Irailaren 23tik 30era ospatzen den Kirolaren Europako Astearen harira argitaratutako Eurobarometroak erakusten duenez, 15 eta 24 urte bitarteko Europako gazteen % 66k kirola egin ohi du. Zehazki, gazteen % 12k aldizka egiten du kirola, eta % 54k nahiko maiz. Aitzitik, % 19k ez du inoiz egiten, eta % 14k oso gutxitan. Inkestaren arabera, Europako biztanleen % 38k, gutxienez, astean behin egiten du kirola. Biztanleriaren % 17k, berriz, astean behin baino gutxiagotan.
Gaur egun, europarrok 2009an baino kirola egiteko joera txikiagoa dugu. Horrela, orain, biztanleriaren % 45ek ez du inoiz kirolarik edo inolako jarduera fisikorik egiten. Ehuneko hori 2009an erregistratutakoa baino sei puntu altuagoa da.
Europar askok ez du gutxieneko jarduera fisikorik egiten: % 13 ez da astean hamar minutuz jarraian ibiltzen eta % 11 egunean 8,5 ordu baino gehiago egoten da eserita.
Gazteak salbuespena dira
Halaber, inkestaren arabera, COVID-19ren pandemian, Europako biztanleriaren erdiak murriztu egin zuen jarduera eta, hainbat kasutan, baita guztiz eten ere.
Inkestatutako 15 eta 24 urte bitarteko gazteek dute aukera gehien kirola egiteko edo jarduera fisikoren bat maiztasun jakin batekin egiteko (% 54). Adinak gora egin ahala kirola egiten duten biztanleen kopuruak behera egiten du. Zehazki, % 42ra jaisten da 25-39 urte bitartekoen artean; % 32ra 40-54 urte bitartekoen artean eta % 21era 55 urtetik gorakoen artean.
Oro har, Europar Batasuneko gizonek emakumeek baino ariketa fisiko gehiago egiten dute. Gainera, kirola eta jarduera fisikoa ez dira hain ohikoak hezkuntza-maila txikiagoa duten edo zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen artean.
Eurobarometroak azaltzen duenez, kirolarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik jarduera fisikoetan aldizka parte hartzen duten pertsonak ez dira gehiengoa EBko ezein estatu kidetan.
Denbora falta
Jarduera fisikoa egiteko oztopo nagusia denbora falta da (% 41). Ondoren, gehien aipatzen diren arrazoiak, honako hauek dira: motibazio falta edo interesik eza (% 25) eta ezgaitasunen edo gaixotasunen bat izatea (% 14).
Kirola egiten dutenen artean, berriz, hauek lirateke bizitza aktiboago bat izateko arrazoi nagusiak: osasuna hobetzea (% 54), egoera fisikoa hobetzea (% 43) eta erlaxatzeko moduak bilatzea (% 39).
Inkestatutako pertsonen ia erdiek adierazi dute nahiago dutela aire zabaleko jarduerak egitea (% 47). Heren batek baino gehiagok (% 37), berriz, nahiago du kirola etxean egitea. Ikerlanak jasotzen duenez, aire zabalean eta etxean kirola egiteko aukerak handitu egin dira 2017. urteaz geroztik, segur aski pandemiagatik ezarritako konfinamenduaren ondorioz.
Europako Batzordeak urtero Europako Kirolaren Astea sustatzen du. Aurtengoa, irailaren 23tik 30era bitartean ospatuko da. Egitasmo horren xedea da kirolak ongizate fisiko eta mentalerako dituen onurak azpimarratzea. Izan ere, kirola gure ongizaterako oso lagungarria izan daitekeen arren, Europan egiten den jarduera fisikoaren maila gelditu egiten ari da.
Iruzkin 1
Gipuzkoako ikasleen % 83k parte hartzen du Eskola Kirolan - etorkizuna.eus
7 azaroa, 2023[…] Foru Aldundiak bultzatzen duen Eskola Kirola programan. Ekimen honek jarduera fisikoa eta kirola sustatzen ditu Gipuzkoako ikasleen […]
Iruzkinak itxiak daude...