Dirurik gabe ordaindu

Koronabirusaren krisiak eguneroko hainbat errutina aldatuko ditu. Horietako bat, eta ez garrantzi txikiena duena, kontsumitzeko modua eta erositako produktuak eta erabilitako zerbitzuak ordaintzeko modua izango da.

Eskudirua koronabirusaren transmisio-bide bat dela ziurtatu ezin den arren, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) birusaren hedapena geldiarazteko egin duen gomendioetako bat txartelarekin edo contactless gailuekin ordaintzea da. Gainera, ordainketa-sistema hori saihesteak asko murrizten du bezeroaren eta langilearen arteko harreman fisikoa eta hori, une honetan, positiboa da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen (OCU) arabera.

Segur aski, hemendik aurrera, diruarekin dugun harremanean bi joera bizkortu eta nagusituko dira: alde batetik, banka elektronikoaren erabilera orokortu egingo da eta, bestetik, diru fisikorik gabeko ordainketak gehitu egingo dira.

Estatuan oraindik oso errotua dago eskudirutan ordaintzeko ohitura. Europako Banku Zentralak (EBZ) egindako azterlan baten arabera, 2016. urtean egindako eragiketen % 87 eskudirutan egin ziren, hau da, ordainketa-sistema guztiekin ordaindutako zenbateko guztien % 68.

Contactless teknologia

NFC komunikazioaren bidez kontakturik gabeko ordainketak egitea ahalbidetzen duen teknologia da contactless. Teknologia horri esker, txartelarekin ordaintzeko, datafonora hurbildu besterik ez da egin behar, eta ez da beharrezkoa txartela sartu eta zenbateko txikiko eragiketetan PIN-a markatzea. Txartelen % 67 contactless direla kalkulatzen da. 

Eta kontakturik gabeko ordainketa-sistema hori errazteko, finantza-erakunde nagusiek erabaki dute kontakturik gabeko edo contactless ordainketa-muga 20 eurotik 50 eurora handitzea aldi baterako, PINa tekleatzean terminala ukitzeko aukerak murrizteko.

Bistan da ordainketa-sistema hori askoz erosoagoa eta azkarragoa dela dirutan ordaindu behar izatea baino. Gainera, txartelekin, NFC duten mugikorrekin eta baita erloju adimendunekin ere contacless teknologia erabil daiteke. 

Nolanahi ere, txartelak ordaintzeko tresna gisa erabiltzea gero eta ohikoagoa da, eta asko hazi da azken urteetan, 2019an errekor berriak ezarriz. Espainiako Bankuaren arabera, iaz 4.536 milioi transakzio egin ziren txartelen bidez (2018an baino % 16,2 gehiago), 161.343 milioi euroren truke (% 9,44 gehiago). Hau da, iaz, batez beste, 12 milioi eta erdi ordainketa egin ziren egunean txartelarekin. Era berean, hainbat azterlanek adierazten dute 35 urtetik beherakoen gehiengoak nahiago duela txartelarekin ordaintzea.

Dirua kudeatu etxetik atera gabe

Banka elektronikoak ohiko banku-eragiketa gehienak etxetik atera beharrik gabe egiteko aukera ematen du. Gaur egun, oro har, banku-sukurtsal batean bertan egin daitezkeen ia eragiketa edo kudeaketa guztiak online egin daitezke, eragiketa edo zerbitzu oso zehatzak izan ezik, horietarako presentzia fisikoa beharrezkoa baita. Horregatik, ez da harritzekoa alarma-egoera dekretatu zenetik pertsona gehiagok eskatu izana bere finantza-erakundearekin telematikoki jarduteko gakoak. 

Urruneko kanal horretatik kontratatutako banku- eta aseguru-produktuak kontsulta daitezke. Gainera, ohiko eragiketa gehienak egin daitezke: saldoen intsuldaketak, transferentziak, ordainagiriak helbideratu eta itzuli, zergak ordaindu, txartelarekin ordaindutako erosketa baten ordainketa atzeratu, mugikorraren saldoa kargatu, txartelak itzali eta piztearekin txartelaren eragiketa mugatu, gestorearekin harremanetan jarri, etab. 

Gainera, finantza-produktuak ere kontrata daitezke (maileguak, txartelak, pentsio-planak, aseguruak…). Hori bai, produktu bat aurrez aurre edo modu presentzialean kontratatzen denean bezala, dokumentazio guztia arretaz irakurri behar da, eta berekin dakartzaten baldintza guztiak, alde onak eta txarrak eta eskakizunak ulertu behar dira. Zalantzarik izanez gero, egokiena da zure entitateari deitzea edozein zalantza argitzeko.

Ohikoena da banku elektronikora edozein gailu, mahai gaineko ordenagailu, tablet edo smartphone bidez sartzea. Gailu mugikorren kasuan, ohikoena eta erosoena da banku-erakundearen aplikaziotik bertatik eragiketak egitea.

Ordainketak telefonoarekin

Sakelako telefonoek erabilera ugari dituzte, eta horietako bat kreditu-txartela balitz bezala ordaindu ahal izatea da. 

