Beti pentsatu izan dugu desleialtasuna zerbait izugarria dela. Izan ere, gaur egun, bikote-harremanak eteteko arrazoi nagusietako bat da. Normalean, desleialtasunaz hitz egiten dugunean desleialtasun sexualaz pentsatzen dugu, hots, gurea ez den bikotekide batekin izaten den sexu-harreman batean. Hala ere, desleialtasuna ez da soilik sexura mugatzen eta, hortaz, gero eta gehiago, desleialtasun emozionalaz ere hitz egiten da. Zertan datza desleialtasun emozionala? Desleialtasun mota horren ezaugarria da elkarreragin intimoa eta afektiboa izatea bikotekidea ez den beste pertsona batekin. Kasu horretan ez da zertan sexu-harremanik izan behar.
Hainbat pertsonen ustez horrelako harremanak ez dira desleialtasun gisa ulertu behar, baina beste hainbat kasutan harremana etetea eragin dezake. Gainera, zenbait pertsonentzat, desleialtasun emozionala desleialtasun sexuala baino okerragoa da. UCLA unibertsitatean egindako azterlan batek agerian utzi duenez, gizon heterosexualentzat desleialtasun sexuala emozionala baino okerragoa da. Ostera, emakume heterosexualentzat desleialtasun emozionala okerragoa litzateke.
Bete beharreko arauak
Esan bezala, desleialtasun mota horren inguruko eztabaida nabarmen hazi da azken urteetan, agian, egun dugun bizitza estiloaren eta sare sozialen erabileraren eraginez. Kontuan izan behar dugu bikote guztiek dituztela bete beharreko arauak, esplizituak zein inplizituak. Eta arau horiek urratzen direnean desleialtasun emozional baten aurrean gaudela esan daiteke.
Zaila da zehaztea zer den desleialtasun emozionala eta zer ez. Laguntza gisa honako jarrera hauek desleialtasun emozional baten aurrean zaudela adierazi ahal dute: zure bikotekidearekin baino, nahiago duzu zenbait une beste pertsona batekin partekatzea; amodio sentimenduak azaltzen dira; denbora eta energia bideratzen dituzu beste pertsona horrekin hitz egitera; harreman berezia duzu beste pertsona horrekin, bai zuzenean bai modu birtualean; gertatzen zaizun guztia zure bikotekideari baino nahiago duzu beste pertsona horri azaltzea; gustuko duzu goizean zein gauean agurtzea…
Bikote bakoitzak bere harreman propioak ditu. Hortaz, desleialtasuna bakarrik emango da bikotekide batek horrela sentitzen badu. Gauza bera esan daiteke desleialtasun sexualen kasuan; izan ere, zenbait harreman irekietan sexu-harremanak izatea ez da desleialtasun gisa hartzen.
Gainera, agerikoa bada ere, azpimarratu behar da desleialtasun emozionalek desleialtasun sexual batera eraman dezaketela. Era berean, desleialtasun sexual batek desleialtasun emozional batean amai daiteke. Hala ere, ez dago zuzeneko harremana bien artean, bata bestea gabe eman daitekeelako.