Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 15 eta 34 urte bitarteko gazteen
% 80 konprometituta dago koronabirusaren krisiaren ondorioz ezarritako konfinamenduarekin. Kopuru hori % 85,7ra iristen da 30 eta 34 urte bitarteko pertsona gazteen artean. Era berean, % 90ek azaldu du koronabirusarekin lotutako albiste faltsuak jaso dituela, eta % 81,7k “aktiboki” egiaztatu du jasotako mezuaren egiazkotasuna.
Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak martxoaren 20tik, ostiraletik, martxoaren 29ra, igandera, (hots, konfinamenduaren hasieran) 15 eta 34 urte bitarteko euskal neska-mutilei egindako online inkestatik atera dira. Guztira, 3.482 inkesta egin dira aipatu aldi horretan, eta gehienak emakumeak izan ziren (% 70). Lagin autohautatua da, ez probabilistikoa. Hau da, inkestan parte hartu duten gazteak ez dira hautatuak izan; ostera, lagina osatzen dute inkestari erantzutea erabaki dutenek. Beraz, Gazteen Euskal Behatokiak onartzen du emaitzak ezin direla Euskadiko gazte guztietara zabaldu. Hala ere, parte-hartzaileen parte-hartze altuak konfinamenduaren hasieran gazteek bizi zuten egoeraren argazkia emango luke.
Inkestan jasotako datuen arabera, hamar gaztetatik zortzi konprometituta daude Covid-19 dela eta ezarritako konfinamenduarekin. Konfinemenduarekiko ardurak eta konpromisoak gora egiten du adinak gora egin ahala; horrela, 15 eta 19 urte bitartekoen artean konpromisoa azaltzen dutenen kopurua % 69,4koa den bitartean, 30 eta 34 urte bitartekoen artean % 85,7raino hazten da.
Txanponaren beste aldean inolako konpromisoa ez duten gazteak aurkituko lirateke. Kasu horretan, birusa geldiarazteko isolamenduaren beharrarekin bat datozen gazteak % 6,2 besterik ez dira, hots, hamarretik bat baino gutxiago.
Adinak gora egin ahala asperdura edo nagikeria sentimenduak ere jaitsi egiten dira. Horrela, 15 eta 19 urte bitarteko gazteen % 58,7k bi sentimendu horiek aipatu dituzten bitartean, 30 eta 34 urte bitarteko gazteen % 36,2k soilik aipatzen ditu.
Jokabide bera dute maitasunak eta samurtasunak bezalako sentimenduek, adinak aurrera egin ahala areagotzen baitira (% 41,7 20 urtetik beherako gazteen artean eta % 63,6 30 urtetik gorakoen artean); aldiz, sortutako egoerarekiko kezka eta beldurra (% 41,3k aipatua) maizago agertzen dira adinak gora egin ahala (% 52,8 30-34 urte bitartekoen artean, eta % 34,19 15 urte bitartekoen artean).
Eguneroko errutinak eta lanak
Etxean konfinatuta egotean, gazteek zenbait genero-estereotipo errepikatzen dituzte, etxeko jardueretan ematen duten denbora gehitzeari dagokionez.
Horrela, 24 urtetik beherako gizonen artean, konfinamenduan gehien hazi den jarduera loa da, eta, ondoren, garbiketa, eta etxea txukuntzea. Adin tarte bereko emakumeen kasuan, berriz, garbiketa, etxea txukuntzea eta loa dira, ordena horretan, gehien hazi diren hiru jarduerak.
Gazteen artean gehien hazi diren aisialdi-jarduerak honako hauek dira: lagunekin edo familiakoekin hitz egitea edo txateatzea, filmak edo telesailak ikustea, bideojokoekin jolastea eta albisteak irratian edo telebistan jarraitzea.
Gazteen erdiek baino gehiagok adierazi dute egun hauetan ohi baino gehiago garbitzen (% 55,8k lehen baino maizago egiten du), txukuntzen
(% 52,2) eta lo egiten duela (% 52,2). Hamarretik lauk konfinatu aurretik baino gehiago kozinatzen eta jaten dute.
Inkesta burutu zenerako, hamar gaztetik seik errutina bat ezarria zuen egunero, % 46,3k beren ekimenez, eta % 14,9k ikastegiaren laguntzaz. Gazteen % 36,1ek ez zuen errutinarik ezarrita konfinamenduaren lehen hamabostaldian.
