Emojiak egunero erabiltzen dira. Hitzetatik haratago doan adierazteko modu bat dira, eta, sarritan, gaizki ulertzeak saihesteko balio dute, keinuak edo ahots-tonua ez baitira hautematen.
Emojiak ezinbestekoak bilakatu dira online komunikazioetan eta berezko esanahia hartu dute. Gaur egun, 3.000 emoji ezberdin baino gehiago daude eta SwiftKey enpresaren estimazioen arabera, Internet bidez bidaltzen diren mezu guztien % 4,6 inguruk horrelako sinbolo edo ikono bat du.
Ez dago oso garbi emotikono horien sorrera noiz izan zen. Zenbaitzuen ustez, lehen emojiak 1881. urtean azaldu ziren, ‘Puck’ aldizkari satirikoan. Bertan, puntuak eta parentesi ikurrak erabiliz, lau espresio erabiltzen ziren arte tipografikoaren adibide gisa: poztasuna, melankolia, axolagabetasuna eta harridura.
Edozein kasutan ere, ia mende oso bat itxaron beharko da gaur ezagutzen ditugun lehen emotikonoak ikusi ahal izateko. Urte batzuk beranduago, 1999. urtean, hain zuzen ere, komunikazio mugikorrerako NTT Docomo enpresak koloretako lehen emotikonoak eratu zituen. Shigetaka Kurita diseinatzaileak 12×12 pixeletako lauki sareetan sartzen ziren 176 ikono sortu zituen. Horretarako, bertako trafiko seinaleetan eta Japoniako sinogrametan oinarritu zen. Hasierako emoji horien artean, eguzki bat, hodei bat, aterki bat, Zodiakoko zeinuak, tren bat, janaria, bihotzak eta geziak aurkitzen ziren. Hori guztiek, gaur egun ere, indarrean darraite, baina hori bai, eraberrituta.
Irudi sorta horri Emoji izena eman zioten, japoniera hizkuntzako ‘irudia’ eta ‘karakterea’ hitzak uztartzen zituelako.
Emojiek, beraz, Japonian dute jatorria. Gure artean beranduagoa azalduko dira. Japoniako moda hori hartu zuten lehenak estatubatuarrak izan ziren. Pittsburg-eko Carnagie Mellon Unibertsitateko iragarki -taula digitalean aurkituko dugu emotikonoen lehen erabilera Japoniatik kanpo. Kasu horretan iragarki serioak eta txantxetakoak bereizteko erabili ohi zituzten.
Beranduago, Scott Fahlman irakasleak 🙂 edo 🙁 bezalako sinboloak erabiltzen hasi zen. Handik gutxira unibertsitate osoan horrelako sinboloak erabiltzen hasi ziren eta SMSen gorakadarekin batera oso ezagunak egin ziren.
Pasa den mendearen amaieran emojiek bizia eman zioten garai hartako online txatei. Mende berriarekin batera eta IKTen gorakadari esker oso ezagunak egin ziren eta gaur egun, WhatsApparen aroan, ia ezinbestekoak bilakatu zaizkigu online komunikazioan.
2010. urteaz geroztik emojiak plataforma guztietan erabili ahal dira eta horrek, noski, status berezia eman die. 2011an, adibidez, Applek emojientzako teklatu berezi bat barneratu zuen bere iOS 5.0 sistema eragilean. Bi urte beranduago, Androidek gauza bera egin zuen.
Uztailaren 17an
Emojien Nazioarteko Eguna 2014. urtean ospatzen hasi zen eta horretarako uztailaren 17a aukeratu zen. Zergatik egun horretan? Bada Applen emojietan egutegiaren ikonoak egun hori azaltzen duelako. Horrek ere badu azalpena: 2002. urteko uztailaren 17an Applek bere iCal aplikazioa merkaturatu zuen lehenbizikoz.
Emojiak hizkuntza propioa dira eta, ondorioz, erakunde batek arautzen ditu: Unicode Partzuergoa.