Elhuyar Zientzia Azoka ekainaren 5ean egingo da Bilboko Areatzan. Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteen artean bokazio zientifikoa sustatzea, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala hurbiltzea eta kultura zientifikoa sustatzea eta zabaltzea. Hitzordu horretan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek ikasturtean zehar egin dituzten proiektu zientifikoak azalduko dituzte.
Aurten aurkeztutako 110 proiektuetatik 20 aukeratu ditu epaimahaiak, osasun egoera dela eta ekitaldian parte hartuko duten bakarrak. Arratsaldean irabazleak ezagutzera emango dira; saio hori streaming bidez emango da.
Elhuyar Zientzia Azokan, ikasleez gain, Euskal Herriko unibertsitate eta ikerketa zentroek ere parte hartzen dute. Bederatzi urteko ibilbidean Zientzia Azokak sare zabal eta sendoa osatu du. Ikertzaileek parte hartzen duten ikasleen gida eta aholkulari gisa jarduten dute eta, aldi berean, aurkeztutako lanak ebaluatzeko prozesuan ere parte hartzen dute.
Elhuyar Zientzia Azoka datuetan
- 32 ikastetxetako 110 proiektu aurkeztu dituzte 353 gaztek: neskak 197, mutilak 153, ez bitarrak 1
- Bizkaiko 40 talde, Gipuzkoako 33 talde, Nafarroako 26 talde, Arabako 4 talde eta estatuko beste azoketako 4 talde ere partaide izan dira.
- DBHko 84 talde eta Batxilergoko 26 talde izan dira guztira.
- 82 proiektu euskaraz, 19 gaztelaniaz eta 9 ingelesez aurkeztu dira.
- Aurkeztu diren lanak 8 gaitan banatuta daude: biologia/geologia, energia, fisika/kimika, gizarte-zientziak, humanitateak, ingeniaritza/teknologia, ingurumena/ekologia, osasuna.
- Gazteen lan guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude ikusgai: https://labur.eus/2zL8H