Hainbat ezaugarri kultural, ekonomiko, demografiko eta sozial bereizten badituzte ere, mundu osoko gazteek badute zerbait komunean: erlijioa alde batera uzten ari dira.
Pew Research Center-ek egin berri duen inkesta batek berresten duenez, mundu osoko gazte gehienak euren gurasoak baino fedegabeagoak dira. Ildo berean, Londreseko St.Mary Unibertsitateak egin duen Europako gazteak eta erlijioa ikerlanaren arabera, erlijioa hilzorian da Europan.
Horrela, entitate jainkotiar nagusi batean sinestea, mezara joatea edo kongregazio baten parte izatea, poliki bada ere, iraganeko kontua izaten hasi da.
St.Mary unibertsitateko txostenaren arabera, 16 eta 29 urte bitarteko espainiar gazteen % 55ek ez du inolako erlijioarekin bat egiten; % 60 ez da, arrazoi bereziengatik ez bada, inolako elizkizunetara joaten; eta, % 64k ez duela inoiz otoi egiten baieztatzen du.
Euskal gazterian joera berbera antzematen da. Euskal Gazteriaren Behatokiak Euskal Gazteen Panoramika 2016 txostenean bildutako datuen arabera, euskal gazteen erdia baino gehiago (% 58) erlijiotik urruntzen ari da. Horrela, gazteen % 46k fedegabetzat edo ateotzat jotzen du bere burua eta % 12k agnostikotzat.
Euskal Autonomia Erkidegoan erlijioaren gaia da belaunaldien arteko arrailaren adibiderik garbienetako bat. Euskal Gazteen Panoramika 2016 txostenean azaltzen diren datuak 60. Euskal Soziometroa: euskal iritzi publikoaren 20 urte txostenean jasotzen diren Euskadiko biztanleria osoko datuekin alderatuta, 18 urtetik gorako biztanleen artean euren burua katolikotzat jotzen duten pertsonen kopurua % 55ekoa dela ikus daiteke eta 15 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hori % 27raino jaitsiko litzateke. Bere burua katoliko elizkoitzat jotzen duten gazteen kopurua Euskadin 1998. urteko % 14tik 2016ko % 4raino jaitsi da. Era berean, modu nabarmenean jaitsi da euren burua katoliko ez-elizkoitzat jotzen duten gazteen kopurua: 1998. urtean % 45 ziren eta 2016. urtean, berriz, %23. Txanponaren beste aldean, euren burua fedegabetzat, agnostikotzat edo ateotzat jotzen duten pertsonen kopurua etengabe hazi da, 1998ko % 31tik egungo % 58raino pasatu delarik.
Euskal Gazteen Panoramika 2016 txostenak azaltzen duenez, Euskadiko gazteen artean bakarrik % 2 joaten da elizara edo gurtza-zentroren batera astean behin baino gehiagotan eta % 5 astean behin.
Europako elizak husten ari dira
Paraleloki, Europako 12 herrialdetako 16 eta 29 urte bitarteko gazteen gehiengo batek fedegabe dela eta inoiz edo oso gutxitan joaten dela elizara edo otoi egiten duela onartzen du.
Zentzu horretan, Txekiar Errepublika litzateke Europako herrialderik fedegabeena, bertako gazteen % 91k ez baitu inolako erlijio-filiaziorik. Jarraian, Estonia, Suedia eta Herbehereak azalduko lirateke, kasu guztietan, bere burua fedegabetzat jotzen duten gazteen kopurua % 80 eta % 70 artean kokatzen delarik.
Sailkapenaren beste aldean, berriz, Polonia aurkitzen da. Kasu horretan, gazte fededunen kopurua oso altua da eta bere burua fedegabetzat jotzen dutenen kopurua % 17koa besterik ez da. Antzeko kopuruak dituen beste herrialde bat Lituania da. Kurioski, fededun gazte gehien dituzte bi herrialde horiek dira sistema komunistarekin hautsi zuten lehenak. Frantzian, adibidez, euren burua fedegabetzat jotzen duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteak % 64 dira eta Alemanian % 45.
