Euskadik bere ekoizpen zientifikoa bikoiztu du azken hamarkadan

Zientzia Euskadin 2022 txostenean jasotako datuen arabera, Euskadik % 16 handitu du bere ekoizpen zientifikoa pandemia aurreko produkzioarekin alderatuta

Ikerbasquek argitaratu duen Zientzia Euskadin 2022 txostenaren arabera, Euskadik bere ekoizpen zientifikoa bikoiztu du azken hamarkadan. Euskadiko ekoizpen zientifikoa, 7.846 argitalpenekin, % 3an hazi da azken urtean.Pandemia aurreko ekoizpenarekin alderatuta, berriz, igoera % 16koa da. Euskadiko ekoizpen zientifikoak izan duen hazkundea Estatuan batez beste izan dena baino handiagoa da. Une honetan Estatuko ekoizpen osoaren % 6,4 Euskadiri dagokio.

Aipatu txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Kalitateak ere gora egin du

Kalitate egiaztatuko nazioarteko komunikabideetan argitaratutako dokumentuen kopurua da ikertzaileen, ikerketa-taldeen, erakundeen eta sistema zientifikoen jarduera zientifikoa neurtzen duen adierazle nagusietako bat. Txostenak jasotzen duenez, euskal ekoizpen zientifikoaren kantitateak ez ezik, kalitateak ere gora egin du. Izan ere, prestigio handiagoa duten aldizkarietan (lehenengo kuartilekoak) argitaratu diren euskal ikerketen ehunekoa ere bikoiztu egin da azken hamarkadan. Gainera, 2021. urtean, lehenbizikoz, ekoizpen zientifikoaren % 60 baino gehiago izen handiko aldizkarietan argitaratu da.

Txostenak agerian uzten duenez, euskal ekoizpen zientifikoaren internazionalizazioa ere nabarmen hazi da. Zehazki, azken hamarkadan ia 15 puntutan hazi da, % 40tik % 55era, hain zuzen ere. 2021eko ekoizpen zientifikoaren % 15 bakarrik garatu da ikerketa-zentro bereko pertsona batengandik edo gehiagorengandik.

Era berean, Euskadiko ekoizpen zientifikoaren % 5 inguru patenteetan aipatzen da, ezagutza berria sortu zenetik hura aplikatu arte behar den denbora igaro ondoren.

Unibertsitateen ekarpena

Euskal unibertsitateek Euskadiko ekoizpen zientifikoaren ia bi herenetan parte hartzen dute (% 65). Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) da, zentzu horretan, euskal zientzia-erakunde nagusia, 2021ean ia 4.500 argitalpen indexatu eman baitzituen.

Deustuko Unibertsitatearen kasuan, bere ekarpena 2021ean, 500 dokumentutik gorakoa izan zen eta Mondragon Unibertsitatearen eta Tecnumen (Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritza Fakultatea) kasuan, berriz, 100-200 dokumentu ingurukoa.

Unibertsitateen ondoren, osasun sektorea, BERC (Basque Excellence Research Centre) eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC) eta zentro teknologikoak aurkituko lirateke. BERC zentroen ekoizpen zientifikoa, adibidez, nabarmen hazi da azken hamarkadan eta iaz zentro horien ekarpena 1.400 argitalpenetik gorakoa izan zen. Hasierako zentroetara (Donostia International Physics Centre eta UPV/EHUko bi zentro mistoak: CSIC, CFM eta Biofisika) beste sei zentro gehitu zaizkie eta, horri esker, Euskadiko ekoizpen zientifikoa indartu eta dibertsifikatu da. Gainera, unibertsitate sektorearen BERC zentroen, IKZ zentroen eta sektore biosanitarioaren eta teknologikoaren arteko elkarlana gero eta handiagoa da urtetik urtera.

Azken hamarkadan ia ez da aldaketarik izan Euskadin gehien ikertzen diren gai-eremuetan. Horrela, 2.000 argitalpen baino gehiagorekin, Medikuntza da gai-eremu nagusia. Jarraian, urtean 1.000 argitalpen baino gehiagorekin, Ingeniaritza, Materialen Zientziak, Fisika, Astronomia eta Kimika aurkituko lirateke.

Gainera, azken 10 urteotan Gizarte Zientzietako eta Giza Zientzietako produktibitatea nabarmen hazi da.

I+Gan egindako inbertsioa

Estatistika Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, Euskadi litzateke Estatuko autonomia erkidego guztien artean BPGrekiko I+G jardueretan gehien inbertitzen duena: % 2 baino gehiago. Nolanahi ere, zifra hori euroguneko I+Gko batez besteko inbertsioaren azpitik dago, BPGaren % 2,3koa baita. Alemania da Europako Batzordeak proposatutako % 3ko helburua gainditzen duen ekonomia handietako bakarra. Oso gertu herrialde nordikoak eta Erdialdeko Europako herrialdeak aurkituko lirateke, BPGaren % 2,5etik gertu edo gainetik. Mediterraneoko herrialdeek, berriz, I+G inbertsio apalagoa egin dute, % 1,5 ingurukoa. Espainia, adibidez, ez da inoiz kopuru horretara iritsi. 2020. urtean hazkunde garrantzitsua izan zuen arren, Estatuko inbertsioa % 1,4 ingurukoa da, Europako batez bestekotik urrun.

