Munduko hiru emakumetik batek indarkeria sexuala edo fisikoa jasaten du, kasu gehienetan, bere bikotekidearen aldetik. Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat da.
Nazioarteko zein estatu-mailako hainbat erakundek adierazi dutenez, Covid-19aren pandemia hasi zenetik, emakumeen eta nesken aurkako indarkeria mota oro areagotu egin da, bereziki etxeko indarkeria konfinamendu zorrotzeko hilabeteetan.
NBE Emakumeak erakundeak ‘pandemia itzalean’ bezala bataiatu du Covid-19 krisiaren erdigunean hazi den fenomenoa. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria mundu-mailan ematen den gaitza da.
Pandemiaren hasieran, Nazio Batuek mundu-mailako deia egin zuen, isolamendu-egoeretan gertatzen den genero-indarkeriaren gorakadari aurre egiteko.
Konfinamenduak segurtasunarekin, osasunarekin eta diruarekin lotutako kezkek eragindako tentsioa eta estresa areagotzen ditu. Era berean, erasotzailearekin bizi diren milaka emakumeren isolamendu-egoera indartzen du. Etxetik irteteko aukerarik ez izateak ere emakume horietako askori babes-baliabideak eskuratzea zaildu egiten die.
Gainera, pandemiak eragindako krisi ekonomikoak bereziki emakume ahulenei ere eragiten diela uste da eta, hainbat kasutan, emakume horiek beren bikotekideen mende daude ekonomikoki.
Horri guztiari gehitu behar zaio zenbait herrialdetan emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko erabiltzen ziren ahaleginak eta baliabideak orain Covid-19aren aurkako borrokara bideratu direla. Apirilean, Alemanian, Argentinan, Erresuma Batuan, Espainian, Estatu Batuetan, Frantzian edo Kanadan, bai gobernuek, bai emakumeen eskubideak defendatzen dituzten erakundeek, krisialdian etxeko indarkeria-salaketak gehitu egin zirela eta larrialdiko babes handiagoa behar zela adierazi zuten.
Era berean, Singapur eta Zipreko arreta-lineetan deien hazkundea % 30 baino handiagoa izan da. Australian ere laguntza-eskaerak asko igo zirela ikusi zen, indarkeriaren intentsitatea handitu egin zelako. Eta Somalian, konfinamendu-neurriek emakumeen mutilazio genitalak gehitzea eragin dute, Plan International GKEaren arabera.
NBE Emakumeak erakundeko Zuzendari Exekutibo Phumzile Mlambo-Ngcuka-ren esanetan, “konfinamendua egoera ezin hobea da etxean portaera kontrolatzaile eta bortitza gauzatzeko”.
243 milioi biktima
Covid-19 agertu aurretik ere, etxeko indarkeria jada giza eskubideen urraketa nabarmenenetako bat zen. Azken hamabi hilabeteetan, NBE Emakumeaken arabera, mundu osoko 15 eta 49 urte bitarteko 243 milioi emakumek eta neskek indarkeria sexuala edo fisikoa jasan dute bikotekidearen aldetik. Eta, pandemiak aurrera egin ahala, baliteke kopuru hori hazi izana. Horrek guztiak hainbat kalte eragin ditzake emakumeen ongizatean, haien sexu- eta ugalketa-osasunean, osasun mentalean eta gizarteen eta ekonomien indarberritzearen buru izateko eta horretan parte hartzeko gaitasunean.
Edozein kasutan ere, NBE Emakumeak onartzen du salaketa-indize baxuak direla eta indarkeria-mota horren aurkako datuak biltzea eta neurriak hartzea zaila dela. Izan ere, erakunde horrek uste du indarkeria pairatzen duten emakumeen % 40k baino gutxiagok bilatzen duela nolabaiteko laguntza edo salatzen duela delitua. Eta laguntza bilatzen duten horietatik guztietatik % 10 baino gutxiagok poliziarengana jotzen du.