Badira zenbait sistema eta plataforma, hala nola, Apple Pay (iOS sistema-eragilea duten gailuetarako), Google Pay (Android gailuetarako “irtenbide unibertsala”) eta Samsung Pay (marka horretako gailuetarako soilik), bezalako sistemek edozein erosketa ordaintzeko aukera ematen dute, smartphone bat TPV contactless sistemara txartela fisikoki eraman beharrik gabe hurbilduz. Horiek dira Estatuan hedatuen diren sistemak, baina ez dira bateragarriak banku guztiekin.Apple Pay, Google Pay edo Samsung Payrekin ordaindu ahal izateko, zure kreditu- edo zordunketa-txartela gehitu behar duzu, telefonoaren kamerarekin txartela eskaneatuz edo datuak eskuz sartuz.

Era berean, hainbat bankuk beren aplikazio mugikorrak dituzte, eta horiei txartel bat eslei dakieke saltokietan ordaintzeko, mugikorra terminalera hurbiltze hutsarekin.

Bizum

Estatuko merkatuan lan egiten duten 27 banketxek elkarrekin abian jarri duten ordainketak egiteko irtenbide berri bat da eta une honetan, ia 8 milioi erabiltzaile ditu.

Normalean, irtenbide hori banku-erakunde bakoitzaren aplikazioari lotuta dago. Hainbat entitatetako partikularren artean berehalako eta doako diru-transferentziak egiteko aukera ematen du Bizumek, mugikorraren bidez eta beste pertsonaren kontu-zenbakia jakin beharrik gabe. 

Orain minoritarioa den arren, sistema hori online erosketetara zabaltzen ari da eta etorkizunean dendetan ordaintzeko aukerara ere bai.

Bizum bereziki erabilgarria da, adibidez, koadrilarekin afaltzera joaten zarenean, lagunen arteko bidaietan edo pisukideen gastu komunak partekatzeko. Zerbitzu horri esker, hasierako dirua aurreratu duen pertsonari dirutan ordaintzea saihets daiteke.

MIKEL ARRIARAN
Laboral Kutxako ordainbideetako burua

Euskadin txartelen bidezko ordainketa oso hedatuta dago. Zure ustez koronabirusaren pandemiarekin gehiago erabiliko al dira? Eskudirua erabiltzeari utziko al diogu?

Nire ustez gure gizartea pandemiarekin kontzientziatuta dago eta agintariek iradokitako neurri guztiak hartzen ari dira Covid -19ren kutsatzea saihesteko. Gomendioetako bat txartelarekin ordaintzea edo mugikorraren bidez ordaintzea da eta aste hauetan ikusi ahal izan denez, txartelen erabilera hazi da, batez ere, koronabirusa iritsi arte normalean eskudirutan ordaintzen zen kopuru txikiagoko erosketetan.   

Azken hilabetean kreditu- edo zordunketa-txartelen erabileraren igoerari buruzko daturik?

Kontsumoa jaitsi egin da, nagusiki, funtsezkoak ez diren denda gehienak itxita daudelako konfinamendua dela eta. Nahiz eta premiazko saltokietako salmentak hazi eta on line salmentak berreskuratzen ari diren, oro har, ohi baino gutxiago kontsumitzen ari gara.  

Bestalde, sektoreko datuak erreferentziatzat hartuz gero, kutxazainetan egiten diren diru-irteerak gehiago murriztu dira (% 54) aurrez aurreko merkataritzako txartelarekin ordaindutakoak baino (% 46). Datu horrek erakusten digu txartelarekin egiten diren ordainketak eskudiruarekin egiten direnak baino ugariagoak direla. 

Nola baloratzen duzu mugikorraren bidez ordaintzeko aplikazioen zabalkundea? Herritarrek kreditu-txartel gisa onartu eta erabiliko dituztela uste al duzu?

Gaur egun, ordainketak egiteko metodo azkarragoak, seguruagoak eta erosoagoak bilatzen ditugu eta, horregatik, ordainketa digitaleko sistemek, adibidez, mugikorraren bidez egiten diren ordainketek, gero eta indar handiagoa dute. Gainera, berehalako transferentzien bidezko ordainketak ezartzeko aurrerapusuak ematen ari dira eta, horrek, eragin handia izango du.  

Suedian, Swish aplikazioa dela eta eskudirutan egiten diren ordainketak oso minoritarioak bilakatu dira eta 2023rako herrialde horretan eskudirua desager daitekeela uste da.  Hasi al da eskudirurik gabeko gizarte baterako atzerako kontaketa?

Erosketak ordaintzeko gero eta aukera gehiago ditugu eta, ondorioz, eskudirurik gabeko mundu bat gertu egon daiteke. Txartelek edo sakelako telefonoek ordainketa prozesua errazten dute eta horrek erabiltzailearen esperientzia hobetzen du. Gainera, agintariek ere eskudirurik gabeko mundu bat bultzatzen dute eta horregatik saltokietan txartelekin ordaintzea sustatzen dute txartelaren jaulkitzaileari laga beharreko truke-tasak erregulatuz edo saltokietan eskudirutan ordaintzeko mugak ezarriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.