Euskal landa-eremuko gazteen erdiak baino gehiagok hazi zen tokian emantzipatu nahi du

Eusko Jaurlaritzaren txosten batek erakusten du lurraldearekiko errotzea sendoa dela landa-inguruneko gazteen artean, nahiz eta etxebizitzak, enpleguak, mugikortasunak eta zerbitzuek haien autonomia oztopatzen duten

Egilea: Lander Bolado.
Argazkia:  shutterstock.com.
Hitz kopurua: 272.
Irakurketa denbora: Minutu bat.

Euskal landa-eremuko gazteen % 91,8k dio etxebizitza eskuragarririk ez izatea dela emantzipatzeko oztopo nagusia, nahiz eta % 51,9k bere udalerrian bertan emantzipatu nahiko lukeen eta % 6,7k bakarrik hiri bat aukeratuko lukeen. Datu horiek Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak Urduñan aurkeztutako ‘Emantzipazioa Begiratzen. Gazteen emantzipazioa landa-eremuetan’ txostenetik datoz.

Euskadin, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 31 bakarrik dago emantzipatuta, eta pauso hori emateko batez besteko adina 29,8 urte da. % 70ek baino gehiagok onartzen du egiturazko zailtasunak dituela bizi-proiektu autonomo bat eraikitzeko; landa-eremuan, zailtasun horiek berezko ezaugarriak dituzte.

Egiturazko oztopoak

Etxebizitzaren ondoren, lan-aukeren eskasia (% 58,2), aisialdiko eta kulturako alternatibarik eza (% 21,6) eta oinarrizko zerbitzuen eskasia (% 19,7) dira oztopo nagusiak.

Txostenak, gainera, egiaztatzen du lana izateak ez duela bermatzen etxebizitza eskuratzea. Behin-behinekotasunak, soldata eskasek eta alokairu-eskaintza mugatuak udalerri txikietan bizi direnei eragiten diete bereziki.



Ibilgailu pribatuarekiko mendekotasunak, garraio publiko eskasak eta konektibitate-mugek are gehiago larritzen dute egoera.

Ziurgabetasuna eta familia

Ikerketak zalantzan jartzen du landa-eremuko gazteria bere ingurunetik aldenduta dagoelako irudia. Gehienek ez dute alde egin nahi, baizik eta gaur egun existitzen ez diren baldintzekin bertan geratu. Autonomiarako ilusioarekin batera, txostenak beldurra, antsietatea eta frustrazioa ere jasotzen ditu, eta ez du ekimenik eza bezala interpretatzen, ziurgabetasun-testuinguru baten erantzun gisa baizik.

Familiaren babesak funtsezkoa izaten jarraitzen du prozesu honetan: inkestatutakoen erdiak baino gehiagok dio familiak laguntza handia ematen diola, eta beste % 27,4k nahikoa laguntzen diola adierazi du.



Hala ere, txostenak ohartarazten du emantzipazioa familia bakoitzaren laguntza-ahalmenaren gain jartzeak gazteen arteko desberdintasunak eragin ditzakeela, haien familia-egoeraren eta egoera ekonomikoaren arabera.