Nafarroako Gobernuak, UEMArekin (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) elkarlanean, euskara hizkuntza nagusia duten udalerrietan (arnasguneak) euskara indartzea helburu duen “Arnasa gara” izeneko egitasmoa jarri du abian. Guztira, hogeita bi izango dira aipatu ekimenean parte hartuko duten udalerriak. Arnasgunetzat hartzen diren udalerrietan euskararen ezagutza eta erabilera % 80 ingurukoa edo hortik gorakoa da. Zoritxarrez, normalean, udalerri horiek oso biztanle gutxi izaten dituzte.
Ekimenak bi fase ditu. Lehenbizikoak arnasgune horiek ahalduntzea eta aitortzea du helburu, eta, horretarako, hainbat herri bisitatuko dituen kanpaina jarri da abian, ekimena azaltzeko. Fase horretako protagonista nagusietakoa “kartzela” telesail digitala izango da. Bigarren fasean, ekimenak Nafarroa osora helaraziko du udalerri horien errealitatea eta garrantzia.
Egitasmoaren aurkezpen ekitaldian Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilari Ana Ollok horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Euskararen I. Plan Estrategikoaren helburu nagusietakoa euskararen egoera hobetzea zen, arnasgune deiturikoetan gure hizkuntzaren erabilera indartuz”. Olloren esanetan, Nafarroako herritarrek “harro sentitu behar dute beren hizkuntzetako batez, euskara kohesiorako balioa baita gure komunitaterako”. Eta bide horretan, “Bidelagun onenak zuek, udalerri euskaldunak, zarete”.
Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari gerenteak nabarmendu duenez, udalerri horien ahalduntze prozesuan, Nafarroako Gobernua lanean ari da udalerriekin batera, beste hainbat ekimenetan. “Uste dugu ahalduntze prozesu honetan, kanpaina hauekin batera, hizkuntza politikan ekintza koherenteak gauzatu behar ditugula”.
Bestalde, UEMAko ordezkari Miren Segurolak azpimarratu duenez, duela 28 urte UEMA sortu zenetik, “Arnasguneak ditugu gure lanaren ardatz, euskararen normalizazio prozesuaren baitan”. Hala ere, esan duenez, “Arnasa Gara erakundeen babesarekin egiten dugun lehen proiektua da, eta, beraz, oso albiste positiboa da”.