Bere potentzia handitu ostean Donostia International Physics Center-en (DIPC) den Hyperion izeneko superordenagailua Estatuan den hirugarren ordenagailurik ahaltsuena bilakatu da. 14.000 nukleo eta 150Tbeko RAM memoriarekin, Hyperionek laguntza handia eskainiko dio Euskadiko I+G sektoreari, zerbitzua emango baitie Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko ikertzaileei. Zehazki, sare erabiltzaileak bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak (BERC), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC nanoGUNE edo CIC biomaGUNE), Biogipuzkoa bezalako ikerketa sanitarioko zentroak edo Tecnalia bezalako zentro teknologikoak hartzen ditu.
2017. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 5.925.000 euroko inbertsioa egin du superkonputaziorako ekipamendua erosteko eta hobetzeko. Horietatik, 2,8 milioi Hyperion eraiki eta martxan jartzeko erabili dira.
Superordenagailu berriak euskarri informatikoa eskainiko die hainbat ikerketa-proiekturi, hala nola, galaxien eraketaren simulazioa; material berrien portaeraren azterketa; edo, teknologia kuantikoen, adimen artifizialaren eta kimika konputazionalaren garapen-proiektuak. Izan ere, Hyperionek arazo konplexuei aurre egiteko gaitasun handia du, prozesatzeko duen gaitasun handiari esker, arazo konplexu horiek zeregin errazagoetan deskonposatzen baititu.