Beste behin, Bilboko Udalak eskola-komunitateari zuzendutako jarduera-programa bat jarriko du abian, ikasleek ezagutzak bereganatu, jarduerak garatu eta ohitura osasungarriak hartzeko gaitasunak izan ditzaten.
Guztira, Bilboko ikastetxe publiko zein pribatuetako LHko eta DBHko 5.500 ikasle inguru izango dira programan parte hartuko dutenak. Programaren barruan hainbat jarduera aurreikusita daude, hala nola, tailerrak edo antzezlanak. Horiei esker ikasleek bizitza ohitura osasungarriak jarraitzeko ezagutzak eta tresnak bereganatuko dituzte.
Hainbat gai
Lehen Hezkuntzako zikloaren barruan, 4. mailako ikasleek elikaduraren eta jarduera fisikoaren gaiak jorratuko dituzte. 6. mailakoek, berriz, hazkundeak eragiten dituen aldaketa fisiko, psikologiko eta sozialak aztertuko dituzte.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan, DBH 4ko eta Batxilergoko 1. mailako ikasleei Bihotz-biriketako Bizkortzeak egiten jakiteko tailerrak eskainiko zaizkie. Ikastetxe publikoetan bi tailer eskainiko dira: “Pubertatea: dena aldatzen da” (DBHko 1), eta “Nerabezaroa gaur” (DBHko 4). Itunpeko ikastetxeetan berriz, DBH3ko ikasleei “Osasun afektibo-sexuala” tailerra eskainiko zaie. Azken tailer hori oinarrizko graduko eta gradu ertaineko formazio-zikloetako ikasleei ere eskainiko zaie.
Mendekotasunak
Udalak adikzioak saihesteko programa bat ere eskainiko die ikastetxeei. Programa horren barruan, besteak beste, banan-banako aholkularitza eta gida, tailer indargarriak eta laguntzeko jolas-jarduerak eskaintzen dira.