“Mendebaldeko ikuspuntua auzitan jartzen lagundu digun bidaia izan da”

Laboral Kutxako ‘Bada beste mundu bat’ bidaian parte hartu duten gazteei egindako elkarrizketa

Laboral Kutxa eta Mundukide GKE-ren eskutik Ekuadorrera bidaiatzeko aukera izan duzue. Bertan, Amazonia eta waorani herriaren errealitatea ezagutzeko aukera izan duzue, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera duela gutxira arte harremanik gabeko herria zena. Nola bizi dira waoraniak? Nola antolatzen dira? Zer ohitura dituzte?

Laboral Kutxak eta Mundukidek Amazonian bizi diren waoraniak ezagutzeko aukera eskaini digute. Ez zen bide erraza izan, joateko, guztira, hamabost ordu egin behar izan baikenituen kanoa batean, eta beste hainbeste bueltatzeko. 

Waoraniei dagokienez, ezin ditugu denak poltsa berean sartu, komunitate bakoitza bere erara bizi baita. Egia da kultura eta tradizio batzuk partekatzen dituztela eta, gainera, kasu batzuetan, gizartearekin harreman handia dute, nahiz eta beste batzuk zibilizaziorekin kontakturik gabe bizi diren. Guk hainbat kasu ezagutzeko aukera izan genuen. Adibidez, bidaia osoa waorani batekin partekatu genuen. Bere kasuan gurasoak eta anaiak basoko komunitatean bizi dira, baina bera seme alabekin El Coca hirian bizi da. 

Bizi estiloari dagokionez, oso modu primarioan bizi direla esan daiteke; oihanean bizi dira, baliabide gutxirekin, eta naturarekin zuzeneko kontaktuan. Gurekin alderatuta bizitzaren inguruko ikuspegi guztiz ezberdina dute. Gu oso ohituta gaude une oro entretenimendua izatera, denboraren kontrol handia izatera eta bizitzan “bete beharreko” helburu batzuk jarraitzera. Beraientzat, berriz, komunitateko kide izatea eta naturarekin bizikidetza izatea oso garrantzitsuak dira.  

Zer da waorani herriaren kasuan arreta gehien piztu dizuena?

Tradizioek eta kulturak arreta handia piztu digute. Oihanean barrena nola ehizatzen duten erakutsi ziguten. Zerbatana eta xabalinak erabiltzeko aukera izan genuen; zuhaitzetara igotzen saiatu ginen, baina ez da dirudien bezain erraza. Sendabelarren inguruan duten jakinduria izugarria da, ia landare guztiek dute beraientzat erabileraren bat.

Kulturari dagokionez, beraien hizkuntzako zenbait hitz ikasi, eta dantzez eta abestiez gozatu genuen. Kultura oso ezberdina da hemengoarekin alderatuz, baina baita Ekuadorren dauden beste batzuekin konparatuz ere. 

Azken urteetan, eskulanari eman zaio balioa, eta berau izan da beren diru iturria. Naturak ematen dituen landareak erabiliz poltsak, belarritakoak, eskumuturrekoak eta bestelakoak egiten hasi dira, eta horrek emakumeari bultzada handia eman dio. Komunitateetan emakumeek betidanik garrantzi eta indar handia izan dute, baina zibilizazioarekin kontaktua izateak patriarkatua waorani taldeetan ezartzea ekarri du.

Zein da orain arte isolatuta eta gainerako zibilizazioetatik kanpo bizi izan diren waorani bezalako tribu indigena horien mehatxurik handiena?

Waorani komunitateen mehatxurik handiena petrolio ustiapenak izan dira betidanik. Enpresa horiek basoan txikizio handiak egin dituzte. Tribu horiek kontakturik izan baino lehen enpresa horiek basoan sartzen ziren petrolioa lortzeko. Gaur egun, komunitateak saiatzen dira enpresa horietatik urrun mantentzen, baina baliabide eta diru faltagatik kasu batzuetan alternatiba bakarra petrolio-enpresekin tratuak egitea da. 

Zein da waoraniek bere inguruarekin duten harremana? Nola zaintzen dituzte ingurunea eta bere bizibidea?

