Nafarroan bizi diren gazte migratzaileen ia % 20k diskriminazioren bat jasan du, bertako gazteen % 11rekin alderatuta. Ikastetxeak eta aisialdi-guneak dira diskriminazio hori gehien gertatzen den inguruneak.
Horiek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuak egindako ‘Gazteria eta migrazio-mugimenduak’ azterlanak jasotzen dituen datuetako batzuk.
Azterlana egiteko, 16 eta 30 urte bitarteko 701 gazteri egin zitzaizkien elkarrizketak. % 68 Nafarroan jaioa da, % 7,8 beste autonomia-erkidego batzuetatik dator, eta % 23,9 atzerrian jaioa da. Hamarretik ia hiruk Espainiatik kanpo jaiotako bi guraso dituzte.
Jatorria, hizkuntza eta erlijioa
Gazte migratzaileek adierazten dituzten diskriminazio-arrazoi nagusiak hitz egiteko modua, erlijioa edo sinesmenak eta janzteko modua dira.
Kultura-identitateari dagokionez, gazteen erdia baino gehiago Nafarroarekin identifikatzen da nagusiki; Espainiako identitatea bigarren postuan dago, eta jatorri migratzailea duten gazteen artean, berriz, familia-jatorriko kulturarekiko loturak pisu handiagoa du.