Gazteen artean gehien hazi diren aisialdi-jarduerak honako hauek lirateke: lagunekin edo familiakoekin hitz egitea edo txateatzea (% 75,7k lehen baino gehiago egiten duela dio), filmak edo telesailak ikustea (% 68,1ek lehen baino gehiago egiten du), bideo-jokoekin jolastea (% 62,9) eta albisteak irratian edo telebistan jarraitzea (% 62,8). Gazteen artean telefonoaren erabilera masiboa den arren, gehienek ez dute iristen zaien guztia sinesten. Horrela, 15 eta 34 urte bitarteko gazteen % 91,7k dio koronabirusarekin lotutako amen-omenak jaso dituela, baina % 81,7k horiek egiazkoak diren ala ez egiaztatu du.
Ikasketez eta enpleguaz arduratuta
Egoera pertsonalari dagokionez, online inkestari erantzun zioten gazteen
% 64 ikasleak izan ziren; % 29,3, lanean ziren; % 3,5, langabezian; eta beste % 3,2, beste egoera batean.
Inkestatuen artean, etorkizun hurbilari buruzko kezka nabarmentzen da, bereziki, ikasturtearen ondorioei eta selektibitate-azterketei dagokienez. Gazteek senideak kutsatzeko beldurra, buru-eritasunen bat duten pertsonen eta genero-indarkeria jasan dezaketen emakumeen egoerarekiko kezka ere aipatzen dute.
Konfinamenduaren lehen hamabostaldian lanean ari zirenen artean, erdiak baino gehiagok telelana erabiltzen zuen (% 59,8), eta % 10,3k telelana eta formula presentziala konbinatzen zituen.
Era berean, koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz langabezian geratu direla adierazi dutenen artean (inkestari erantzun dioten langabetuen % 20,7k), enplegua berreskuratzeari buruzko ziurgabetasun-sentsazioa nagusitzen da, % 60k ez baitaki enplegua berreskuratuko ote duen.
Amen-omenen aurrean prebenituak
Halaber, inkestak aditzera ematen du gazteak ohartzen direla sare sozialen bidez amen-omen asko jasotzen ari direla, eta jarrera aktiboa erakusten dutela sare horiek hedatzen ez laguntzeko.
Inkestaren arabera, informazioa gehien kontrastatzen duten gazteak amen-omenak daudela gehiago ohartzen dira. Horrela, jasotako mezu askoren egiazkotasuna egiaztatu duten gazteak dira amen-omen asko jaso dituztela diotenak.
15-34 urteko gazteen erdiak baino gehiagok (% 55,1) adierazi dute koronabirusarekin lotutako amen-omen asko jaso dituztela. Beste % 36,6k adierazi du baten bat jaso duela eta % 3,0k bakarrik ez duela bat ere jaso. % 5,4k ez daki jasotako mezuren bat amen-omena zen ala ez.
Gazteen % 37,3k egiaztatu du koronabirusari buruz jaso zituen mezuetako asko egia ala gezurra ziren. Gazteen % 44,4k mezuren bat egiaztatu du, eta % 14,3k ez du mezurik egiaztatu.
Inkestaren arabera, informazioa gehien kontrastatzen duten gazteak amen-omenak daudela gehiago ohartzen dira. Horrela, jasotako mezu askoren egiazkotasuna egiaztatu duten gazteak dira amen-omen asko jaso dituztela diotenak.
Ostera, jasotzen zituzten mezuen egiazkotasuna kontrastatzeko beste iturri batera jo ez dutela dioten gazteak dira inolako amen-omenik jaso ez dutela gehien adierazi dutenak, eta gehien aitortzen dutenak ez dakitela jasotako mezuak egiazkoak edo benetakoak diren.
Covid-19-aren ondorio psikologikoak eta sozialak
Martxoaren 15ean konfinamendua hasi zen. Harrezkero, egun gutxitan gure bizimodua goitik behera aldatu da, eguneroko ekintza errazenek zein bizitzako arlo handienek izugarrizko aldaketak jasan behar izan dituzte. Aldaketa horiek abian jarri ahal izateko, gizarteak, egoera horri dagozkion ardura, konpromiso eta errespetua onartu dugu, guztion artean helburu bakarra lortzeko; birusarekin akabatzea gure ohiko osasun kalitatea eta bizimodua berreskuratzeko. Zoritxarrez, birus horren ondorioak laster ahaztu ote ez diren susmoa dut. Baina zeintzuk izango dira ondorio horiek?
