Nerea Galera: “Bizitza osoan gogoratuko dugun bidaia paregabea izan da”

Laboral Kutxako ‘Bada beste mundu bat’ bidaiaren onuraduna

Mundukide Fundazioari eta Laboral Kutxari esker Ekuadorreko errealitate andetarra eta amazoniarra ezagutzeko aukera izan duzu. Nola izan zenuen bidaia berezi horren berri?

Egia esan, albisteak ustekabean harrapatu ninduen. Lanean nengoen eta Mundukideren deia jaso nuen Laboral Kutxak hautatutako 30 lagunetako bat nintzela esateko. Onartu behar dut zalantzazko une bat izan nuela, baina azkenean animatu eta baiezkoa eman nuen. Deia ondoren, gero eta zalantza gehiago sortzen hasi zitzaizkidan, baina nik neure buruari errepikatzen nion ziurrenik elkarrizketen bidezko aukeraketan ez nindutela hautatuko. Horri esker lasaiago joan nintzen elkarrizketara eta, azkenean, bidaia egiteko hautatu ninduten. Hasiera batean ez nuen sinesten. Bera ere Laboral Kutxako bezeroa da, baina ez zuen izena eman uste zuelako horrelako gauzak ez direla inoiz egokitzen.

Zerk bultzatu zintuen horrelako esperientzia batean izena ematera?

Onartu behar dut izena eman nuenean ez nuela espero hautatua izatea. Horrelako egitasmotan parte hartzea gustuko duen pertsona naiz eta zenbait alditan sari txikiren bat egokitu zait. Kasu honetan, bidaia egin ahal izateko baldintzak hain errazak zirenez gero ez nuen zalantza izpirik izan eta berehala eman nuen izena. Prozedura oso erraza da, inprimaki bat besterik ez baituzu bete behar banketxean bertan; bost minutu baino gutxiagoko kontu bat.

Zein da bidaia horretatik ekarri duzun ikasketarik garrantzitsuena? Euskal Herrian bizi den gazte batentzat hain errealitate ezberdinak ezagutzeak berezia izan behar du, ezta?

Asko izan dira ekarri ditudan ikasketak, baina bat azpimarratzearren hiritarren parte-hartzea eta herriak duen indarra azpimarratuko nuke. Ekuadorrera joan baino lehen Euskal Herrian ‘borrokazaleak’ ginela uste nuen, baina han ikusitakoaren ostean asko dugula ikasteko esango nuke. Bereziki, azpimarratu nahiko nuke maite duten hori defendatzeko duten modu propioa: haien lurrak, etxeak, bizi-kalitatea…

Gure errealitatearekin zerikusirik ez duten bi errealitate ezagutzeko aukera izateak gure kulturan normalizatuta dugun horren inguruan hausnartzera bultzatu nau. Ekuadorren bizi izan dugunak, bertakoekin, haien etxeetan egonda… ikasketa hori aberastu du. Protagonistek estraktibismoaren aurka egiten duten defentsa entzuteak edo haien hezkuntza-estiloa eta sinesmenak ezagutzeak bizipen paregabea bihurtu du bidaia hau.

Amazonian Waorani herriaren errealitatea ezagutzeko aukera izan zenuen. Zer ikusi zenuen bertan?

Amazonian bizi izan dugun esperientzia nire kideekin batera bizi izan dudan esperientziarik izugarriena izan da. Aldizkari osoa beharko nuke han bizi izan dugun guztia azaltzeko. Hasteko, ibaitik sartzen ari ginen txalupatik tira egin behar izan genuen, ur eskasia zela eta trabatuta geratu ginelako. Gezurra badirudi ere, lehorteak gure bidaian eragin izugarria izan du eta ezin izan genuen Bamenora iritsi.