Autonomia Erkidegoei dagokionez, 2020. urtean Euskadi izan zen bere BPGrekiko inbertsio handiena egin zuena: % 2,17. % 2ko langa gainditu zuen erkidego bakarra izan zen eta Madril, Nafarroa eta Kataluniaren aurretik kokatu da. Aipatu erkidegoak dira Estatuko batez bestekoa (% 1,4) gainditzen duten bakarrak. Eustatek I+Gean egindako inbertsioen inguruan argitaratu dituen azken datuen arabera, 2021. urtean % 10eko igoera izan zen, 1.645 milioi euroko maximo historikora iritsiz.

2020. urteko I+G gastuan, adibidez, urtero bezala, Ingeniaritzan eta teknologian egindako inbertsioak nabarmendu behar dira, gastu osoaren % 70 inguru izan baita. Inbertsio horretatik, % 15 inguru oinarrizko ikerkuntzara bideratu zen. Garapen teknologikora bideratutako inbertsioa, berriz, % 40 ingurukoa izan zen eta ikerkuntza aplikatura, berriz, beste % 45.

Ikerkuntzaren itzulkina

Euskadi, iaz erakarri zituen 100 milioi euro baino gehiagorekin, autonomia-erkidego aitzindaria da Horizon Europe programatik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez. Horizon Europe programa EBko ikerketa- eta berrikuntza-jardueretarako funtsezko tresna da.

Euskadik, milioi bat biztanleko 45 milioi euro baino gehiagoko itzulkinarekin, ia hirukoiztu egiten du Espainiako batez bestekoa (16 milioi euro milioi biztanleko).

Horizon programaren barruan, Euskadin 42 ERC proiektu garatu direla azpimarratu behar da. Aurten jada 20 egitasmo daude abian. Ikerkuntzarako Europako Batzordearen ERC laguntzen bidez puntako ikerkuntza egitasmoak buru dituzten ikertzaileak laguntzen dira. Horrelako laguntzak lortzea bikaintasunaren adierazle bilakatu da eta nazioarte mailan aintzatespen handia dute proposamen asko aurkezten direlako eta laguntzak esleitzeko prozesua  oso zorrotza delako.

21.300 ikertzaile baino gehiago

Azken hamarkadan, Euskal Autonomia Erkidegoko komunitate zientifikoak gora egin du, bai ikertzaileen kopuruan, bai Dedikazio Osoko Baliokidetasunean (DOB). Adierazle honek I+G arloko jardueretan lanaldi osoan diharduten pertsonen kopurua zenbatzen du, baita zatikako lanaldian diharduten pertsonen denbora-tarteak ere.

2020. urtean, Euskadik lehenbizikoz gainditu du ikerketa-lanetan aritzen diren 21.300 pertsonen langa: 21.314. DOBean ikerketan dihardutenei erreparatuta, kopuruak ere gora egin du: 13.628. Datu horiek, ikertzaile kopuruaren goranzko joera finkatzen dute.

Datuak horiek aintzat hartuta, Euskadiko biztanleria aktiboaren % 2k ikerketan diharduela azpimarratu behar da. Hau da, 100 langiletik bik, osoki edo partzialki, sektore horretan egiten duten lan.

Ikerketan diharduten DOBeko langile-kopurua gehitzeko egin den etengabeko ahaleginaren ondorioz, Euskadin DOBean dagoen biztanleria aktiboaren % 1,29k ikerketan eta garapenean dihardu, eta honi esker, Euskadi eskandinaviar herrialdeen (Danimarka, Suedia, Finlandia eta Norvegia) atzetik kokatu da, eta Europako batezbestekotik (% 0,89) oinarrizko 40 puntura.

Euskadin ikerketa lanak burutzen dituzten pertsona gehienak unibertsitatean egiten dute lan. Askok enpresa pribatuetan eta enpresetako I+G unitateetan egiten dute lan.

Goi-mailako ikasketak dituzten biztanleen ehunekoari dagokionez, Euskadi da proportziorik handiena duen autonomia-erkidegoa. Izan ere, EAEko 25 eta 65 urte bitarteko biztanleriaren % 53,4k ikasketa maila hori du. Kopuru hori Estatuko batez bestekoa (% 39,7) baino nabarmen handiagoa da.

2020ean ia 500 pertsonak defendatu zuten beren doktoretza-tesia euskal unibertsitateren batean; aurreko urtean baino % 11 gehiago. 

Genero arrakala

Azken hamarkadan bere doktoretza-tesia defendatu duten euskal gizon eta emakumeen kopurua oso antzekoa izan da. Hala ere, Euskadiko komunitate zientifikoan izan den igoerak ez du genero arrakala murrizten lagundu. Ondorioz, 2020an, DOBeko emakumeen kopurua % 35ekoa besterik ez da eta ez da goranzko joerarik antzeman azken hamarkadan (% 2 azken 15 urteetan).

Adibidez, unibertsitate publikoko datuak aztertzen badira, ikerketa ibilbidearen lehen fasetan emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Baina kategorian gora egin ahala, aldea murrizten da. Horrela, 2020/21 ikasturtean, UPV/EHUko emakume katedradunen ehunekoa  % 25ekoa besterik ez zen izan.

Iruzkin 1
  • […] zuzendutako jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko programa eskaini du, euskal gizartea mundu zientifiko eta teknologikora erakartzea helburu izan […]

Iruzkinak itxiak daude...