Gazteen Euskal Behatokiak kirol-jarduerari buruz argitaratutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren erdiak baino gehiagok astean hirutan edo gehiagotan egiten dute kirola.
Kirolaren praktika erregularra ohikoagoa da mutilen artean nesken artean baino, eta adinean behera egin ahala handitzen da. 2021. urtean bildutako datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko 10 gizonetik 6k kirol-jardueraren bat egiten zuten; adin horretako emakumeen artean, berriz, % 52,2k. Edozein kasutan, nabarmentzekoa da nesken artean kirol-jarduera areagotu egin dela; zehazki, 2012. urteaz geroztik % 23 egin du gora.
Adin-taldeei dagokienez, gazteenak dira kirol gehien egiten dutenak. Horrela, 15 eta 19 urte bitarteko gazteen % 58,7k kirola egiten duen bitartean, 20 eta 24 urte bitartekoen eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean ehuneko hori % 55 ingurukoa da. Azken horien artean nabarmen hazi da kirola egiteko ohitura 2012. urteaz geroztik.
Lurralde historikoen araberako banaketari dagokienez, Gipuzkoako gazteen ia % 60k egiten du kirola; kopuru hori % 55,8ra jaisten da Arabako gazteen artean eta Bizkaiko gazteen artean, berriz, % 54,6ra.