Nafarroako 1.500 ikaslek ‘Euskaraz bizitzeko egonaldiak’ hezkuntza-programan parte hartuko dute

A eta D ereduetan ikasten ari diren ikasleek euskara ikasteko murgiltze-programa osatuko dute Arantzako eta Beintza-Labaieneko aterpetxeetan

Nafarroako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako A eta D ereduetako 1.500 ikaslek  aurtengo ‘Euskaraz bizitzeko egonaldiak’ programan parte hartuko dute. Programa urriaren 17an hasi da eta datorren urteko maiatzaren 5era arte luzatuko da. Programan parte hartzen duten ikasleek euskara ikasteko murgiltze-programa osatuko dute Arantzako eta Beintza-Labaieneko aterpetxeetan.

16 txanda

Ikasturtean zehar hamasei txanda izango dira: zortzi txanda udazkenean eta beste zortzi txanda udaberrian. Egonaldiak 3 eta 5 egun bitartekoak izango dira eta horietan ikasleek aukera izango dute beren komunikazio-gaitasunak areagotzeko, bereziki ikasgelatik kanpoko hizkuntza elkarreragina, testuinguru naturaletan eta jatorrizko hiztunekin. Horretarako euskaraz bizi diren bi udalerri aukeratu dira egonaldiak egiteko.

Gainera, programaren xedea da ikasleei bestelako hizkuntza estrategia eta baliabideak ematea, bizikidetza sustatzea, autonomia pertsonala hobetzea, euskal kultura ezagutzea eta natura zaintzen ikastea. Egonaldietan ikasleek herriko jendearekin, begiraleekin eta aterpetxean lan egiten duten horiekin euskaraz hitz egiteko aukera izango dute. Modu horretan, euskaraz aritzeko izan ohi dituzten oztopoak gainditzeko aukera dute eta euskaraz aritzeko konfiantza eta segurtasuna bereganatzen dute.

Programak bi ardatz nagusi ditu. Goizetan, eta ‘Kontrabandista’ izeneko talde txikiko dinamiken bidez, hizkuntza lantzen da. Arratsaldeetan, berriz, inguruneko jendearekin harremanak sortzen saiatuko dira ikasleak. Horretarako hainbat ekintza prestatuko dira: taloak prestatzeko tailerrak, baserriak bisitatu…