Kulturalki oso esperientzia aberasgarria izan da. Ezkontzez, erritualez eta waoranien ohiturez gozatzeko aukera izan dugu. Amazoniako ibilaldiez, arrantzan nola egiten zuten erakustaldiez edo waorani emakumeekin artisautza egiteaz gozatu ahal izan dugunez, haien kultura ondo ezagutu ahal izan dugu.

Horrez gain, hainbat animalia ikusi ahal izan ditugu: tapirrak, kaimanak, dortokak, tukanak, etab. naturan eta askatasun osoz. Hori bai, intsektuen gaiak beste kapitulu bat merezi du! Taldeko kide guztiek ez zuten gustuko haien konpainia. Adibidez, inurriak jan genituen eta nahiko zapore ona zutela onartu behar dut, limoiaren antzekoa. 

Eta Andeetan?

Andeetan, herrietan sartu nahi den erauzketa-mugimenduaren aurka borrokatzeko garatu dituzten proiektuak ikusi ahal izan ditugu. Eta bertakoek garatu dituzten kafe-eremuak eta energia berriztagarriko proiektuak ezagutzeko aukera ere izan dugu. Gastronomikoki oso bidaia berezia izan zen, besteak beste bizirik zeuden zizareak jan behar izan genituelako.

Andeetan bertakoen etxeetan lo egiteko aukera izan genuen eta haien istorioak entzun ahal izan genituen. Zaila egiten zait une bakar bat nabarmentzea, guztiak oso bereziak izan zirelako. El Rosalen, adibidez, genero desberdintasunari aurre egiteko proiektu oso polita garatzen ari dira. Napoles izeneko herrian bertako gazteekin izateko aukera izan genuen eta guretzat oso kontraste garrantzitsua izan zen.

Zer suposatuko du aurrerantzean zure bizitzan bidaia horretan ikasitakoak?

Pertsonalki ekuadortarren lasaitasuna eta indarra gogoratuko ditut beti. 20 egunetan zehar herrialde horretako zenbait eremu ezagutu ahal izan ditugu giza eskubideen, ingurumenaren edo genero desberdintasunaren ikuspegitik. Baina han ezagutu dugun bizimodua oso ona izan da gauza txikiak baloratu ahal izateko. Bertan bizi izan ditugun zenbait egoeren ondorioz egokitzeko dugun gaitasuna garatu behar izan dugu eta horrek pertsona gisa ere garatzeko aukera eman digu.

Etorkizunera begira Euskadiko gazteria horrelako ekimenetan parte hartzera animatuko zenuke? Zergatik?

Bai, noski! Lerro hauek irakurtzen dituen oro horrelako ekimenetan parte hartzera animatuko nuke, paregabeak eta ahaztezinak direlako. Ezagutzen ez dituzun beste hamar lagunekin hain desberdina den herrialde batera bidaiatzeko aukera izatea eta bertako jendea eta haien bizitza ezagutzeko aukera izatea oso opari handia da. Laboral Kutxa eta Mundukideren egitasmo hau ezagutu aurretik niretzat pentsaezina zen horrelako esperientzia bat bizi ahal izatea. Ez da bidaia turistiko bat izan; bizitza osoan gogoratuko dugun bidaia paregabea izan da.


Nerea Galera: "Bizitza osoan gogoratuko dugun bidaia paregabea izan da"

“BADA BESTE MODU BAT – BADA BESTE MUNDU BAT”

Mundukide Fundazioaren eta Laboral Kutxaren elkarlanaren fruitua da 2018an hasi eta aurten, hirugarren aldiz, burutu den bidaia solidario hau. “10 gazte, 20 egun, helburu bat” lelopean, Laboral Kutxako bezero gazte batzuek Ekuadorreko landa-eremuan bizi duten errealitatea ezagutzeko aukera paregabea izan dute. 

Bidai horren helburua izan da, Ekuadorreko biztanleen bizimodua ezagutzea eta bertan garatzen ari diren zenbait proiektu eta ekimen jasangarrien berri izatea. Aurtengo edizioan 1.500 gaztek azaldu dute esperientzia hau bizitzeko interesa.