Gazteen % 26k mugikorrarekin ordaintzen du egunero 

Gazteen artean hain ohikoak ez izan arren, ordaintzeko metodo nagusiak izaten jarraitzen dute eskudiruak eta txartelak

Gero eta hedatuagoa dago herritarron artean mugikorrarekin ordaintzeko ohitura. Oraindik ere eskudiruak eta txartelak ordaintzeko metodo nagusiak izaten jarraitzen duten arren, telefono mugikorren eta erloju adimenduen erabilera gero eta handiagoa da, bereziki, gazteen artean. Horrela, Espainiako Bankuak egindako “Eskudirua erabiltzeko ohiturei buruzko 2023 azterlanak erakusten duenez, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen % 26k egunero erabiltzen du mugikorra merkataritza-establezimenduetako ordainketetan, hau da, aurreko urtearekin alderatuta hiru ehuneko-puntuko igoera egon da.

Adin kontua

Txostenak pertsona helduagoen eta gazteagoen artean diren lehentasunen arteko aldeak azpimarratzen ditu, baita ikasketa-maila ezberdineko pertsonen artekoa ere. Horrela, 54 urtetik gorako pertsonak dira eskudiruarekin ordaintzeko ohitura handiena dutenak. 25 eta 44 urte artekoen artean, berriz, metodorik erabiliena txartela litzateke eta gazteagoen artean, esan bezala, gailu mugikorrak. Mugikorren erabilera 65 urtetik gorakoen artean % 1 ingurukoa baino ez da.

Batez beste, hamar ordainketetatik batean erabiltzen dira mugikorrak. Eskudirutan ordaintzea da, oraindik ere, herritar guztientzako ordainketa-metodo ohikoena. Eragiketen % 65 horrela egiten dira; 2022an baino puntu bat gehiago. Txartelen erabilera % 32an mantentzen da.

Adin-taldeei dagokionez, eskudirua da nagusi 65 urtetik gorakoen artean (% 74). Kopuru hori % 48raino jaisten da 18-24 urte bitarteko gazteen kasuan. 25-34 urte bitartekoen artean, berriz, txartela da ordainketak egiteko metodo nagusia: inkestatutakoen % 47k egunero erabiltzen du txartela.

Ikasketak

Ikasketa-mailaren arabera ere zenbait alde antzeman daitezke. Horrela, oinarrizko ikasketak dituzten herritarren artean eskudirua da gehien erabiltzen den ordainketa modua (% 75). Erdi-mailako eta goi-mailako ikasketak dituztenen artean, berriz, nabarmen egiten du gora txartelen erabilerak (% 36 eta % 41, hurrenez hurren). Goi-mailako ikasketak dituztenen artean mugikorraren erabilera altuagoa da (% 15)

Erosotasuna eta azkartasuna

Espainiako Bankuak azaldu duenez, “eskudirua erabiltzeko arrazoi nagusiak erosotasuna, ohitura eta gastuen kontrola dira. Txartelak eta mugikorra erabiltzeko arrazoi nagusiak, berriz, erosotasuna eta azkartasuna lirateke”.

Epe motzera, ez da aldaketa handirik espero eskudiruaren erabileran. Horrela, inkestatutako hiru pertsonatik bik dio antzekoa izango dela datorren urtean. Hautemate hori ezberdina da adinaren arabera. Horrela, 35 urtetik beherakoen % 39ren ustez eskudiruaren erabilerak behera egingo du. 64 urtetik gorakoen artean, aldiz, eskudiruaren erabilera jaitsiko dela uste dutenak % 16 baino ez dira.

Eskudiruari dagokionez, Espainiako Bankuaren txostenaren arabera, biztanleek batez beste 43 euro daramatzate billeteetan eta 6 euro txanponetan. Eskudirua eskuratzeko puntuei dagokienez, kutxazaina da lau herritarretik birentzat lortzeko iturri nagusia. Espainian, hamar pertsonatik zortzik eskura dezakete dirua kilometro bat baino gutxiagora; hala ere, dirua lortzeko puntuak 2022an baino “urrunago” daudela uste da.

Eskudirua lortzeko erabiltzen diren beste bi sistema nagusiak cash-back edo cash-in-shop eta Correos Cash lirateke, zerbitzu horien ezagutza herritarren artean oso zabalduta ez egon arren.