Erresuma Batuan ematen den egoera oso berezia da. Inkestan parte hartu duten gazteen % 7k bakarrik bere burua anglikanotzat jotzen du; %10ek bere burua katolikotzat jo du eta %6k islamiartzat. Kasu horretan, immigrazioaren eragina nabaria da.
Bakarrik Polonian, Portugalen eta Irlandan inkestan parte hartu duten gazteen % 10 baino gehiago joaten da elizara gutxienez astean behin. Erresuma Batuan, Frantzian, Belgikan eta Espainian gazteen % 56k eta % 60k bitarte azaldu du ez dela inoiz elizara joaten eta % 63-66k ez duela inoiz otoi egiten onartu du. Kasu horretan, eta logikoa den bezala, Txekiar errepublikan lortzen dira tasarik altuenak: % 70 ez da inoiz elizkizun batera joaten eta % 80k ez du otoi egiten.
Joera globala
Sekularizazio-prozesua aski ezaguna da Mendebaldean, baina arraroagoa da munduko beste hainbat eskualdetan. Hala ere, eta apurka-apurka bada ere, oso fededunak izan ohi diren Iran, Nigeria, Aljeria, Polonia edo Brasil bezalako herrialdeetako belaunaldi gazteek gero eta garrantzia gutxiago ematen diote erlijioari. Nahikoa fenomeno berezia da herrialde horiek oso kultura anitzak dituztelako.
Zenbait kasutan, eredu edo patroi bat azaltzen da: bertako gizarteen garapen ekonomikoa. Europan eta Amerikan izan diren sekularizazio prozesuak eredu ekonomiko moderno baten eskutik iritsi ziren. Eredu berri horietan elizaren eta erlijio-identitatearen rola bigarren plano batera pasatu zen.
Globalizazioaren eta teknologia berrien efektua ere ezagutza ardatz duen gizarte modernoetan sekularizazio-prozesu horiek ulertzeko aldagaiak izan daitezke (gazteak gehiago konektatzen ohi dira Internetera).
Pew Research Center-ek egin duen ikerketaren arabera, arrail handienak Europan eta Amerikan ematen dira. Kanadan, Danimarkan, Australian eta Hego Korean, adibidez, adin-talde bakoitzak erlijioari ematen dion garrantzian 20 puntu baino gehiagoko aldeak aurki daitezke. Latinoamerikako herrialdeen % 70ean eta Europako % 50ean gazteak aurreko belaunaldiko helduak baino nabarmen fedegabeagoak dira. Horiek dira kasurik bistakoenak.
Afrikan eta Asian, berriz, aldeak ez dira hain nabariak eta hainbat kasutan, ez dago alderik. Erlijioaren arabera kopuruak aldatzen dira: islamiar herrialdeen laurden batean bakarrik ematen da belaunaldien arteko arraila; herrialde kristauetan, berriz, kopurua erdira hazten da. Honek guztiak ez du esan nahi erlijioa desagertzen ari denik. Izan ere, gazteak gero eta fedegabeagoak badira ere, hazkunde demografiko handiena duten herrialdeetan fededunen kopurua mantentzen da. Beraz, biztanleria-hazkunde nabarmenak dituzten herrialdeek oso fededunak izaten jarraitzen dute: Pakistan, Niger, Txad, Ghana edo Etiopia, besteak beste. Herrialde horiek guztiak maila globalean den batez besteko aberastasun-mailaren azpian daude.
Erlijioaren gai honetan zenbait fenomeno bateratzen dira: alde batetik, ateismoaren hazkundea mundu mailan erlijioaren hazkunde demografikoaren barruan; bestetik, sekularizazio-prozesuaren lehen pauso gisa gazteek erlijioarekiko duten interes falta; eta, azkenik, fededun gehien dituzten herrialdeetan ematen ari den hazkunde demografikoa. Hau da, erlijioa indartsuago egiten den agertoki baten aurrean gaude, baina baita ahulagoa garapen ekonomikoa handiagoa den herrialdeetan eta gazteen artean ere.