber, adinak gora egin ahala, pertzepzio negatiboak gora egiten du, eta 25-29 urteko adin-taldean gehiago dira egoerak okerrera egin duela uste dutenak, egoera berdin mantendu dela uste dutenak baino.

Munduan pobrezia gainditzea

EAEko gazteen % 7,3k soilik uste du pobreziaren aurkako borrokak hobera egin duela, eta % 39,8k, berriz, okerrera egin duela.

Munduan pobrezia gainditzeari dagokionez egoera hobetu egin dela uste dutenen ehunekoa ez da % 10era iristen inongo kolektibotan.

Adinak gora egin ahala, handitu egiten da munduan pobreziarekiko egoerak okerrera egin duela uste dutenen ehunekoa, eta 25-29 urtekoen taldean % 47,9ra iristen da, berdin mantendu dela uste dutenena baino ia hamar puntu gehiago.