Guztira 1.208 dira “Aukerak Suspertzen” programan parte hartzen ari diren nerabeak. Aipatu programa Eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntzako programa bat da, hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten eta gizarte-desabantailako egoeran dauden adingabeei zuzendua. Programa hori “COVID Inor Atzean Utzi Gabe” Funtsetik iaz sustatu ziren zortzi programetako bat da.
Gizarte-desabantaila
Programak Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta gizarte-desabantailako egoeran bizi diren ikasleei eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza eskaintzen die. Horretarako, informatika- eta konektagarritasun-gailuen lagapenaz gain, hezkuntza-laguntza eskaintzen zaie nerabeei zein gurasoei. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, “asmoa da azken horiek trebetasun digitalak, gurasoenak eta/edo hizkuntza-gaitasunenak eskuratu edo garatu ahal izatea, gero beren seme-alabei ikasteko ohiturekin laguntzeko”.
Programaren onuradun izan dira, bereziki, guraso bakarreko familiak, “Aukerak Suspertzen” programaren % 46 baitira.
Helburu bikoitza
Programa helburu bikoitzarekin jarri zen abian. Alde batetik, gero eta digitalagoa den ingurune batean, eta irakaskuntza/ikaskuntza prozesuaren mesedetan, eten digitala murrizten eta haurren, nerabeen eta haien familien gaitasunak indartzen laguntzea. Bestalde, elkarteen sarea indartzea, hirugarren sektore sozialeko erakundeei eta tokiko elkarteei lagunduz.
Artatutako 1.208 adingabe horiez gain, badira beste 162 plaza gehiago aktibatze prozesuan. Hortaz, hemendik gutxira 1.370 izango dira programan parte hartzen ari diren adingabeak.
2021. urterako “Aukerak Suspertzen” programaren aurrekontua 1,3 milioi eurotakoa izango da
Coviden pandemiaren ondorioz aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bertan behera uzteak ezbehar gogorra eta ustekabekoa ekarri dio hezkuntza-sistemari. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek gogoratu duenez, “Kolpe latza izan zen ikasleentzat, batez ere, baina baita familientzat eta gizarte osoarentzat ere. Zenbait hilabetez, ikasgela mahai bakarti batera igaro zen etxeko ordenagailuarekin. Eta hori etxean ordenagailua dutenen kasuan”. Bildarratzek azaldu duenez, “Pandemia garaian, eskola aldarrikatu da gizarte-berdintasunerako tresna gisa. Ikasleen arteko desberdintasunak lausotu egiten dira ikasgela berean daudenean”.
Une honetan, “Aukerak Suspertzen” programa Familia eta Haurren Zuzendaritzatik kudeatzen da, Jaurlaritzaren asmoa baita datozen urteetan ere programa horrekin jarraitzea. Gainera, aurrekontua 1,3 milioitaraino igo da 2021 aldirako.