Argi dago pandemia honek utzi dituen eta ekarriko dituen ondorioak gizarteko arlo guztietan bereizgarriak izango direla, baina testu honetan bi arlo garrantzitsuetan oinarrituko gara; COVID-19ren ondorio psikologiko eta sozialetan, hain zuzen ere.
Zenbait ordutan gizarte irekia, askea eta beroa izatetik gizarte itxia, askatasun mugatuarekin eta hotza izatera pasatu gara. Izugarria da nola gure odolean daramagun izateko moduari agur esan behar izan diogun gure inguruan maite ditugun pertsonak babesteko. Hori da gizakiak duen ahalmenik handiena, baldintza desberdinei egokitzeko gaitasuna biziraupena babesteko. Oraindik ez dakigu krisi honek ekarriko dituen ondorioak zehazki zeintzuk izango diren eta zenbat denbora behar izango dugun aurreko egoerara bueltatzeko. Hala ere, badakigu hainbat sektoretan aldaketak izango direla, horien artean, osasuna, hezkuntza, ekonomia, ostalaritza…. eta aldaketa horiek guztiek gure bizi kalitatean eta egoeran eragingo dute. Izan ere, posible da ikuspegi honek alde positibo bat ere izatea: bizitzako gauza nimiñoetan arreta jartzea, alegia. Gure beharrak asebete ezin ditugunean, behar horiei garrantzi handiagoa ematen diegu, alderantziz izan beharrean. Horregatik, baliteke, egoera horrek inflexio-puntua izatea bizitzako gauza ez-materialei arreta jartzeko (familia, besarkada bat, musu bat, lagunak, norberaren bakardadea…) baita gure eguneroko estresa eta pilotu automatikoari erlaxatu ditzan esatea gure bizitza osatzen duten pertsona, ekintza, denbora eta inguruez kontziente izateko. Ideia honek gaur egun hain garrantzitsua bihurtzen ari den Mindfulness kontzeptuarekin pareka genezake, iraganaz eta etorkizunaz ahaztea, oraingo momentu bakoitzari garrantzia emanez, orain inoiz baino gehiago ez baitugu jakingo “etorkizuna” nolakoa izango den.
Egoera honek, zenbait pertsonei lagunduko die haien bizitzetan atsedena hartzeko, egiteke dituzten gauzak amaitzeko edo beraien bakardadea eta emozioekin egoteko. Argi dago, egun hauetan zehar ehunka emozio izango ditugula egun bakar batean; guztiz normala da, frustrazio egoera da, egunak ez baitira pasatzen guk nahi genukeen moduan. Baina horrez gain, guztiok desberdinak gara eta pertsona guztiok ez ditugu bizitza egoerak, osasun fisikoa, osasun mentala, emozioak, pentsamenduak edo egoera hau kudeatzeko baliabide berdinak. Horregatik, konfinamendua amaituta eta pixkanaka-pixkanaka gure aurreko bizitza berreskuratuko dugun heinean, psikologook arreta handia jartzen diogu denboraldi horrek ekarriko dituen nahasmendu psikologikoen areagotzeari. Nahasmendu psikologiko horien artean, gehienak antsietate eta depresio nahasmenduak izango dira baita bikote-arazoak. Aldi berean, lan handia izango da haien familiarrei agurtu ezin izan duten pertsonekin, kudeatu gabeko doluak, alegia. Lau nahasmendu horiei garrantzitsua den bosgarren bat ere gehitu behar diogu, birusarekin lan egin duten osasun-langileen osasun mentalaren zainketa. Langile horiek egunero ikusi, bizi eta jasandako estresarekin lan egin behar izango dugu etorkizunean azal daitezkeen nahasmenduen garapena saihesteko.
Etorkizunean gure arretaren parte oso garrantzitsu bat osasunean jarrita egon behar du. Bereziki, osasun mental arloan lan egiten dugun pertsona guztiok prest egon behar dugu gure laguntza behar duten pertsona guztiei emateko, osasunean behar diren baliabide guztiekin. Birus hau ez da bakarrik gaur egun ikusten duguna; etorkizunean ere birusaren ondorioak modu egokian kudeatu beharko dira.