“Egin nirekin euskaraz!” lelopean, UEMAk euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia egiten duen kanpaina jarri du martxan. Euskal Herrian asko dira euskaraz egiten duten atzerritar jatorriko pertsonak, baina, azalaren koloreagatik edo aurreiritziengatik, gainerako euskaldunek pertsona horiei erdaraz hitz egiteko joera dute.
Kanpaina berria Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoan oinarritzen da. Egitasmo hori Zaldibian jarri zuen UEMAk martxan HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera. Izan ere, udalerri horretako ikasleen heren bat inguru atzerritik etorritako gurasoen seme-alabak dira. Zaldibian hasitako bidea beste udalerri batzuetara zabaldu da azken bi ikasturteetan. Egitasmo horretan egindako lanari esker ikusi ahal izan da, oraindik ere, aurreiritziek indar handia dutela eta bertako euskaldunok atzerriko jatorria duten euskaldunei erdaraz zuzentzeko joera izaten jarraitzen dutela.
Euskarak kolore asko ditu
Kanpaina berriaren xedea da euskarak kolore asko dituela nabarmentzea. Horrela, azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak eta, horrekin batera, herritar horiei ere euskaraz hitz egiteko eskatu nahi da. Izan ere, Ibarran egin den kanpainaren aurkezpen-ekitaldian azaldu zen moduan, “euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea ere ukatzen digute zeharka, nahi gabe izan arren”.