Munduko herrialde gehienetan ezarritako konfinamendu-neurriek are gehiago zailtzen dute salatzeko aukera. Neurri horien ondorioz, hainbat emakumek eta neskek zaila dute arreta-zerbitzuetara, poliziara, justiziara edo gizarte zerbitzuetara jotzea.
Faktore-konbinazio horrek arriskuan jarri ditu erasoren bat pairatu duten emakumeek behar duten arreta eta laguntza, bortxaketen kudeaketa klinikoa eta laguntza psikosoziala eta osasun mentalerako laguntza.
Gainera, erasotzaileen zigorgabetasuna indartzen da. Eta ez da ahaztu behar hainbat herrialdetan legea ez dagoela emakumeen alde: lau herrialdetako batek ez du emakumeak genero-indarkeriaren aurka berariaz babesten dituen legerik.
Kontsulta gehiago 016an
Estatuan, genero-indarkeriaren hazkundea erakusten duen adierazleetako bat 016 telefono-zenbakira egindako deiak eta kontsultak dira, arlo horretako informazioa eta aholkularitza juridikoa emateko telefono-zerbitzua.
Martxoan eta apirilean, konfinamenduko lehen asteetan, nabarmen hazi ziren zerbitzu horretan jasotako deiak eta online argibide-eskaerak. Berdintasun Ministerioaren arabera, aipatu zerbitzuan jaso ziren telefono deien kopurua azken hiru urteetan jasotako altuena izan zen.
Eta apirilean, dei horien kopurua % 60an hazi ziren aurreko urteko apirilean jasotako dei kopuruarekin alderatuta. Gainera, apirilean, online argibide-eskaerak % 600 inguru igo ziren aurreko urteko apirilarekin alderatuta. Horrela, 2019ko apirilean online argibide-eskaerak, orotara, 43 izan ziren bitartean, aurtengo apirilean 252raino iritsi dira.
Genero-indarkeriaren hazkundea ez da bakarrik urteko aldietan antzematen. Aurtengo martxotik apirilera bitartean, 016 telefonoaren bidez erantzundako deiak % 37,6 igo dira. Horrela, martxoaren 1etik 31ra bitartean 016 telefonora 6.271 pertsonek deitu zuten eta, apirilaren 1etik 31ra bitartean 8.632 lagun izan ziren zerbitzu bera erabili zutenak. Online argibide eskaerak ere nabarmen hazi dira aipatu bi hilabete horien artean, % 154,3an hain zuzen ere.
Salaketa egiteko beldurra
Euskal Autonomia Erkidegoan konfinamenduaren lehenengo hilabetean indarkeria matxistarekin lotura zuten jarritako salaketak erdira jaitsi ziren alarma-egoera dekretatu aurreko aldian aurkeztutakoekin alderatuta. Emakunderen datuen arabera, konfinamenduaren lehen lau asteetan, hots, martxoaren 14tik eta apirilaren 10era bitartean, tratu txarren inguruko 163 salaketa aurkeztu ziren.
Kopuru garrantzitsua izan arren, derrigorrezko etxeko konfinamenduaren aurreko astean erregistratutako salaketa kopuruarekin alderatuta jaitsiera bat izan dela ikus daiteke. Emakundek bildutako datuen arabera, martxoaren 7tik 13ra bitartean 90 salaketa izan ziren, baina hurrengo lau asteetako bakar batean ere ez ziren genero-indarkeriagatiko 44 salaketa gainditu. Konfinamenduaren lehen astean 43 salaketa jarri ziren eta hurrengo hiru asteetan, 37, 44 eta 39, hurrenez hurren.
Konfinamendu-aldi horretan izandako jaitsieraren arrazoien artean, Emakundek erasotzailearekin bizi den bitartean salatzeko zailtasunak eta beldurra azpimarratzen ditu.
Hala ere, Emakundek kontuan hartzekoa den beste hipotesi bat ere aipatzen du: disuasioa. Izan ere, derrigorrezko konfinamenduan gizarte-kontrola handiagoa zen eta baita auzokoen hurbiltasuna ere.Bizilagunak aldameneko etxean 24 orduz izatea eta gai honen inguruan den gero eta kontzientziazio handiagoa disuasio-faktore gisa jokatu ahal izan du.
