Hiri-hazkundea eta biodibertsitatearen galera

Hirien hazkundea mehatxu bat da gure planetan bizi diren ornodun espezie guztien heren batentzat. Yaleko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek martxoan PNAS aldizkari zientifikoan argitaratu duen azterlan baten arabera, urbanizatzeak zuzenean 855 espezie mehatxatzen ditu. 

Ikerlan horren arabera, datozen 30 urteetan, munduko hiri-populazioa 2.500 milioi pertsonatan haziko da. Zabalkunde horren ondorioz, 1,53 milioi kilometro koadro gehiago urbanizatuko dira. Hiri-hedapen hori, seguruenik, giza jardueraren ondorioz suntsitzeko arrisku handia duten espezieetan aberatsak diren eremuetan gertatuko da. Arriskuan jarriko lirateke hainbat espezie, horietako asko dagoeneko desagertzeko zorian daudenak, eta ekosistema horietan bizi diren animalien habitataren laurdena ere suntsi liteke.

Azterlanaren arabera, aztertutako 30.000 animalia-espezieetatik % 3 inguru 2050. urtea baino lehen desagertzeko arriskuan egon daitezke, giza jardueren hedapenaren ondorioz. Hirien hazkundeak gehien mehatxatzen dituen taldeak narrastiak eta anfibio endemikoak izango lirateke, planetako leku jakin batzuetan baino ez daudenak. Eta espezieak galtzeko arrisku handiena duten eskualdeak Saharaz hegoaldeko Afrikako zona tropikalak eta Hego Amerikako eta Asiako hego-ekialdeko eskualde batzuk izango lirateke.

Otsailaren amaieran, Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) jada biodibertsitatea galtzeko “arrisku handia” zegoela ohartarazi zuen. Erakunde horren azken txostenaren arabera, 2100. urterako planetako batez besteko tenperaturak industriaurreko mailarekin alderatuta 5 °C-tik gora egiten badu, espezieen % 48 desager daiteke. 

Kasurik onenean, nazioarteko komunitateak Lurraren berotzea 1,5 ºC-tik behera eustea lortuko balu mendearen amaierarako – neurri sendoagorik hartu ezean Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak 2040. urtea baino lehen muga hori gaindituko dela aurreikusten du –, desagertzeko arrisku handia duen lurreko espezieen kopurua % 18 izango litzateke.