Gaur aurkeztu da Bilbon azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia ekimena. Hilabete luzetan prestatzen ari diren arren, Euskaraldian izena emateko epea jada zabalik dago eta bilbotarrei dei egin zaie ‘ahobizi’ edo ‘belarriprest’ rolak aukeratuta, hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa handi honetan parte hartu dezaten.
Aurkezpen- ekitaldian Bilboko Euskaraldiaren antolaketan ari diren Eli Carrascosa eta Iker Martinez de Lagos batzordekideak, Bilboko Udaleko Euskara zinegotzi Koldo Narbaizak eta Irala eta Errekalde auzo batzordeetako ordezkari diren Alex Barandiaranek, Amaia Andonegik eta Garazi Lopez Bengoetxeak parte hartu dute. Euskaraldia euskararen erabilera bultzatu, hizkuntza ohiturak astindu eta ditugun inertzia linguistikoak apurtzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute. Duela bi urte egindako lehen edizioan bezala, bi rolak hautatuko dituzten herritarrak izango dira aurtengo ekimenaren protagonistak. Horretarako gutxienez euskaraz ulertzeko gaitasuna duten 16 urte baino gehiagoko bilbotarrek ariketan zehar zein rol jokatuko duten erabaki beharko dute, beraien hizkuntza ohiturak aztertuz eta aukeratu ondoren, Euskaraldiak irauten duen bitartean rol bakoitzak dituen jokaerei eutsiz.
Antolatzaileek gogoratu dute bi rolak ez daudela euskaraz aritzeko gaitasunari lotuta, bakoitzak Euskaraldian zehar hartuko duen jokaerari lotuta, baizik. Eta horretarako, rol bakoitzaren ezaugarriak gogora ekarri dituzte:
- Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira ‘belarriprest’, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
- Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ‘ahobiziek’. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
Parte hartzeko deia lehen edizioan parte hartu zuten 17.000 ahobizi eta belarriprestei egiteaz gain, duela bi urte arrazoi ezberdinengatik parte hartzerik izan ez zuten herritarrei luzatu diete agerraldiko bozeramaleek. Norberaren hizkuntza praktikak aztertu eta, aurtengo Euskaraldiaren leloak dion bezala, euskara “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” egiteko nahia duten guztiek ekimen honetan lekua dutela azpimarratu dute Bilboko Euskaraldia batzordeko, auzoetako batzordeetako eta Bilboko udaleko ordezkariek.
Bilbon euskaraz blaitu
Antolaketa prozesuan Bilboko Euskaraldia batzordeaz gain, auzoz auzo kolaboratzaile sarea antolatu da. Lehen edizioan egin zen bezala Bilboko txoko guztietara heltzea da batzordekideen helburua eta norabide horretan ari dira lanean sustatzaileak.
“Bilbon euskaraz blaitu” lelopean, batzordeak eta Euskaraldiaren antolaketan ari diren boluntario sareak hurrengo asteetarako izen-ematea bultzatzeko ekimenak antolatzen ari direla aipatu da prentsaurrekoan. Hitzaldiak, kultur ekitaldiak eta auzoz-auzoko ekimenak egongo direla iragarri da. Hiru hitzorduren informazioa aurreratu da: urriaren 31an egingo den “Bilbon euskaraz blaitu” ekitaldia, urriaren 15ean Deustuko Hizkuntza Eskolako aretoan Kike Amonarrizek eskainiko duen hitzaldia eta azaroaren 5ean Pello Jauregik Arrupe etxean egingo duen hitzaldia. Hurrengo asteetan ekimenaren gaineko informazioa eta gainontzeko hitzorduen berri Bilboko Euskaraldiak dituen sare sozialen bidez zabalduko da.
Bigarren edizioaren berritasun modura era guztietako entitateek Euskaraldian parte hatzeko aukera zabaldu dela ere gogora ekarri da prentsaurrekoan. Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin zaie enpresa, erakunde, elkarte eta bestelako kolektibo antolatuei. Arigune izena hartu duten espazio horietan euskaraz aritzeko aukera askea egongo da, gune horietako partaide guztiek izango baitute gutxienez euskara ulertzeko gaitasuna, ahobizi edo belarriprest modura parte hartuko dutelako kideek eta gehiengoaren oniritzi eta erabakimenarekin osatutakoak izango direlako. Bilbon dagoeneko 300 arigunetik gora osatu direla azaldu da.
Informazio puntua irekita
Euskaraldiaren inguruko informazioa zabaldu eta materiala eskuratzeko gune bat zabaldu da Goienkale / Somera kaleko zortzigarren zenbakian. Hurrengo asteetan zehar Euskaraldian izena emateko, ekimenaren inguruko informazioa jaso edo zalantzak argitzeko eta ekimenerako materiala banatzeko gune horretara jo ahal izango dute bilbotarrek.
Era berean, auzo ezberdinetan sortu diren batzordeek informazio mahaiak jarriko dituzte hurrengo asteetan, bertan ere izena eman ahal izateko.
Izena emateko lau modu daudela azaldu da azkenik:
- www.euskaraldia.eus webgunearen bidez
- Telefono mugikorretarako sortu den Euskaraldiaren aplikazioaren bidez
- Goienkale / Somera kalean jarritako informazio gunean Auzoz-auzo antolatuko diren ekimen eta informazio mahaietan