Sare sozialak dira nerabeen albiste-iturri nagusiak

Erresuma Batuan egin den ikerketa baten arabera, nerabeak ohiko albiste iturri nagusiak alde batera uzten ari dira

Ofcomek Erresuma Batuko nerabeekin egin duen azterlan baten arabera, gazteek ohiko albiste-iturriak baino nahiago dituzte sare sozialak eguneratuta egoteko. Zehazki, azterlanak ondorioztatu duenez, Instagram (gazteen % 29k erabiltzen du), TikTok eta YouTube (biak % 28rekin) lirateke nerabeen hiru albiste iturri nagusiak.

Tradizionalki nerabeen artean albiste-iturri nagusia izan diren BBC One eta BBC Two telebista kateak bosgarren posturaino jaitsi dira. Gaur egun gazteen laurden batek (% 24) erabiltzen du telebista berriak jasotzeko. Duela bost urte kopuru hori % 45ekoa zen, hots, ia bikoitza. Hori nerabeen artean bakarrik eman den fenomenoa da, aipatu kateak Erresuma Batuko biztanleria orokorraren albiste-iturri nagusiak izaten jarraitzen baitute. Hala ere, helduen artean ere gero eta gutxiago dira telebistara jotzen dutenak albisteen bila.

Aitzitik, 2020tik 2022ra bitartean, TikTok da edozein albiste-iturriren erabileran hazkunde handiena izan duena: 2020an Erresuma Batuko 0,8 milioi helduk (% 1) erabiltzen zuten kanal hori eta orain, berriz, 3,9 milioi helduk (% 7). Kopuru horiekin Sky News bezalako albiste-katearen parean kokatu da.

Kontuz irakurtzen dugun horrekin

Erresuma Batuan gertatzen dena gure inguruko herrialdeei aplika dakieke. Gero eta gazte gehiago joaten dira kanal horietara informatzeko. Badirudi gazteen eta influencer-en arteko loturan dagoela gakoa; hedabide tradizionalek lortzen ez dutena. Baina kontuz! Sare sozialetan aurki daitekeen informazio ez baita guztiz fidagarria. Adibidez, News Guarden ikerketa baten arabera, albisteei buruzko TikTok bideoen ia % 20k informazio okerra dute. Eta gazte asko ez dira gai benetakoaren eta faltsuaren artean bereizteko.