Zabalik “Hala, Birala!” campusean izena emateko epea

Proiektuaren helburuak euskarazko ikus-entzunezko edukien sormena eta teknika sustatzea dira, profesionalek zuzendutako tailer espezializatuen bidez.

Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak abenduaren 26tik 29ra “Hala, Birala!” campusa antolatu dute, Bilbon erroldatutako eta 2012 eta 2013 artean jaiotako gazteei zuzenduta. Lau eguneko campus honek, kultura digitala ardatz izanik, animazioa, euskarazko bideojokoak eta bideoen edizioa bezalako alderdiak jorratuko ditu, sare sozialen inguruko praktika egokiak sustatzeaz gain.

Saioak lau ordu eta erdikoak izango dira egunero, eta hezitzaileek eta arlo bakoitzeko adituek gidatuko dituzte. Campus honetarako izen-ematea azaroaren 13tik 19ra egongo da zabalik, eta plazak zozketa bidez esleituko dira. Emaitzak azaroaren 21ean jakinaraziko dira, eta parte-hartzea 30 eurokoa izango da.

Euskara

Proiektuaren helburuak euskarazko ikus-entzunezko edukien sormena eta teknika sustatzea dira. Gainera, sare sozialen erabilera arduratsuari, ikuspegi kritikoa lantzeari eta euskarazko bideojokoen mundura hurbiltzeari buruzko hausnarketa sustatu nahi da. Hori guztia alor bakoitzeko profesionalek zuzendutako tailer espezializatuen bidez egingo da.

Bideoa editatzeko tailerra YouTuberako edukiak sortzera bideratuko da. Hemen, parte hartzaileek gidoiak garatzen, grabatzen eta editatzen ikasiko dute, Euskararen Etxeko lantaldearen babespean.

Animazio tailerrak ‘stop motion’ gaia jorratuko du. Stop motion-a fotogramaz fotograma sortzen den animazio-teknika bat da. Teknika horreen bidez, mugimendua sortzen da objektu estatikoetan. Tailerra Gasteizko Tik Tak Animation-ek zuzenduko du.

Sare sozialen erabilera egokiari buruzko kontzientziazioa Samurrak Aniztasunaren esku egongo da. Bilboko erakundeak sexualitatearen babesaren ikuspegia lantzen du, gazteek sareetan jarraitzen dituzten pertsonaien maskulinitatearen eta feminitatearen bidez.

Azkenik, Game Erauntsia elkarteak euskarazko bideojokoak aztertuko ditu, eta horien kontsumo normalizatua, genero-harremanak, jazarpena eta hizkuntzak esparru horretan duen eragina aztertuko ditu.

Campusa euskara hutsean izango da eta parte-hartzaileek euskara jakin behar izango dute. Izena eman dezakete 2012 eta 2013 urteen artean Bilbon jaiotako gazteek. Saioak goizez izango dira, 9:00etatik 13:30era, Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1, Bilbo). Plaza lortu dutenen behin betiko izen-ematea azaroaren 21etik 24ra izango da.