828 milioi pertsonek pairatzen dute gosea munduan

Aurreikuspenen arabera, ia 670 milioi pertsonak gosea pasatzen jarraituko dute 2030ean eta gure esku dago aurrekaririk gabeko mundu mailako nutrizio krisi larri honekin amaitzea

Munduan gosea pairatzen duten pertsonen kopuruak gora egin zuen iaz: 46 milioi inguruko gorakada izan da 2020tik eta 150 milioiko gorakada COVID-19aren pandemiaren agerralditik. Guztira, gaur egun, 828 milioi pertsonek pairatzen dute gosea munduan. Horrek esan nahi du gosearekin, elikadura-segurtasunik ezarekin eta malnutrizioarekin amaitzeko Garapen Jasangarrirako Helburutik (GJH) urruntzen ari garela, 2030 Agenda betetzeko zortzi urte falta diren momentu honetan. 2.300 milioi pertsona inguru elikagaien segurtasun falta moderatuan edo larrian zeuden 2021ean.

Munduko biztanleriaren % 11,7k elikagaien segurtasunik ezaren maila larriei aurre egin zieten. Ia 3.100 milioi pertsonak ezin izan zuten dieta osasuntsu bat mantendu eta horrek COVID-19aren pandemiaren ondorio ekonomikoetatik eratorritako elikagaien prezioen inflazioaren eta horri eusteko hartutako neurrien ondorioak islatzen ditu. Bost urtetik beherako 45 milioi haurrek desnutrizio larria zuten, umeen hilkortasun-arriskua handituz, eta 149 milioi haurrek atzerapena zuten hazkundean eta garapenean, dietan funtsezko mantenugaien falta kronikoaren ondorioz. Zifra latz horiek eskuartean izanik eta berauetatik eratorritako aurreikuspenen arabera, ia 670 milioi pertsonak gosea pasatzen jarraituko dute 2030ean, hots, munduko biztanleriaren % 8.

Elikagai falta

Ukrainan gertatzen ari den gerra nazioarteko hornidura-kateak nahasten ari da, eta zerealen, ongarrien eta energiaren prezioak igotzea eragiten ari da, baita kontsumorako prest dauden elikagai terapeutikoak ere, haurren desnutrizio larria tratatzeko erabiltzen direnak: UNICEF da elikagai terapeutikoen hornitzaile handiena, munduko horniduren %80 banatuz eta egunero ezagutuz krisi horri argia ematen dioten umeen errekuperazio eta gainditze istorioak. Hala ere, gatazka armatu eta gerrez gain, gero eta ugariagoak diren muturreko fenomeno klimatikoek ere hornikuntza-kateak kaltetzen dituzte, batez ere diru-sarrera txikiko herrialdeetan, eta ondorio horiek oso kezkagarriak izan daitezke elikadura-segurtasunerako eta elikadurarako mundu osoan.

Mundu-mailako atzeraldiaren mehatxuaren aurrean eta horrek diru-sarrera eta gastu publikoetan dituen ondorioen aurrean, susperraldi ekonomikoari laguntzeko modu bat elikadura eta nekazaritzarako laguntza egokitzea da, elikagai nutritiboetara bideratzeko, per capita kontsumoa oraindik dieta osasungarri baterako gomendatutako mailara iristen ez den lekuetan. 

UNICEFek 2021ean ia 5,5 milioi haur salbatu zituen desnutrizio larriak eragindako heriotzatik, aurreko urtean baino %10 gehiago. Esperantzarako datuak egon badaude baina lanean jarraitu beharra dago. Desnutrizio-krisiaren aurrekaririk gabeko egoera honek, aurrekaririk gabeko erantzuna ere eskatzen du. Ahalegin handiagoa egin behar da haur eta nerabe ahul eta kalteberenek dieta nutritibo eta eskuragarriak izatea bermatzeko, baita desnutrizioa ekiditeko, detektatzeko eta goiz tratatzeko zerbitzuak ere. Hainbeste ume eta gazteren bizitza eta etorkizuna gure esku izanik, nutrizioarekiko dugun anbizioa areagotzeko unea da. Eta ezin da denbora galdu.