Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak “Mugikorrak zurrumurruen kontra. Dibertsitatearen alde, diskriminazioaren aurka” izeneko ikus-entzunezko erronka jarri du abian. Egitasmoa 12 eta 17 urte bitarteko hiriko gazteei zuzenduta dago eta helburua da Zurrumurruen aurkako proiektuaren gaiei lotutako bideo bat egitea.
Gazteek bi minutuko iraupena duen bideo bat grabatu beharko dute eta bertan, bizikidetzarekin, kulturartekotasunarekin, kultur-aniztasunarekin edo arrazakeriaren aurkako borrokarekin harremana duen gai bat jorratu beharko dute.
Erronka hiru ataletan dago banatuta:
- Dantza. Banako nahiz taldeko dantzen bideoak onartuko dira. Dantza hasi aurretik, erronkaren izena eta eslogana erakutsi beharko dituzte kamera aurrean.
- Musika. Norberaren edo inoren kantuak dituzten bideoak onartuko dira, edozein musika-estilotakoak (hip-hop, urbanoa, rock, pop…), baldin eta lehiaketaren helburuarekin zerikusia badute.
- Film laburrak. Banaka nahiz taldeka egindako edozein bideo propio aurkeztu ahalko da lehiaketara, haren xedearekin eta gaiekin zerikusia badauka (bai fikziozkoak, bai dokumentalak).
Lanak aurkezteko epea datorren maiatzaren 31n amaituko da. Bideo bakoitzeko parte-hartzaile kopurua, gehienez, 4 lagunekoa izango da. Zurrumurruen aurkako bideoak eta edukiak sortzeari buruzko doako online tailerretara joateko aukera dago, kalitate hobeko bideoak aurkezteko.
Sari-banaketa ekainaren 18an egingo da Bilborock aretoan. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira. Irabazleek 100 euroko bonua jasoko dute, FNACen edo Snipesen gastatzeko. Finalistek, berriz, Lau lagunentzako bonua, jarduera bat egiteko (paint ball edo errealitate birtualeko zentroa).
Bilboko Udala, 2013. urtez geroztik, prestakuntza eta kontzientziazio arloko hainbat jarduera jasotzen dituen zurrumurruen aurkako estrategian ari da lanean. Bere ekimenen artean, prestakuntza-prozesuetan parte hartzen duten eta auzoetan sentsibilizazio- eta informazio-ekintzak garatzen dituzten tokiko eragileen sarea nabarmentzen da.