Gazteek uste dute posible dela bizi-ohitura osasungarriak lortzea teknologia berriei esker. Espainiako 10 gaztetik ia zortzik (% 79,9k) diote informazio gehiago dutela aplikazioak eta tresna digitalak erabiltzeagatik, hala nola urratsen kontagailuak, hilekoaren zikloak edo loaren zikloak neurtzeko gailuak edo dieten eta errendimendu fisikoa erregistratzeko gailuak erabiltzeagatik. Ildo berean, % 77k dio horrelako gailuek laguntza handiagoa eskaintzen dietela zenbait ohitura jarraitzeko.
Internet eta sare sozialen kasuan, osasunerako erabilerarik hedatuena “zainketa, prebentzioa eta ongizatea hobetzera” bideratuta dago (% 79,3). Ondoren, “gaizki sentitzen garenean sintomak bilatzea zer gertatzen den jakiteko” (% 69,9) eta “ingurukoa den pertsona batek duen osasun-arazoren bati buruzko informazioaren bilatzea” (% 67,1) aurkituko lirateke.
Gazteek hedatutako eta babestutako erabilerak dira, eta horiek bat datoz osasunari beren bizitzetan ematen dioten garrantziarekin. Osasun ona izatea da bizitzako etapa honetan gehien baloratzen dutena (% 60,2), dirua irabaztearen (% 46,3) edo familia-harreman onak izatearen gainetik (% 35,31). Emakumeak dira osasunari garrantzi handiagoa ematen diotenak eta, adin-taldeei dagokionez, 25-29 urteko gazteak.
Ikerketa
Horiek dira, hain zuzen ere, FAD Juventud Fundazioak eta Pfizer Fundazioak egindako azterlan baten ondorio garrantzitsuenetako batzuk. Azterlan horretan 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazte baino gehiagok eta teknologia eta osasun arloko zenbait adituk parte hartu dute. Ikerketaren helburua izan da gazteek beren osasuna eta ongizatea zaintzeko teknologiak nola erabiltzen dituzten aztertzea, baita horri buruz dituzten pertzepzioak eta itxaropenak ezagutzea ere.
Azterlanak, halaber, ongizatearekin lotutako edozein gaitan teknologiak erabiltzeko maiztasuna ere erakusten du. Adibidez, inkestatuen % 34k egunero erabiltzen du Internet osasunaren zaintzarekin lotutako gaietarako. Hamarretik hiruk astero egiten du. Egia da COVID-19ak eragindako pandemiak osasunarekiko kezka areagotu zuela, baina gazteek jada 2020ko martxoa baino lehenagotik erabiltzen zituzten tresna teknologikoak gai horiei buruzko informazioa jasotzeko. Eta kezkak behera egin badu ere 2021. urteari dagokienez, kopuruak ez dira 2020. urtearen aurreko mailetara itzuli.
Osasun-egoeraren pertzepzioa
Gazteen erdiek baino gehiagok (% 53,6k) uste dute haien osasuna “oso ona” edo “ona” dela; % 31,1ek uste dute “hala-holakoa” dela, eta % 12,9k, berriz, uste dute “txarra” edo “oso txarra” dela. Datu horiek ikusita badirudi gazteen proportzio handi bat ez dela erabat gustura sentitzen bere osasun-egoerarekin.
Osasun-egoeraren pertzepzioak okerrera egin du. Izan ere, haien osasun-egoera “ona edo oso ona” dela uste duten gazteek 33,1 puntu egin dute behera 2017tik gaur egun arte, FAD Juventud Fundazioak azken urteetan argitaratutako gazteen osasun eta ongizateko barometroen arabera.
Gizon gazteek beren osasun-egoerari buruzko pertzepzio positiboagoa dute, eta pertzepzio baikorragoa dute adin handieneko taldearen (25-29 urte) eta gazteenaren (15-19 urte) artean.