Natura bizileku eta bizibide dutenez, errespetu handiz zaintzen dute. Naturarekin batera bizi dira. Adibidez, zenbat urte dituzten jakiteko jaio zirenetik izandako uztak zenbatzen dituzte. Naturak eta inguruak eskaintzen dien guztia aprobetxatzen dute bizitzeko: hosto bat jateko plater bezala, landare batzuk sendabelar bezala, etxeak eraikitzeko zuhaitzak… Benetan ikusgarria da. Euskal Herrian naturak presentzia handia du gure egunerokotasunean, baina beraien kasuan bizitzaren erdigunean dute.

Waorani herria bisitatzeaz gain, Andeetan den Intag harana ere bisitatzeko aukera izan duzue. Ekuadorreko aberastasun biologikoko gune garrantzitsuenetako bat da, baina bere lurpean dauden kobre eta urre erreserbak ustiatzen dituen meatzaritzaren presioaren mehatxupean dago. Presio horren eragina ikusi ahal izan duzue?

Guk presio horretatik at dauden proiektuak ikusi genituen, baina beraiek azken urteetan bizi izan duten borrokaren nondik norakoak azaldu zizkiguten; benetan gogorra. Gainera, meatzaritza ustiaketak sortutako kalte naturalak ikusteko aukera izan genuen; ur jauzi poluituak, naturaren suntsipena… Intag munduko aberastasun biologiko handiena duten lekuetako bat da; Ekuador bera zerrenda horretako goialdean aurkitu dezakegu. Oso gogorra iruditu zitzaigun ikustea nola suntsitzen dituzten beraien bizilekuak eta beraien osasuna. Azkenean meatzaritzaren ustiapenek uraren poluzioa ekarri dute. 

Eskualdeko biodibertsitatea zaintzea helburu duten herri mugimenduak ezagutu al dituzue?

Bai, bidaiaren lehen zatian petrolio ustiaketaren aurkako mugimendua ezagutu genuen, eta bigarren zatian meatzaritzaren aurka zeuden komunitateak. Egia esan zirraragarria iruditu zaigu talde horiek duten naturaren aldeko kontzientzia. Gainera, kontutan izan behar dugu beraien bizilekuak defendatzen ari direla, baina, aldi berean, guztionak diren natura eta biodibertsitatea babesten dituztela. Eta bide horretan lanean bizia galdu duten pertsonen hainbat kasu ezagutu genituen. Petrolio ustiaketaren eremuan Alejandro Labaka fundazioa izugarrizko lana egiten ari da, alde batetik esplotazio horrek sortzen dituen kalte guztien aurka, baina beste alde batetik, waorani eta kichwa komunitateen defentsan, beraien hizkuntza, kultura eta bizimodua zabaltzen eta babesten. 

Bidaiaren bigarren zatian meatzaritzaren aurka antolatutako komunitateek martxan jarri dituzten eta natura errespetatzen duten proiektuak ezagutzeko aukera izan genuen. Adibidez Aloe Vera erabiliz xaboiak eta kremak egiten zituzten emakumeen komunitate bat ezagutu genuen. Bertan adin guztietako emakumeak antolatu ziren beraien ekonomia propioa izateko helburuarekin eta gizonengandik zuten dependentziarekin bukatzeko eta, hori guztia, biodibertsitatea errespetatuz.

Zeintzuk dira egin duzuen bidaiatik ekarri dituzuen ondorio edo zirrara nagusiak? Munduaren inguruan zenuten ikuspegia aldatu dizue?

Mendebaldeko ikuspuntua auzitan jartzen lagundu digun bidaia izan da. Taldekide guztiok uste dugu gure bizitza markatu duen bidaia izan dela, ahaztuko ez dugun esperientzia bat. Bakoitzak ikasketa desberdinak ekarri ditugu Euskal Herrira, eta gure bizitzan modu ezberdin batean eragingo dute, baina oso argi dugu naturaren babesa, komunitateen garrantzia, kultura eta hizkuntzaren aldeko borroka, feminismoaren garrantzia… inspirazio bat izan direla.

Nola izan zenuten Mundukidek eta Laboral Kutxak antolatzen duten egitasmo horren berri?

Laboral Kutxak aurrera eramaten duen komunikazio kanpainaren bitartez izan genuen egitasmoaren berri, bai sare sozialen bidez, bai etxeetara bidaltzen duten eskuorrien bitartez. Izugarrizko aukera dela iruditzen zaigu, eta datorren edizioari begira bi aldiz pentsatu gabe izena ematera animatzen dugu jendea. Bizitza markatzen duen esperientzia horietako bat da.