Euskaraz filmatutako pelikulek ez dute sarritan oihartzun handirik lortzen, baina ‘Loreak’ filmaren kasuan Goya Sarien Pelikula Onenaren saria irabazteko izendatu zaituztete. Sorpresa izan al da izendapen hori?
Guretzat, neurri batean, sorpresa izan da. Izendatuen zerrenda atera aurretik, kiniela antzeko batzuk egiten dira eta gure pelikula faboritoen artean azaltzen zen, bai pelikula onenen artean eta baita zenbait aktoreen kasuan edota musika dela eta. Horregatik, izendatuak izateko esperantza txiki batzuk genituen. Dena den, kategoria desberdinetarako izenak hedabideetan azaltzen hasi zirenean eta gure pelikula espero genezakeen zenbait kategoriatan ez zela ikusi genuenean itxaropena galtzen hasiak ginen
Gainera, Kaliforniako Palm Springs zinemaldian ere saritua izan da ‘Loreak’ filma…
Bai, hala da eta, gainera, gauza bitxia gertatu zaigu bidaia horretan. Izan ere, bertan ginela Goya Sarirako izendapenaren berri izan genuen eta etxerako bueltan, berriz, Palm Springs-eko zinemaldian sarituak izan garenaren berri jaso dugu. Kasu bietan, beraz, lekuz kanpo harrapatu gaituzte, baina biek poztasun handia sortu digute, egia baita euskal zineak ez duela omen handirik eta horrelako izendapenek euskal zinea nabarmentzen laguntzen dute hedabideetan oihartzun handiagoa dutelako.
Zuen pelikulak oso kritika onak jaso ditu. Horrek, nolabait, euskaraz ere kalitatezko zinea egin daitekeela frogatuko luke? Zein puntutaraino da garrantzitsua zein hizkuntzatan filmatzen den pelikula bat?
Gure ustez, euskara hizkuntza gutxitua den heinean, oso garrantzitsua da pelikulak euskaraz filmatzea. Izan ere, euskara gizarteko beste hainbat esparrutan normaltzat hartzen den bezala zinean ere normaltzat jo beharko litzateke. Garbi dago hiztun kopuru handia ez duen hizkuntza izanik merkaturatzeko arazo handiagoak izaten direla, batez ere, Espainiako merkatuan. ‘Loreak’-en kasuan, espainiar merkaturako filma gazteleratu dugu zine aretoetan ikusle gehiago izateko. Baina atzerrian ez da arazo hori izaten. Kontutan izan behar dugu, atzerrian, pelikulak jatorrizko hizkuntzan botatzen dituztela, azpitituluekin. Kasu horietan, jatorrizko hizkuntza ez da traba izaten eta, zenbait kasutan, filma jatorriz euskara bezalako hizkuntza batean izatea deigarri egiten zaie.
Zinea, hein handi batean, industria denez, pelikula baten arrakasta, kritiketan baino gehiago, aretoetara joaten diren ikusle kopuruan neurtu izan ohi da. Zer nolako harrera izan du ‘Loreak’ filmak ikusle kopuruari dagokionez?
Bada, ikusle kopuruaren aldetik ere oso kontent gaude. Dagoeneko, 50.000 ikusletik gora dira gure pelikula ikustera joan direnak. Hemendik kanpo kopuruak ez dira hain onak baina Goyarako izendapenarekin pelikula hainbat aretotan jarriko dute beste behin eta horrek ikusle gehiago emango dizkigulakoan gaude. Dena den, zine aretoen inguruan genituen helburuak jada lortu ditugu. Kontutan izan behar da, gaur egun, pelikula baten merkataritza-ustiapena ez dela soilik aretoetara joaten den ikusleetan oinarritzen. Horrelako proiektu baten garapenean zine aretoak hanka bat besterik ez dira, zineetatik berehala plataforma digitaletara pasatzen garelako, hemendik DVD eta Blue-Ray-era eta azkenik telebistetara. Gainera, beti dago zure produktua atzerriko merkatuetan ere saltzeko aukera. Gaur egun, oso gutxi dira soilik zineetan bildutako diruarekin finantza daitezkeen pelikulak
Azken Zinemaldian ikusi ahal izan denaren baitan, badirudi euskal zinemaren halako suspertze bat izan dela, bertan hainbat euskal ekoizpen ikusteko aukera izan baitzen. Nola ikusten duzue euskal zinemaren osasuna?
Azken Zinemaldian 2014an eta 2013an grabatutako hainbat euskal ekoizpen elkartu dira. Gurea, adibidez, 2013an filmatu zen. Zorionez, oso proiektu erakargarriak elkartu dira edizio bakar batean baina horrek ez du esan nahi ordura arte kalitatezko ezer egin ez denik. Zentzu horretan, ez dakigu suspertze bat izan den ala ez baiezta daitekeen. Kontutan izan behar dugu oso herri txikian bizi garela eta gure tamainaren araberako industria dugula. Azken Zinemaldian jazotakoa, hau da, sail desberdinetan hainbat euskal pelikula izatea, ez da urtero emango den zerbait. Baina pelikulak izango dira eta jada, urte honetarako zenbait ekoizpen interesgarri iragarri dira.
Azken egunetan, hedabide desberdinetan azaldu denaren baitan, zine aretoetan prezio desberdinak jartzeko aukera aztertzen ari dira, beti ere, pelikula bakoitzaren kalitatearen arabera. Zer deritzozue ideia honen inguruan?
Ez dugu honen inguruan gehiegi pentsatu baina, printzipioz, ez dugu uste ideia txarra denik. Merkatuaren legeak jarraitzen baditugu ez du zentzu handirik kostu desberdina izan duten produktuek azken prezio bera izatea. Suedian, adibidez, garai batean behintzat, zine areto batzuetan pelikulek prezio desberdina izan ohi dute, ez kalitatearen arabera, iraupenaren arabera baizik. Saiakera egin beharko litzateke eta ea zer gertatzen den. Guk uste dugu film txikientzat mesedegarri izango litzatekeela. Jendeak ez luke zertan prezioa filmaren kalitatearekin erlazionatu behar; prezioa erakargarri izan daiteke beste modu batean ikusiko ez zenukeen pelikula bat ikustera joateko.