Scroll gehiago, albistegi gutxiago

Ikusiker- Ikus-entzunezkoen Behategiaren azterlan batek agerian uzten duenez, Hego Euskal Herriko unibertsitarioen erdiak baino gehiagok sare sozialak erabiltzen ditu informatzeko. Gazteen % 70 ingururi tokiko albisteak interesatzen zaizkio, baina lau gaztetik ia hiruk (% 72) ez du euskarazko edukiak kontsumitzeko ohiturarik

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: Shutterstock.com
  Infografiak: Jose Poza
  Hitz kopurua: 1012
  Irakurketa denbora: 5 Minutu

Goizetan, Erizaintzako hirugarren mailan den Izarok Instagrameko Stories-ak begiratzen ditu autobusaren zain dagoen bitartean. Batzuetan, erakargarri egiten zaion lerroburu batek bideo labur batera edo X-ko hari batera eramaten du. Bere informatzeko errutinan albistegiek eta inprimatutako egunkariek ez dute lekurik.

Ikusiker- Ikus-entzunezkoen Behategiaren ‘Gazteak eta informazioa eta telebista’ txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko unibertsitarioen erdiak baino gehiagok ohiko telebista alboratu du informazio-iturri nagusi gisa eta sare sozialetara jotzen du. Udaberri honetan bertan egindako inkestaren arabera, inkestatutako 1.730 gazteen erdiak baino gehiagok (% 51) nahiago du YouTube, Instagram edo X-Twitter bezalako plataformen bidez informatu. Laurden batek bakarrik adierazten du telebista dela bere informazio-iturri nagusia. Internet, kategoria independente gisa, nekez iristen da % 10era eta hedabide inprimatuak eta tokikoak ez dira % 5era iristen.



EHUn eta NUPen egindako azterlanak tokiko informazioaren inguruan den interes handia azaleratzen du: gazteen % 70 inguruk gertuko inguruneko albisteak interesatzen zaizkiola dio. Hala ere, ia ehuneko berean (% 72), gazteek euskarazko edukiak ez dituztela kontsumitzen onartzen dute. Azterlanak ondorioztatzen duenez, gazteek ‘nahiko interesgarritzat’ jotzen dute kontsumitu ohi duten informazioa.

YouTube eta Instagram buruan

Digitalaren aldeko lehentasunetan genero-desparekotasun handiak ikus daitezke. Adibidez, gizon gazteen artean YouTube  (% 44,2) da nagusi eta 24,4 puntura Instagram dago. Emakume gazteen kasuan, berriz, Instagram da nagusi (% 29,8) eta YouTube 7,7 puntura dago. TikTok da lehentasunen artean hirugarren plataforma, erabilera handiagoa delarik emakumeen artean.

Ikasketa-mailak ere zuzeneko eragina du lehentasunetan. Maila aurreratuagoetako ikasleek YouTube erabiltzeko joera handiagoa dute. Lehen eta bigarren mailako ikasleen artean, berriz, TikTok da nagusi. Laugarren mailako ikasleek dute ehunekorik txikiena Instagramen ( % 17,8).

Plataforma digitalak nagusitzen ari diren arren, telebistak badu, oraindik ere, bere garrantzia informazio-iturri gisa. Ikasleen % 70 inguruk telebista ikusten du informazioa jasotzeko eta La 1 da (% 24,4) ETB2 (% 22,4) aurretik gehien aukeratzen duten katea. Kasu honetan ere, generoen arteko aldeak esanguratsuak dira. Adibidez, emakumeek nahiago dute ETB2 (gizonek baino 6 puntu gehiago). Gizon gazteen artean, berriz, gehiagok egiten dute ETB1en alde.

Laugarren mailako ikasleen artean nabarmentzen da bereziki ETB2ren kontsumoa, La1 aurretik kokatzen delarik. Datu horrek ez du bat egiten lehen eta bigarren mailako ikasleen artean jasotako datuekin. Kasu horretan, Tele5 eta ETB2ren aldeko lehentasuna nagusitzen da.

Zenbat eta maila akademiko altuagoa, orduan eta informazioarekiko interes handiagoa

Azterlanak agerian uzten duenez, unibertsitarioen ia erdiak, generoen arteko alde nabarmenik gabe, informazioa ‘nahiko interesgarri’ gisa baloratzen du. Ikasketa-mailan gora egin ahala, bereziki laugarren mailako ikasleen artean, informazioarekiko interesa areagotzen da. Maila horretako ikasleen % 28,8k dio informazioa asko interesatzen zaiola.

Ezagutza-eremuei dagokienez, Osasun Zientzietako ikasleak dira interes-maila altuena azaldu dutenak (% 60,7). Ingeniaritzako, Arkitekturako eta Zientzietako ikasleek, berriz, jarrera neutralagoa erakutsi dute. Joera hori tokiko informazioaren inguruan galdetu zaienean ere mantendu da. Hamar gaztetik zazpik tokiko informazioa interesatzen zaiola azaldu dute eta ikasketetan gora egin ahal kopuru horrek gora egiten du.



