Nafarroako Gobernuak ezagutzera eman duenez 2016-2019 aldirako ezarri zen Nafarroako Euskararen I. Plan Estrategikoa ia bere osotasunean bete da. Zehazki, planak aurreikusten zituen berariazko helburuen % 97, eremuen % 85 eta ekintzen % 66 bete dira. Aipatu plana aurrerapauso garrantzitsua izan zen bere garaian, ordurarte Nafarroako Gobernuak ez baitzuen bere hizkuntza-politikaren ekintzak eta helburuak modu planifikatu eta ordenatuan paper gainean jarri.
Euskararen I. Plan Estrategikoa amaitu denez gero, Gobernuak horren balorazioa egin du eta, aldi berean, Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzeko oinarriak ezarri dira. Balorazioaren aurkezpenean Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Euskarabideako zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi izan dira.
Lehenengo Planaren ebaluazioa
Euskararen I. Plan Estrategikoa sei ardatz edo ildo estrategikoetan banatzen zen (erabilera soziala; hiztun berriak; zerbitzu publikoak; prestigioa eta erakargarritasuna; esparru ekonomikoa; eta, hizkuntza-esparrua) eta horietako bakoitzak hainbat helburu espezifiko jasotzen zituen, eta horiek, aldi berean lan-esparrutan eta horiek garatzen zituzten ekintza espezifikoetan banatzen ziren. Guztira, 29 helburu aurreikusi ziren eta horietatik 28 landu direla azpimarratu da, hots, % 97.
Planak bere gain hartu diren lau urteetan, hots, 2016 eta 2019 bitartean, gora egin du euskaraz ondo dakiten 16 urte edo gehiagoko nafarren kopurua. Horrela, 2016ko 69.000tik (% 12,9) 2019ko 76.000ra pasatu da (% 14,1).
Planak bere gain hartu diren lau urteetan, hots, 2016. eta 2019. urte bitartean, gora egin du euskaraz ondo dakiten 16 urte edo gehiagoko nafarren kopuruak. Horrela, 2016ko 69.000tik (% 12,9) 2019ko 76.000ra pasatu da (% 14,1). Ildo berean, euskara ikasten ari diren nafar helduen kopuruak ere gora egin duela azpimarratu behar da; 2015-16 ikasturtean Nafarroako euskaltegietan 4.868 ikasle matrikulatuta zeuden bitartean, 2019-20 ikasturtean 5.213 ikasleraino igo da. Igoera hori, neurri batean, 2017. urtez geroztik Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen beken eraginez eman dela uler daiteke. 2018. urtean 650 herritarrek lortu zuten horrelako bekaren bat eta iaz, berriz, 950.
Laguntza horiek guztiak Euskarabideak berak izan duen aurrekontu igoerari esker eskaini ahal izan dira. Lau urtetan Euskarabidearen urteko aurrekontua 4,2 milioitik 7,3 milioira igaro da.
Aurreikusitako ardatzei dagokionez, Gobernuak egin duen balorazioa guztiz positiboa izan da. Adibidez, erabilera sozialaren kasuan, xede nagusia euskararen erabilera areagotzea zen eta horretarako ezarri ziren 19 eremuetatik 18 landu dira. Horietatik, garrantzitsuenak honako hauek lirateke: diru-laguntzak, Euskaraldia sustatzeko hitzarmena, “Sarean Euskaraz” jardunaldiak eta haur eta gazteen esparruan egindako ekimen ezberdinak.
Hiztun berriak lortzeari dagokionez, aurreikusitako eremu guztiak landu dira. Kasu horretan, lan handia egin da euskara ikasteko diru-laguntzak handitzen edota euskaraz eskolatzean edo familia bidezko transmisioan.
Zerbitzu publikoen kasuan, helburu nagusia administrazio publikoa zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitzea zen. Kasu horretan, aurreikusitako eremuen % 73 jorratu dira.
Prestigioak eta erakargarritasunak osatzen zuten laugarren ardatza eta, kasu horretan, xedea zen euskara balio positiboekin identifikatzea. Zentzu horretan, aurreikusitako eremuen % 82 jorratu dira. Ardatz horren barruan jorratu diren ekintza nagusien artean honako hauek azpimarra daitezke: komunikazio kanpainak, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 50. urteurrenaren ospakizuna, “Navarroroum” erakusketa ibiltaria eta “Arnasa Gara” kanpaina.
Esparru ekonomikoari dagokionez, bakarrik aurreikusitako ekintzen % 36 gauzatu dira. Hala ere, azpimarratzekoa da enpresetan euskara sustatzeko eskaini den laguntza deialdia.
Azkenik, hizkuntza-esparruari buruzko ardatzari dagokionez, xede nagusia planaren helburuak betetzea ahalbidetuko zuen araudia garatzea zen. Kasu honetan, araudi bat garatzeaz gain, beste hainbat ekintza burutu dira, adibidez, euskararen egoerari buruzko diagnostiko eta azterlan desberdinak, Euskararen Nafarroako Kontseiluaren berrikuntza eta Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Topagunea, Hiruko Ituna eta antzeko erakundeekin sinatutako hitzarmenak edo NPLD Europako sarean parte hartzea.