Hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina

Urtarrilaren 21era arte, “Aztarna Garbiak” izeneko foru kanpainak Bizkaiko zazpi udalerri zeharkatuko ditu hondakinen murrizketa bultzatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak  herritarrak hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatzea helburu duen “Aztarna Garbiak” ekimena aurkeztu du. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat eginez, joko eta lehiaketa baten bidez, ekimenak lurraldeko zazpi udalerri zeharkatuko ditu urtarrilaren 21era arte, kontsumitzen ditugun produktuen gehiegizko bilgarrietan arreta jarriz.

“Aztarna Garbiak” berrerabilitako obrako bi edukiontzitan garatuko da, eta oihanean girotuta dago. Bi gune ditu, eta horietan beste hainbeste trebetasun-joko egingo dira taldeka. Ondoren, azken galdera-sorta egingo da esperientzia amaitu aurretik.

Joko eta galdera horien helburua da kontsumoa murriztearekin, produktuak edo materialak berrerabiltzearekin eta etxeetan hondakinak birziklatzearekin lotutako gaiak zabaltzea. Ildo horretan, erronkak planteatuko dira hondakinak dagokien edukiontzian uzteko orduan izan ohi diren akatsak, ontziak degradatzeko behar duten denbora, ozeanoen kutsadura eta “naturazaborra” (naturan barreiatutako zaborra) edo hondakinak birziklatuz sortzen diren produktuak ezagutzeko, besteak beste.

Aztarna garbiak

“Aztarna Garbiak” Bilbon izan da azaroaren 26ra arte. Abenduaren 1etik 3ra bitartean Sopelan izango da eta ondoren, Mungian (abenduaren 8tik 10era), Gernikan (abenduaren 15etik 17ra), Durangon (abenduaren 22tik 24ra), Balmasedan (abenduaren 29tik 31ra) eta Barakaldon (urtarrilaren 12tik 14ra) izango da.

Gune horretarako sarrera librea izango den arren, aldez aurreko erreserba-sistema bat ahalbidetu da karteletan agertzen den QRko https://www.aztarnagarbiak.eus/eu estekaren bidez edo, bestela, aurrez aurre, edukiontzien ondoan instalatuko den karpan.

Hondakinak murrizteko erronka

Ekimenak garrantzi handiko mezua zabaltzen du. Europar Batasunean erabiltzen diren plastikoen % 40 eta paperaren % 50 enbalatzeko erabiltzen dira, hau da, udal hondakinen % 36. Beraz, Europako Batzordeak enbalaje guztia 2030erako berrerabilgarria edo birziklagarria izateko helburua ezarri du, horrelako ekimenak abian jarriz gauzatuko den erronka oso garrantzitsua.

Horretarako, beharrezkoa da neurriak berehala hartzea. Erakundeen, enpresen eta ekonomiaren arloko neurriak, baina baita gizartearen arlokoak ere. Ekimen honen bidez, sortzen dugun hondakin kopurua murriztearen garrantziaz ohartarazi eta kontzientziatu nahi da, bereziki, bilgarriei lotutakoak.