Pandemiak ez omen du baby-boomik ekarriko

Covid-19ren pandemiak hainbat astez etxean giltzapetuta egotera behartu du planeta erdia. Askok egoera hori aukera bezala ikusi dute, eguneroko estresetik kanpo, sexu-harremanen maiztasuna areagotzeko eta, zergatik ez, jaiotza-tasa handitzeko. Baina Florentziako Unibertsitatean egindako azterlan batek bertan behera utzi du aurreikuspen hori.

Izan ere, Journal of Psychosomatic Obstetrics and Gynecologyen argitaratu den ikerketaren arabera, elkarrizketatutako hamar pertsonatik zortzik ez zuen pandemian kontzebitzeko asmorik azaldu. Ez hori bakarrik; aurten familia izateko asmoa zutenen artean heren batek baino gehiagok atzera egin du pandemia dela eta. Egoera horretan seme-alabarik ez izateko baliatu diren arrazoi nagusiak hauek lirateke: etorkizunean izan daitezkeen zailtasun ekonomikoekin lotutako kezkak eta Covid-19ak haurdunaldian izan ditzakeen ondorioak.

Pandemian kontzebitu

Azterlanaren buru izan den Elisabetta Micelli doktoreak azaldu duenez itxialdian norberak izan duen ongizate mentalak eragina izan du haur bat izateko nahian.

Seme-alabarik ez izateko baliatu diren arrazoi nagusiak hauek dira: etorkizunean izan daitezkeen zailtasun ekonomikoekin lotutako kezkak eta Covid-19ak haurdunaldian izan ditzakeen ondorioak

Nahiz eta azterketan parte hartu duten pertsona gehienek pandemian ez dutela kontzebitu nahi izan adierazi, inkestatutakoen % 11,5ek adierazi du koarentenan guraso izateko irrika berria izan duela. Horrelako erantzuna eman dutenak, bereziki, emakumeak dira. Kasu horretan, horrelako erantzuna emateko gehien erabili diren arrazoiak “aldatzeko borondatea”
(% 50) eta “positibotasunaren beharra” (% 40) izan dira.

Azterlanak harreman sexualen maiztasuna ere aztertu du. Inkestan parte hartu dutenen bi heren inguruk pandemian harremanen maiztasunak ez duela behera egin adierazi du. Kasu horretan, gizonek eta emakumeek antzeko kopuruak eman dituzte.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.