Osasun mentalari dagokionez, gora egin du arazo psikologiko, psikiatriko edo osasun mentaleko arazoren bat izan dutela dioten gazteen kopuruak. Aldi berean, arazo psikologikorik izan ez dutela dioten gazteen proportzioa ia 30 ehuneko-puntu jaitsi da 2023an 2017ko datuekin alderatuta, eta 11 puntu 2019. urteko datuekin alderatua, COVID-19aren pandemiaren aurreko urtean. Azterlanak nabarmentzen du emakume gazteen artean arazo psikologikoen prebalentzia handiagoa eta adierazgarriagoa dela gizonen aldean.
Ondoezen gorakada eta aintzatespen edo identifikazio handiago hori osasun mentaleko arazoak izan dituztenean psikologoarengana edo psikiatrarengana jo dutela dioten gazteen kopuru handian islatzen da (% 43,5). Txostenean laguntza bilatzeko beste modu batzuk ere nabarmentzen dira, hala nola gertuko norbaitekin hitz egitea (% 19,8) edo sare sozialetan, blog eta txatetan egindako kontsultak (% 10).
Konfiantza eta fidagarritasuna
Osasunarekiko eta ongizate fisikoarekiko kezkak lotura handia du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabileraren maiztasunarekin eta erabilera horretatik hautemandako abantailekin. Horrela, osasunari eta ongizate fisikoari buruzko kezka zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da osasunari aplikatutako teknologiaren erabilera, eta abantaila handiagoak ikusten dituzte teknologia hori erabiltzean.
Interneten eta sare sozialetan informazioa eskuragarri izateak eta gazteak baliabide horiekin ohitura izateak bigarren hautu bihurtzea dakar (% 38,9) gazteen artean osasun-arloko informazio-iturri gisa, lehen aukeran dagoen familia-medikuaren atzetik (% 41,6). Izan ere, hedabide digital horien abantaila asko hautematen dira, hala nola informazio asko eskaintzea, oso zehatz eta oso azkar.
Gazteek konfiantza gutxi ematen diete Interneti eta sare sozialei osasunaren arloko informazioari dagokionez (10etik 4,88 puntu). Konfiantza handiagoa dute osasun-arloko profesionalek emandako informazioan (7,08), eta, horregatik, erakunde ofizialen edo profesionalen webguneetan lortutako informazioa fidagarriagoa ikusten dute (6,28) Interneten aurki dezaketen eduki orokorrago eta ez oso espezializatuaren aldean.
Emakumeak eta adin gutxiagoko gazteak (15 eta 19 urte bitartekoak) zuhurrago agertzen dira baliabide digitalen bidez informazioa lortzeko orduan.
Online informazioa
Bestalde, osasun-profesionalek emandako informazioan konfiantza handiagoa erakutsi arren, erdiek baino gehiagok diote online lortutako informazioa hobeto ulertzen dutela, beren medikuak emandakoa baino erakargarriagoa eta bisualki ulergarriagoa delako. Hala ere, 10 gaztetik 7k nabarmendu dute interes handiagoa dutela osasun-profesionalek emandako informazioarekiko, Interneten eta sare sozialetan lortutako informazioaren kalterako.
Gazteek Interneten eta sare sozialetan gehien bilatzen dituzten gaiak “jarduera fisikoa” (% 40,3), “osasun mentala” (% 35) eta “elikadura eta dietak” (% 34,3) dira. % 65ek baino gehiagok osasunarekin eta ongizatearekin lotutako kontuak edo profilak jarraitzen ditu, eta % 52 inguruk osasun-arloko profesional edo adituenak.
Azterlanaren arabera, 10etik 7,08ko batez bestekoarekin, gazteek konfiantza handiagoa dute osasun-arloko profesionalek emandako osasunari buruzko informazioan, Interneten eta sare sozialetan orokorrean eskaintzen den informazioan baino.
