Laura Macía: “Joko-nahasmenduaren arazoa emakumeei ere aspalditik eragin izan dien arazo bat da”

Psikologiako irakaslea eta ikertzailea Deustuko Unibertsitatean

Tradizionalki ludopatia edo joko-nahasmenduak bereziki gizonei eragiten dieten arazotzat jo izan dira. Baina zure doktorego-tesian ikusi ahal izan duzunez hori ez da guztiz zuzena. Kuantitatiboki, zein izango litzateke jokoarekin arazoak dituzten gizon eta emakumeen proportzioa?

Lehenik eta behin, aipatu behar da nire doktorego-tesiaren xede nagusia ez dela izan joko-nahasmendua duten emakumeen egungo prebalentzia aztertzea. Egia da gizonen artean prebalentzia horrek handiagoa izaten jarraitzen duela. Hala ere, arazo honekin lan egiten duten elkarteen arabera, eta 2017. urteko datuetan oinarrituta, joko-nahasmendua duten hiru pertsonatik bat emakumea izan daitekeela zenbatetsi da. Hau da, horrelako nahasmendu bat duten pertsonen heren bat emakumeak lirateke.

Era berean, Drogei Buruzko Plan Nazionalaren barruan egiten den EDADES inkestak, 2021ean, gizonen % 2,9k joko-arazoren bat izan zezakeela adierazten zuen. Emakumezkoen kasuan, berriz, kopuru hori % 1,4raino jaisten zen. 

Hala ere, 2018an eta 2021ean jasotako prebalentzietan ikus daiteke gizonen prebalentziak gero eta txikiagoak direla. Emakumeen kasuan, aldiz, arinki bada ere, prebalentzia horiek gora egin dute.

Bestalde, aipatu datu horiek guztiak inkesten bidez objektiboki neurtu badira ere, gaur egun, litekeena da joko-nahasmendua duten emakumeak gutxietsita egotea, eta, beraz, uste baino prebalentzia handiagoa izatea.

Fenomeno berri baten aurrean al gaude? Duela zenbait urteko datuekin alderatuta, gaur egun handiagoa al da joko-nahasmenduren bat duten emakumeen kopurua? 

Ez da fenomeno berri bat. Emakumeak aspalditik aritu dira ausazko jokoetan jokatzen. Eta, hortaz, joko-nahasmenduaren arazoa ere emakumeei aspalditik eragin izan dien arazo bat izan da. Kontua da arazo hori ez dela agerian jarri. Azken urteetan esfortzu handiak egin dira emakumeek izaten dituzten joko-nahasmenduak ezagutzera emateko eta, aldi berean, osasun mentalean genero ikuspegia txertatzeko. Azken finean, horrek erraztu egiten du problematika hori emakumeen kolektiboan naturalizatzea eta ikusaraztea. Agian, horregatik arazo berri bat izango balitz bezala ikusten da, baina ez da horrela.

Kopuruei dagokionez, segur aski jokoan aritzen diren emakumeen kopurua duela zenbait urte baino handiagoa izango da orain. Hazkunde hori azaltzeko zenbait arrazoi aipa daitezke, hala nola, irisgarritasun handiagoa, tipologia gehiago, eskuragarritasun handiagoa, online-jokoek ematen dituzten aukerak, etab.

Kualitatiboki emakumeek eta gizonek joko-nahasmenduak modu ezberdinean bizi dituztela egiaztatu duzu. Zeintzuk lirateke zentzu horretan alderik nagusienak?

Hasteko, jokoan aritzeko motibazioa ezberdina da. Emakumeen artean, joera handiagoa dago jokoan hasteko egoera estresagarriei aurre egiteko. Hau da, bizi-gertaera estresagarrietatik ihes egiteko beharra dago, baita gogo-aldarte negatiboak arintzeko beharra ere. Hortaz, emakumeen artean etekin ekonomikoak edo zirrarak bilatzeko beharra, oro har, ez da hain garrantzitsua. Gainera, emakumeen artean jokoan beranduago hasteko joera izaten da, helduagoak direnean. 

Bestalde, beste nahasmenduekin batera azaltzen diren arazoak, joko-tipologiak eta joko-nahasmenduak eragiten dituen ondorioak ere ezberdinak dira.

Azkenik, azpimarratu nahiko nuke emakumeek, gehienetan, bakarrik aurre egiten diotela errehabilitazio prozesuari. Horrek, sintomatologiaren larritasunean eragiteaz gain, errehabilitazio- eta errekuperazio-prozesuari ere eragiten dio.

