Irungo Udaleko Gazteria Arloak, GazteARTEan, haurtzaroari, nerabezaroari eta gazteriari buruzko ikerketa-bekaren deialdi berria ireki du, 8.000 euroko diru-zuzkidurarekin. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko urriaren 5ean amaituko da.
2026ko abenduaren 31n 35 urte beteak ez dituzten gazteek aurkez dezakete eskabidea, banaka edo taldean. Proiektuko kide guztiek unibertsitateko gradua edo lizentziatura, edo Goi Mailako Heziketa Zikloko titulua izan beharko dute.
Zortzi hilabete proiektua gauzatzeko
Proposamenak ikerketaren gaia, planteamendua, helburuak, metodologia, kronograma eta beharrezko baliabideak zehaztu beharko ditu, gehienez 15 orriko memoria batean. Beka jasotzen duenak zortzi hilabeteko epea izango du, beka ematen zaionetik aurrera, proiektua garatzeko. GazteARTEanek bereziki baloratuko ditu Irungo gazteek ikerketa-prozesuan zuzenean eta modu aktiboan parte hartzea jasotzen duten proposamenak.
GazteARTEan bekak 8.000 euroko zuzkidura du haurtzaroari, nerabezaroari eta gazteriari buruz ikertzeko
Bekaren zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta 2019tik dago martxan. Orain arte bultzatutako ikerketek osasun mentala, sare sozialak, sexualitatea, LGTBIQ+ aniztasuna, jasangarritasuna, gazteen identitatea edo emantzipazioa jorratu dituzte, besteak beste, haurtzaroaren, nerabezaroaren eta gazteriaren errealitateari dagokionez.








