Azterlan batek agerian utzi du adingabeek ez dutela telefono adimentsuak erabiltzeko heldutasun eta prestakuntza nahikorik

Macsonrisasek berriki ezagutzera eman duen azterlan baten arabera, haurrak gero eta lehenago hasten dira telefono adimendunak, sare sozialak eta online jokoak erabiltzen. Aipatu azterlanerako datuak pasa den ikasturtean jaso ziren EAEn, Nafarroan eta Zaragozan. Horretarako, 740 saio egin ziren ikasleekin eta beste 102 gurasoekin eta 39 irakasleekin. Azterlana, nagusiki Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin egin da.

Azterlanaren emaitzak pandemiak izan duen eraginak baldintzatu ditu. Izan ere, lortutako emaitzen arabera, garbi ikusten da itxialdiaren ondorioz haur eta nerabeek gehiago erabili izan dituztela pantailak. Hainbat kasutan ohiko erabilera egunean 4 eta 7 ordu bitarteko izan da.

Lehen Hezkuntza

Lehen Hezkuntzako ikasleekin jasotako datuen arabera, haurrak gero eta lehenago hasten dira telefono adimenduak, sare sozialak eta online jokoak erabiltzen. Azterlanean ikusi ahal izan denez, LH4ko ikasleek egiten duten erabilera LH5 eta LH6ko ikasleek egiten dutenaren antzekoa da. Joera hori pandemia aurrekoa litzateke.

Lehen Hezkuntzako haurrek gehien erabiltzen dituzten aplikazioak WhatsApp eta TikTok dira. Gainera, horietako askok bere adinerako gomendagarriak ez diren online jokoetan ere aritzen dira. Gehien erabiltzen diren jokoak honako hauek lirateke: Among Us (+10), Fortnite (+12), Brawl Stars (+10) GTA (+18) eta Call Of Duty (+18). Gainera, azterlanean jaso ahal izan denez, zenbait kasutan  ezezagunekin ere jolasten dute aipatu jokoek horretarako aukera ematen dutelako. Macsonrisasetik azaltzen dutenez, LH mailako gazte askok oraindik ez dute ezezagunen hurbilketa desegokiak eta arrisku desberdinak antzemateko gaitasunik.

“Familiek, oro har, ez diote garrantzirik ematen heziketa digitalari eta pantailen gehiegizko erabilera eta kontrol eza ahalbidetzen dute”

Oro har, azterlanak agerian uzten du adin horretan normaltzat jotzen dutela telefonoa izatea eta hori hainbat orduz erabiltzea. Haientzat arraroa da telefonoa ez izatea edo hori ia ez erabiltzea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

DBHn jasotako zenbait datuk kezkatzekoak dira. Adinak gora egin ahala gailu elektronikoen erabilerak ere gora egiten du. Zenbait kasutan mendekotasun koadroak ere ikusi ahal izan dira. Gehiegizko erabileraz gain, erabilera ez-zuzenak ere hauteman dira, adibidez, eduki pornografikoen kontsumoa.

Adin horietan ere WhatsApp da gehien erabiltzen den aplikazioa. Ikerlanak erakutsi duenez, erabilera hori, zenbait kasutan, kaotikotzat jo daiteke. Instagram erabiltzeko joera ere nabarmena da.

Adin horretan ere teknologiaren erabileraren inguruko ezjakintasun orokorra antzematen da. Nerabeei eta haien familiei nerabeek “asko kontrolatzen” dutela iruditzen zaien arren, errealitatea oso modu oinarrizkoan erabiltzen dutela da eta ez dakite modu sakonago batean erabiltzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.