Ikasleen erdiak baino gehiagok nahiago ditu ikus-entzunezko albisteak idatzizkoak baino. Ikus-entzunezko edukiekiko lehentasuna handiagoa da emakume gazteen artean (% 60,8 eta % 49,2, hurrenez hurren). Hala ere, adinean gora egin ahala, informazioa kontsumitzeko ohiturak aldatzen dira: ikus-entzunezko edukien aldeko lehentasunak behera egiten du eta idatzizkoenak gora egiten du, nahiz eta ikus-entzunezkoak nagusi izaten jarraitzen duten. Idatzizko edukien inguruko zaletasuna handiagoa da Arteetako eta Gizarte Zientzietako ikasleen artean.

Sare sozialen sinesgarritasuna

Unibertsitarioek sare sozialekin informazio-iturri gisa duten harremanak zenbait ñabardura ditu. Adibidez, ikasleen  ia erdiak (% 47,7) dio horrelako plataformetan ikusten dituzten edukiak sinesgarriak direla eta % 40,2k horren inguruko zalantzak ditu.

Sare sozialek duten eraginaren inguruko pertzepzioa erabatekoa da: ikasleen % 91,9k uste du sare sozialek modu nabarmenean eragiten dutela jendearen iritzi eta jarreretan. Sinesmen hori hauteskunde-esparrura zabaltzen da non % 58,6k uste du sare sozialetan ikusitako edukiek botoa emateko erabakietan nabarmenki eragiten duen.

Informatzeko berariazko plataformen araberako lehentasunek patroi argiak erakusten dituzte. Instagram da nagusi emakumeen artean (% 39,4), TikTok gertu duelarik (% 32,2). Gizonek X-Twitter hobesten dute (% 42,2), Instagram bigarren postuan dagoelarik. TikTok-en erabilera nabarmen murrizten da ikasketa-mailan gora egin ahala. X-k, berriz, kontrako joera erakusten du eta laugarren ikasturteko ikasleen % 43,3ra iristen da.

Edukien motari dagokionez, erdiak baino gehiagok hedabide tradizionalek sare sozialetan partekatzen dituzten edukiak kontsumitzen ditu, emakumeek lehentasun handiagoa erakutsita (% 59,5 gizonezkoen % 47,7aren aurrean). Gogoko formatuak generoaren arabera aldatzen dira: gizonek X-ko hariak hobesten dituzte (% 22,7); emakumeek, berriz, Instagrameko stories-ak eta azpitituluak dituzten bideo laburrak aukeratzen dituzte.

Telebistak entretenitzen du

Ikasleen % 70ak telebista informazio-iturri gisa erabiltzen duen arren, eduki-lehentasunek beste lehentasun batzuk uzten dituzte agerian. Entretenimendua nagusi da lehentasunetan, batez ere emakumeen artean (% 50,8 gizonen % 25,9aren aurrean). Kirol-edukiek kontrako banaketa erakusten dute: % 21eko lehentasuna gizonen artean emakumezkoen % 4,9 aurrean. 

Telebista-kontsumoaren maiztasuna antzekoa da generoen eta ikasketa-mailen artean: % 73k telebista ikusten du, gutxienez, astean behin, % 26,9k egunero, eta % 10,6k ez duela telebistarik ikusten aitortzen du. Gazteen % 64k 0 eta 30 minutu artean eskaintzen die egunero albistegiak ikustera eta haien fidagarritasuna, hamarreko eskala batean, 7-8 notarekin baloratzen du.

Euskarazko edukien kontsumoa ez da oso altua. Inkestatutako gazteen ia hiru laurdenek aitortu dute ez dutela euskarazko edukiak kontsumitzeko ohiturarik. Ia heren batek dio gutxienez astean behin euskarazko saioren bat ikusten duela. Errealitate horrek topo egiten du gazteek gertuko edukien alde azaltzen duten jarrerarekin. Izan ere, 10 ikasletik 4k adierazi dute gertuko aktualitatea tokiko gertuko hedabideen bidez jarraitzea gustatzen zaiela. 

Tokiko telebistak, hala ere, barneratze eskasa du: lau ikasletik hiruk ez dutela inoiz horrelako katerik ikusten adierazi dute. Tokiko telebista-kateak ikusten dituzten gazteen artean, emakumeek entretenimendua (% 32) nahi dute eta gizonen artean erreportajeak eta albistegiak. Laugarren mailako ikasleak dira, bereziki, tokiko albisteen alde egiten dutenak.

Gora egiten du informaziorik nahi ez duten gazteak

Informazioaren aldeko interes orokorrak gora egin duen arren, ikasleen herenak albisteak nahita saihesten ditu arrazoi ezberdinengatik. Lau ikasletik hiruk diote informazioa ‘inoiz ez’ edo ‘gutxitan’ saihesten dutela. Laugarren mailako ikasleen artean, hala ere, informazio saihesteko joera handiagoa hauteman da.

 Zein da horretarako arrazoi nagusia? Gazteek azaldu dutenez, arrazoi nagusia (%21,5) gehiegizko informazioa da; zenbait kasutan, izugarria izan daitekeen asetasun-sentsazioa dutela onartzen dute. Bigarren arrazoi nagusia horrelako edukien kontsumoak eragiten dien ondoez sentsazioa da, bereziki, emakumeen artean. Gizonen artean, fidagarritasun eza ere aipatzen da.

Telebistaren balorazio orokorra, hamar puntuko eskala batean, zazpi puntukoa da ikasleen laurden batentzat. Generoen artean bada alde txiki bat: emakumeek 6 puntuko balorazioa emateko joera handiagoa azaldu dute; gizonen artean, gehien bozkatu den bigarren aukera 5 puntukoa da.