Bullying-az haratago

Munduko 13 eta 15 urte bitarteko nerabeen erdiak jasaten du biolentzia gela-kideen aldetik, bai ikastetxeetan bai eskola inguruan. Hau da, 150 milioi haurren hezkuntza prozesua kolokan dago biolentziaren ondorioz. Datu latzak UNICEFen azken txostenak ezagutzera emandakoak iraileko eskola bueltarekin bat eginik. Izan ere, biolentzia mundu mailan gertatzen den zerbait da, baina desberdintasunak egon badaude herrialdeen artean eta garrantzitsua da berauek kontutan izatea biolentzia aztertzerako orduan: Yemen, Siria, edo Kongoko Errepublika Demokratikoan eskolak bonbardaketen helburu dira, xede armatu bihurtu dira azken urteotan (azken 27 urteetan gutxienez 70 ikastetxe tirokatu dituzte 14 herrialdetan); India edo Hego Sudanen, esaterako, eskolara bidean bortxaketak jasaten dituzte haur askok eta ibilbide arriskutsuak egin behar izaten dituzte egunero. Beste herrialde askotan, eskolan zigor fisikoak ez daude guztiz debekatuta eta honek 720 milioi haur arriskuan uzten ditu. Errealitateak errealitate, munduko haur gehiegirentzat ikastetxeak toki arriskutsuegiak dira gaur egun.

Biolentzia mota asko dago eta aipatzekoa da neskatoek biolentzia psikologiko gehiago jasaten dutela orokorrean, eta mutikoek mehatxu eta biolentzia fisiko gehiago. Bestalde, edozein biolentzia mota deusezteko lanean dihardugun erakundea gara eta esan beharra dago biolentzia mota asko daudela: haur eta nerabeen arteko borrokak, biolentzia armatua gerran dauden herrialdeetan, jazarpen sexualak, intimidazioak, presioak, azken aldian mahai gainean dauden bullying eta ziberbullying-a…

Biolentziak haurren ikasketa prozesuan eta ongizatean asko eragiten du eta ondorio larriak izan ditzake epe erdi baita luzera ere. Nerabeen etorkizunean eragiten du, uste baino gehiago. Biolentziaren aurka ez ekiteak oso koste altua dauka biktima eta erasotzaileen familiengan, ikastetxearentzat eta gizartearentzat. Haurren eta nerabeen autoestimuak behera egiten du, klasera joateko indizeek ere behera egiten dute eskola-absentismoa dela eta, eskola porrotak gora egiten du… eta, muturreko egoeretan, suizidioak gertatzen dira haur eta nerabeen aldetik.

Biolentziaren klika
Gurera etorrita, UNICEF Euskal Herriko Batzordeak 2017an ezagutzera emandako txosteneko datuen arabera, 2014/2015 ikasturtean ikastetxe publikoetako 12-16 urte bitarteko ikasleen %6,3 jazarpena jaso izana aitortu zuen eta %4,5 ziberjazarpena jasan izana (Haurren eta nerabeen egoera Euskadin. Euskal Itun baterantz). Biolentzia gure ikastetxeetan ere badago eta beroni aurre egiteko gida eta protokoloak ere badaude, baita haur eta nerabeei laguntzeko Zeuk Esan telefonoa (116111) moduko erremintak ere. Erabili beharreko tresnak kasu bakar bat ere gertatu ez dadin. Eta are gehiago gaur egungo mundu digitalean, zeinetan klik erraz eta arin batekin biolentzia asteko zazpi egunetara eta 24 orduan hedatu daitekeen. Izan ere, teknologia berriek aukera asko eskaini bai baina arriskuak ere badituztelako; berauen erabilera egokia ziurtatu beharra dago biolentziaren lekuko izan ez daitezen.

Eskolan biolentzia kasu bakar bat egotea nahikoa da arazo honi aurre egiteko. UNICEFetik planteatzen ditugun neurrien artean, aipatzekoak dira alde batetik inbertsio gehiago eta hobeto bideratuta egotea, prebentzio eta erantzun neurriak eta ikastetxeetako segurtasun neurriak indartuz, irakasleei formazioa eskainiz, geletan ematen den biolentziaz jabetzeko programak martxan jarriz; bestalde, garrantzitsua da gela barruetako kultura aldatzea, gizarteko agente guztien parte-hartzearekin (irakasle, enpresa, instituzio, ikasle, gizartea orokorrean…), eta horretarako ezinbestekoa da datuak eta informazio eguneratua izatea eta emaitza onak izan dituzten esperientziak partekatzea.

Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH 4 – GIH 16) eta Nazio Batuen 2030 Agendak ere beronen gain hartzen duten gaia da ikastetxeetako biolentzia, mundu mailako erronka. Haur eta nerabe guztiek baitaukate kalitatezko hezkuntza jaso eta eskoletan babestuta egoteko eskubidea. Biolentziarekiko tolerantzia zero eskatzen dugu.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.