Ekainaren 28a Sexu-askatasunaren nazioarteko eguna da eta Euskadin zehar hainbat eragilek eta taldek ekintzak antolatu dituzte, besteak beste: manifestazioak, hitzaldiak edo bideo-proiekzioak. Ukaezina da azken hamarkada hauetan hainbat pausu eman direla, baina beste hainbeste daude egiteko. Horietako bat, oso garrantzitsua, pasa den astean Munduko Osasun Erakundeak hartutako erabakia. Urte luzez, transexualitatea gaixotasun kontsideratu du. Zorionez, inoiz gehiago ez. Ez da gutxi bota den langa.
Eta zer gehiago geratzen da egiteko? Zer egin dezakegu guk, konkretuki? LGTBI+ kolektiboa gehiegitan ahaztua izan da eta, horrek, askotan irtenbidea ematea zaildu izan du. Hemen, Euskadin, ez dago ikerketa sakonik informazioa eskuragarri izateko. Datu falta nabarmena da eta beharrezkoa da erantzun argi bat ematea. Estatu mailako StopLGTBfobia Behatokiak egiten duen gorroto delituen gaineko informazioa da eskuragarri dugun bakarra. Honen arabera, 2015ean Euskadin 27 eraso eman ziren sexu identitate edota orientazioagatik. Arduratzeko modukoa da Euskadiko hiru probintziak mota honetako delitu-salaketa gehien jasotzen dituzten Espainiako lehen zazpi probintzien artean aurkitzen direla.
Hala ere, baikor izan nahiko nuke eta bide onetik goazela pentsatu. Pausuka hezkuntzan hainbat kontzeptu txertatu dira eta elkarte mordoa dabil eguneroko lana egiten, lagungarriak diren euskarri eta material teoriko-praktikoak sortzen eta gizartean kontzientziazio- eta pedagogia-lan itzela eginez.
Bide horretan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan, berdintasun lan-arloak gidatuta eta honen Gaur8 lantaldeak jorratuta, gazteon iritziak biltzen saiatzen gara, ostean beharrak identifikatuz denon artean proposamenak egiteko. Eta, azkenik, administrazio eta arduradun politikoei helarazten dizkiegu kontuan izan ditzaten politika publikoak diseinatzerakoan.
Izan ere, aurrez esan bezala, hori da gabezia handienetako bat: datu falta. Erantzuna ematen saiatzeko hainbat proiektu jorratu ditugu azken bi urteotan eta beste hainbeste ditugu esku artean etorkizunari begira.
Aurreko artikulu batean aipatu nuen bezala, 2017an zehar Sexualitatearen Koloreak gida landu genuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Hezitzaileei bideratutako material teoriko eta praktiko horrek astialdiko gazteek identifikatutako gabezia bati irtenbidea eman nahi izan zion, diskurtsoa sortzerakoan LGTBI+ kolektiboko hainbat gazte eta eragilerekin izandako harremana oinarri izanda.
Era berean, esan dugun bezala, zoritxarrez, Indarkeria LGTBI+fobikoak egun ere gure gizartearen errealitate bat izaten dirau eta, horregatik, berebiziko garrantzia du Euskadin oraindik ere ematen den egoeraz dakigun urria ezagutzera ematea. Nola egin hori, ordea, dagoen informazio faltarekin? Euskadin ez dago LGTBI+ kolektiboaren behatoki propiorik eta horrek ezinbestean errealitatea ezagutzeko ezintasuna erakartzen du. Sexu eta adinaren arabera sailkatutako datu gehiago behar dira, jarraian politika publiko zehatzagoak diseinatu eta beharrei hobeto erantzuteko.
Horretaz gain, aipatutako aniztasunarekiko aldekotasuna jorratzeko, Gune Anitza zigilua sortu genuen, era positiboan erakusten eta aldarrikatzen duena. EAEko gune fisiko zein birtualei bideratua dago eta behin horren aldeko apustua egin ostean espazioak aniztasuna errealitate ukaezintzat ulertzen duela eta horren garapenerako eskubide errealen aldeko apustua egiten duela esan nahi du. Hilabete hauetan zehar Manifestura atxiki diren taldeak hainbat izan dira (Pikara Magazine, Atara Zarata antzerki taldea, Donostiako Emakumeen Etxeko Sexu eta genero aholkularitza zerbitzua, Gazte Abertzaleak, IES Balmaseda…), eta EGKtik deialdia egiten dugu nahi duen orok bat egitera.
Izan ere, proiektu horiek guztiek helburu argi bat dute. Gizarteak berezko duen Aniztasuna balorean jarri, dituen alor positiboak azpimarratu eta, batez ere, onarpenetik aldekotasunerako pausua ematea zeharkako balore bezala txertatu arte.
Maialen Olabe
EGKko presidentea