Era berean, Emakundek azpimarratzen du genero-indarkeriako hainbat kasutan erasotzailea jada biktimarekin bizi ez den bikotekide ohi bat dela eta, ondorioz, konfinamendu garaian, beste etxebizitza batean konfinatuta egongo litzateke. Horrek ere eragina izan lezake salaketa kopuruaren jaitsieran.
Izan ere, ekainean, deseskalatze-prozesu betean, bikotekide ohiak eragindako indarkeria matxistaren ondoriozko emakumeen biktimizazioak % 28,76 hazi ziren Euskadin. Araban eta Bizkaian % 53,4 eta % 42,86 hazi ziren, hurrenez hurren eta, Gipuzkoan, berriz % 3,92ko jaitsiera izan zen. Baina azken lurralde horretan, biktimizazioek gora egin zuten uztailean eta abuztuan.
Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Diputatu Teresa Laespadak azaldu duenez, “martxoan, apirilean eta maiatzean emakumeek etxeko testuingurunean ahal izan duten bezala jasan dute egoera. Kalera irteteko aukera izan dutenean, bizi izan duten egoeraren inguruko salaketak eman dira”.
Etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako SATEVI informazio- eta arreta-zerbitzuan (900 840 111) jasotako deien kopurua konfinamendu aurretik jasotakoen antzekoa izan zen.
Emakumeei gehiago eragiten die pandemiak
Maiatzean, gizonek eta emakumeek pandemiaren ondorioak modu desberdinean jasatea eragiten dituzten faktoreak aztertzen duen txosten bat argitaratu zuen Emakumearen eta Aukera Berdintasunerako Institutuak. Aldi berean, aipatu txostenak pandemiak eta hura geldiarazteko hartutako neurriek emakumeengan izan duten eragin handiaz ohartarazi du.
Txostenak krisiak emakumeengan duen eragina areagotzen duten lau faktore nagusi zehazten ditu: osasun- eta zerbitzu-lanaren gainkarga; erantzukizun handiagoa etxeko eta zaintzako zereginetan; jatorriz pairatu behar izaten duten pobrezia eta lan-prekarietatea eta horrek krisitik ateratzeko eragiten dituen zailtasunak; eta, genero-indarkeria pairatzeko arriskuaren gorakada.
Biztanleria Aktiboaren Inkestan (BAI) bildutako datuen arabera, epidemiaren aurkako lehen lerroko lanpostuetan emakumeak dira nagusi. Emakumeak dira medikuen % 51, erizainen % 84, farmazian lan egiten duten langileen % 72, psikologiako % 82 eta adinekoen egoitzetan eta mendekotasuna duten pertsonen egoitzetan lan egiten duten langileen % 85. Azken horietan jaso dira hildako kopuru handienak. Era berean, emakumeak gehiengoa dira beste hainbat funtsezko zerbitzuetan; adibidez, merkataritzan eta elikagaigintzan, ospitaletako garbiketa zerbitzuetan eta zaintzako etxeko langileen artean. Azken kasu horretan, bertan egiten duten ia langile guztiak emakumeak dira.
Beste faktore erabakigarri bat zainketa lanetan emakumeek izaten duten erantzukizuna da. Txostenaren arabera, horrelako jardueren % 70 inguru emakumeek egiten dituzte. Konfinamendu garaian, lan karga horri telelana eta hezkuntza zentroak itxi zituztenetik haurren zaintza gehitu zitzaien, eta horrek, gehiegizko karga eragin die emakume askori.
Emakumeek pairatu behar izaten duten lan-prekarietate handiagoa ere aipatzen da. Bertan ohartarazten denez, merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan emakumeen kopurua esanguratsua da eta horiek dira, pandemiaren ondorioz bizi dugun krisi ekonomikoa gehien pairatzen dutenak.