Gazteen Euskal Behatokiak pasa den urtearen amaieran 1.200 gazterekin egindako azterlan baten arabera, egun 25 eta 34 urte bitartean dituzten gazteek bere gurasoek baino ikasketa maila altuagoa dute. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aipatu adin tarteko gazteriaren % 51k goi mailako ikasketak burutu ditu, hots, Lanbide Heziketako Goi Zikloa edo gradu edo graduondo (master edo doktoretza) mailako unibertsitate ikasketak. Adin tarte horretan diren gazteen beste % 40, berriz, derrigorrezko ikasketen ondorengo mailan geratu da, hau da, batxilergoan edota Lanbide Heziketako Ziklo Ertainean. Aldiz, gazteen % 9ak derrigorrezko ikasketak soilik burutu ditu (egungo DBH edo aurreko OHO).
Azterlan honek emandako datuen arabera, gurasoen ikasketa mailak bere seme-alaben ikasketa mailan eragin zuzena duela ondoriozta daiteke. Horrela, aitak soilik derrigorrezko ikasketak dituenean seme-alaben % 42k goi mailako ikasketetara iristea lortzen du, baina, aldiz, aitak goi mailako ikasketak dituenean maila honetara iristen diren gazteen ehunekoa 77 puntutaraino hazten da. Antzeko kasua ematen da amaren ikasketa maila aztertzen bada. Amak soilik derrigorrezko ikasketak dituenean seme-alaben % 43k goi mailako ikasketetara iristea lortzen du baina amak goi mailako ikasketak dituenean maila honetara iristen diren gazteen ehunekoa 78 puntutaraino hazten da. Gurasoek goi mailako ikasketak izanik maila honetara iristen ez diren gazteen kopurua % 2 koa da.
Aitak eta amak osatutako ikasketa-mailak bateratzen baditugu, ikus dezakegu guraso biek derrigorrezko ikasketak dituztenean, 25-34 urte arteko seme-alaben % 85ek gurasoen ikasketa-maila gainditzen dutela eta, are gehiago, % 40k goi-mailako ikasketak dituztela.
Horrela, adieraz daiteke gurasoek lortutako ikasketa-mailak eragina duela seme-alabek osatutako ikasketetan, baina, gurasoen ikasketa-mailak ez du zeharo mugatzen seme-alabena. Gurasoek seme-alabei prestakuntza akademikoa emateko egindako esfortzuari esker, seme-alabek ikasteko interesari esker eta baliabide ekonomiko gutxiago duten gazteak bigarren eta goi-mailko ikasketak egin ahal izateko bideak jartzen dituen Hezkuntza sistema publikoari esker, Euskadiko gazteek aurreko belanauldikoek baino ikasketa-maila askoz altuagoa dute.