Kutxazainetan ere euskara aukeratu

Bost finantza erakundek urratsak eman dituzte euskararen erabilera sustatzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Azaroaren 17tik abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa erakundeetako kutxazain guztietan mezu bera agertuko da: “Kutxazainetan ere euskara aukeratu. Bai, oso erraza da ;)”.

Helburua da erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea eta haien beharrak hobeto asetzea, herritarrek nahi duten hizkuntzan erantzun ahal izan dezaten eta euskara erakunde horien lan-hizkuntza izan dadin. Horrela, bezeroei kutxazainak euskaraz erabiltzeko gonbita egiten zaie. 

Finantza-erakundeek, gainera, konpromisoa hartu dute euskararen presentzia sustatzeko eta bermatzeko parte hartzen duten edo laguntzen dituzten jardueretan eta proiektuetan, baita herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko konpromisoa ere. Kanpainak zabalkunde handia izango du, mezua 1.718 kutxazainetan ikusi ahal izango baita.

Euskara sustatzeko urratsak

Finantza-erakundeek eragin esanguratsua dute arlo sozioekonomikoan, eta euskararen erabilera sustatzeko eragile eta bide erakusle garrantzitsua dira. Horregatik, oso garrantzitsua da gizartean eta egunerokoan hain presentzia zabala duten erakundeek euskararen erabilera sustatzeko urratsak ematen jarraitzea.

Ez da, ordea, martxan jarriko duten ekimen bakarra. Gida bat banatuko zaie EAEko erakunde horietako langileei, 4.615 guztira, euskara erabiltzen duten erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Nafarroan, Laboral Kutxako eta Kutxabankeko langileek ere jasoko dute gida. Elkarlanean adostutako gida da, eta bost finantza-erakunde horietako langileek erabili ahal izango dute kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Gidak euskararen aldeko hautua egiten duten bezeroei arreta emateko jarraibideak ematen ditu, eta askotan gertatzen den estres linguistikoa saihesten laguntzen dio langileari.