Gaur egun, normaltzat jotzen dugu haurdunaldian diren sexu harremanen inguruan hitz egitea, baina hori ez da beti horrela izan.
Haurdunaldietan faserik zailena lehen hiruhilekoa izaten da. Emakume guztiok ez ditugu haurdunaldiak modu berean bizi, baina, oro har, lehen hilabete horietan nekea, okadak, etab… azaltzen dira eta, hori guztia dela eta, desira sexualak ere behera egin ohi du. Haurdunaldiak aldaketa handiak eragiten ditu gure gorputzetan, fisikoak zein hormonalak. Azken horiek eragin zuzena dute gure aldartean eta, ondorioz, garrantzitsua izaten da bikotekidearen eta, oro har, inguruan dauden pertsonen babesa sentitzea.
Haurdunaldiak aurrera egin ahala hasierako hilabeteetako eragozpenak desagertuz doaz eta, ondorioz, normala izaten da desira sexuala berera bueltatzea.
Haurdunaldiaren azken fasean aldaketa fisikoa nabarmenagoa da. Azken hiruhileko horretan pisua hartzeko joera handiagoa dugu eta, horrek, nekea dakar. Garai horretan harremanak zailagoak dira, alde batetik, nekea dela eta desira jaisten delako eta, bestalde, emakumeon mugikortasuna mugatuagoa delako. Jende askok kontrakoa uste badu ere, azken hilabete horietan sexu-harremanak izateak ez dio zertan umekiari eragin behar.
Dena den, haurdunaldian zehar bestelako arazoak azalduko balira (odol-ateratzeak, erditze goiztiarrerako arriskua…), orduan bai zuen medikuari galdetu beharko zeniokete komenigarria den ala ez sexu-harremanak izatea.
Azkenik, gogoratu behar dugu, haurdunaldian zehar garrantzitsuena, haurdun dagoen emakumea ondo zaintzea eta maitasunez, besarkadaz eta laztanekin zaintzea.
Lohizune Loroño
Mi Psicólogo Getxo