Nola eragiten dute aipatu dituzun alde horiek guztiek, adibidez, arazo hori diagnostikatzeko edo tratatzeko orduan?

Emakumeen joko-nahasmenduan eragiten duten aldagaiak, aipatu dudan moduan, gizonen joko-nahasmenduan eragiten duten horiekin alderatuta ezberdinak badira, orduan, tratamenduan zein ebaluazioan eta diagnostikoan alde horiek aintzat hartu beharko genituzke. Adibidez, emakumeak jokoan hasten badira egoera estresagarriei aurre egiteko edo gogo-aldarte negatiboak arintzeko, irizpide horrek garrantzi berezia izan beharko luke. 

“Emakumeen joko-nahasmenduan eragiten duten aldagaiak, aipatu dudan moduan, gizonen joko-nahasmenduan eragiten duten horiekin alderatuta ezberdinak badira, orduan, tratamenduan zein ebaluazioan eta diagnostikoan alde horiek aintzat hartu beharko genituzke”.

Bestalde, errua, lotsa, pertsonen arteko gatazkak edo bakardadea, adibidez, intentsitate handiz agertzeko joera duten eta emakumeen osasun psikosomatikoan eragin larria duten emozioak dira. Horrek ez du esan nahi gizonen kasuan emozio horiek azaldu ezin direnik, baina emakumeen kasuan, larritasun handiago baten seinale izaten dira eta baita tratamendurako lehentasunezko bide bat ere.

Hainbat ikerketek egiaztatu dute jokoarekin lotutako arazoak gero eta adin goiztiarragoetan hasten direla. Horrela al da emakumeen kasuan ere?

Jokoan aritzen diren gizonezko nerabeen kopurua neskena baino altuagoa da. Hala ere, gero eta gehiago dira modu problematikoan jokatzen duten emakumeen adina mutilenarekin berdintzen ari dela adierazten dute ikerketak. Horrekin batera, kontuan hartuta emakumeek joera handiagoa dutela bikotearekin, lagunekin edo familiakoekin batera jokatzen duten lehen jokoetan sartzeko, arreta berezia jarri beharko genioke jokorako arrisku goiztiar horri; izan ere, arrisku-faktore bat izan daiteke, gerora joko-nahasmendua garatzeko.

Zure doktorego-tesian azaldu duzunez, joko-nahasmenduren bat pairatzen duten emakumeek gizonek ez duten karga gehigarri bat jasan ohi dute, nagusiki, emakume gisa ‘egokitzen’ zaien gizarte-itxaropenak ‘ez betetzeagatik’. Zer nolako ondorioak izaten dituzte horregatik?

Gizarte eta familia mailan zehatuago daude. “Ama txarrak” edo “biziotsuak” izatearekin lotutako etiketak jasotzen dituzte. Horrelako etiketak, adibidez, ez dira gizonen artean ematen, ez behintzat modu berean edo garrantzi berarekin. Emakumeengandik ardura, zaintza, lasaitasuna… bezalako balioak espero dira. Horregatik, joko-nahasmendu bat izateak ez du bat egiten emakumeen genero-aginduei lotu dizkiegun rol eta jokabide horiekin. Horrek guztiak zuzeneko eragina du autoestimuan eta osasun mentalean eta, aldi berean, laguntza eskatu ahal izatea ere oztopatzen du.

“Gero eta gehiago dira modu problematikoan jokatzen duten emakumeen adina mutilenarekin berdintzen ari dela adierazten dute ikerketak.”

Ikusi ahal izan duzunez, joko-nahasmenduak dituzten emakumeak errehabilitazio-zentroetara joateko iheskorragoak dira. Zergatik?  

Galdera hau, nolabait, aurreko galderari emandako erantzunarekin erantzun daiteke. Errehabilitazio zentroetara joateko mesfidantzak azaltzeko aldagai nagusiak bi izango lirateke: estigma soziala eta joko-nahasmendua duten emakumeek izan ohi duten familia-laguntza eskasa. Gainera, kasu gehienetan, horrelako tratamenduetan izaten diren pertsona gehienak gizonezkoak dira. Kontuan izanik tratamendu horiek taldeka egin ohi direla, sarritan emakumeek ez dute terapian jarraitzeko behar izaten den ispilu-efektua.

Gainera, kontuan izan behar dugu joko-nahasmenduren bat duten emakume asko genero-indarkeriaren edo sexu-abusuen biktima ere izan direla. Hortaz, gizon talde baten aurrean horrelako esperientzien inguruan hitz egitea ez da gauza erraza eta, horregatik tratamenduan ez zaie irtenbiderik ematen.