Osasunari dagokionez gehien erabiltzen diren tresnen artean, ongizateko eta jarraipen fisikorako aplikazioak dira gehien erabiltzen direnak: urrats-kontagailua (% 31,4); elikadura (% 29,5); hilekoa (% 28,4); eta errendimendu fisikoa edo entrenamendua (% 26,7).
Desberdintasun argiak daude adin horretako emakumeen eta gizonen interesen artean. Gizonek gehiago erabiltzen dituzte teknologiak jarduera fisikoari buruzko gaiak kontsultatzeko (fitness eta running, batik bat) eta elikadurari buruzko gaiak kontsultatzeko, hala nola dietak eta argaltzea. Emakumeak, ordea, gehiago interesatzen dira osasun mentaleko gaiez, hala nola antsietateaz, estresaz eta depresioaz; eta estetikaz, hala nola larruazalaren eta ilearen zaintzaz. Bere interesen artean agertzen dira, halaber, osasun-arazo arin batzuk, hala nola eztarriko mina eta hotzeria, edo sexu- eta ugalketa-osasuneko gaiak. Azken kategorian gehien bilatzen direnak hilekoa, sexu-transmisiozko infekzioak eta haurdunaldia dira.
Osasuna zaintzeko erabiltzen dituzten aplikazioak aukeratzerakoan, beren buruaz fidatzen dira batez ere: 10 gaztetik lau modu autonomoan iristen dira aplikazio horietara, baina baita lagunen (% 23,6), senideen (% 16,4), osasun-profesionalen (% 15) edo bikotekidearen (% 13,3) gomendioz ere.
Paziente digital berriak
Osasunaren arloko berrikuntza edo hobekuntza teknologikoei dagokienez, galdetutako gazteen % 39,6k uste du, lehenik eta behin, aurrerapauso garrantzitsua litzatekeela osasun-sisteman integrazio mugikorra hobetzea (aplikazioak, smartphone-ak, wearable-ak…). Ildo beretik, % 37,7k uste du aurrerapauso garrantzitsua litzatekeela “kalitatezko online osasun-arreta eta arreta telematikoa bermatzea”.
Alde horretatik, gazteek dagoeneko erabiltzen dute teknologia osasun-kudeaketarako. Zehazki, gehien egiten duten jarduera “online hitzorduak eskatzea” da, % 72,5eko inplementazioarekin; % 57,2 “online osasuneko artxibo pertsonaletan” sartzen da; eta % 48,7k “kontsulta telematikoak” erabiltzen ditu, bideo-deien, txaten edo telefono bidezko kontsulten bidez.
Gazteek ez dute osasun-sistema teknologia digitalekin ordezkatu nahi, aitzitik bi munduetako onena bilatzen dute. Izan ere, gazteen % 90 baino gehiagok gutxienez behin jo du medikuarengana azken urte honetan. Eta ikerketak harreman estatistikoki esanguratsua du medikuarengana urtean 10 aldiz baino gehiagotan joaten diren gazteen eta IKTen erabileran maila altuenak dituztenen artean. Gaixotasun edo baldintza kronikoak dituztenen artean ere lotura nabarmena dago IKTen erabilera handiarekin (% 29,7).
2 Iruzkin
GEBren Dokumentazio Zentroan urrian bildutako artikuluak eta dokumentuak on line - Agencia de Noticias
6 azaroa, 2023[…] GAZTEBERRI, 2023. Osasuna diruaren aurretik. Gazteberri. https://www.gazteberri.eus/osasuna-diruaren-aurretik/ […]
GEBren Dokumentazio Zentroan urrian bildutako artikuluak eta dokumentuak on line - GipuzkoaGaur - Actualidad de Gipuzkoa
6 azaroa, 2023[…] GAZTEBERRI, 2023. Osasuna diruaren aurretik. Gazteberri. https://www.gazteberri.eus/osasuna-diruaren-aurretik/ […]
Iruzkinak itxiak daude...