Egunez egun gora egiten du COVID-19ren ondorioz eskola edo unibertsitateetara joaten ez diren haur, gazte eta helduen kopuruak. Munduko pandemiari eusteko ahaleginean, mundu osoko ehundik gora herrialdek hezkuntza-erakundeen itxiera iragarri edo ezarri dute. UNESCOren arabera, 1.000 milioi laguni baino gehiagori eragiten dio neurri horrek. Aurrekaririk ez duen egoera da, aldi berean arazo berberari aurre egin behar dioten herrialdeak asko direnez gero, hezkuntzarako eskubidea ere mehatxupean baitago. ©Shutterstock.com

Aurrekaririk gabeko haur eta gazte kopuru bat ez da eskolara joaten gobernuek, COVID-19ren hedapena geldiarazi nahian, ikastetxeak aldi baterako edo epe jakin baterako ixtea erabaki dutelako. Martxoaren 16an, hiru kontinentetako 100 herrialdek eskolen itxiera iragarri edo aplikatu zuten neurri gisa. 900 milioi ikasle  baino gehiago klasera joan ezinik geratu dira.

UNESCOk, martxoaren 18an, euren lurralde osoan irakaskuntza-erakunde guztiak itxita zituzten 102 herrialde zerrendatu zituen. Iturri beraren arabera, erabaki horrek eragin zuzena izan du aurreskolatik hasi eta bigarren hezkuntzako bigarren ziklora arte matrikulatuta dauden 907 milioi ikaslerengan. Beste 11 herrialdek itxiera puntualak egin dituzte. Herrialde horiek ere euren irakaskuntza-erakunde guztiak ixtea erabakiko balute, beste hainbat milioi ikasle klasera joan gabe geratuko lirateke.

COVID-19ren hedapena geldiarazteko hainbat estatutan ikastetxeak ixteko erabakien abiadura eta izaera globala aurrekaririk gabeko fenomeno baten aurrean kokatu gaitu. Otsailaren erdialdean, Txina zen horrelako itxierak agindu zituen herrialde bakarra. 

Itxieraren ondorioak

Irakaskuntza-denbora murrizteak eragin zuzena du eskola-errendimenduan. Baina ikasturtea aldi baterako eteteak ez die soilik ikasleei eragiten; gurasoen gaitasun produktiboan eta, beraz, ekonomikoan ere eragiten du, askok beren seme-alabez arduratu behar dutelako edo, zenbaitetan, haiek zaintzeko pertsonak kontratatu behar dituztelako. 

UNESCOk berak onartzen duenez, hezkuntza-sistemak esploratu gabe den lurralde batean barneratzen ari dira.  Horregatik, herrialde desberdinekin lanean ari dira irtenbide desberdinak aurkitzeko, teknologia erabiliz edo hura gabe, ikaskuntzaren jarraitutasuna bermatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan 375.000 ikasle eta 60.000 unibertsitario eskola presentzialik gabe daude. Nafarroan 105.690 dira eskola gabe geratu diren haurtzaindegietako, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, DBHko eta batxilergoko ikasleak eta 11.716 LHkoak eta 25.000 unibertsitarioak.

“Gaixotasunen eta beste krisi batzuen ondorioz eskolen aldi baterako itxierak ez dira, zoritxarrez, gauza berria. Hala ere,  egungo hezkuntza etenaldiaren eskala globalak eta abiadurak ez dute aurrekaririk, eta, luzatuz gero, hezkuntzarako eskubidea mehatxatu lezakete”, azaldu du UNESCOren zuzendari nagusi Audrey Azoulayk

Azoulayk zuzentzen duen erakundearen arabera, ikastetxeen itxiera, nahiz eta aldi baterako izan, bereziki problematikoa da, ikaskuntza-denboraren murrizketa bat ematen delako eta horrek eragin zuzena duelako ondoren lortuko den  ikaskuntza-emaitzan. Eskolatzea eteteak kuantifikatzen zailagoak diren beste hainbat galera eragiten ditu, hala nola, familientzako eragozpenak eta haien produktibitate ekonomikoaren murrizketa, gurasoek haurren zaintza eta lan betebeharrak orekatzen saiatu behar dutelako.

Zentzu horretan, eskolak zenbat denboraz egongo diren itxita jakitea funtsezkoa bilakatu da. Itxiera aste gutxitara mugatzen bada bertatik erator daitezkeen galerek ez dute zertan ondorio iraunkorrik izan behar. Berriz, itxiera luzatuko balitz, itxiera horrek eragina izango luke guztientzako hezkuntza berdin eta inklusiborako eskubidean, eta hezkuntza-desberdintasunak larriagotuko lirateke.

Hezkuntza-desberdintasunak

Baldintza ekonomiko hobea duten familiek hezkuntza-maila handiagoa eta baliabide gehiago izan ohi dituzte, eta horri esker, ikaskuntza-arrakalak betetzeko eta eskolara joan ezin diren haurrei jarduerak eskaintzeko aukera dute.

Stefania Giannini UNESCOren Hezkuntza zuzendariorde nagusiak gogorarazi duenez, “ezohikoa den egoera bati egin behar diogu aurre, asko dira aldi berean arazo berberari aurre egin behar dioten herrialdeak”. Horregatik, Gianninik beharrezkoa ikusten du nazioarte-mailan koordinazio handiagoa, “ez bakarrik aurrekaririk gabeko krisi honek eragin dituen berehalako hezkuntza ondorioei heltzeko, baita hezkuntza sistemen epe luzerako berreskuratze gaitasuna handitzeko eta koronavirusak gizarte arrakala are gehiago handituko ez duela bermatzeko ere”.

Hezkuntza-aplikazio eta plataformak

UNESCO urrutiko hezkuntza programak eskala handian aplikatzea sustatzen ari da, eta eskolek eta irakasleriak ikasleengana urrutitik iristeko erabil ditzaketen aplikazio eta hezkuntza plataforma irekiak gomendatzen ditu. Erakundea jardunbide onenak partekatzen ari da kostu txikiko teknologia mugikorrak hezkuntza-helburuetarako aprobetxatzeko eta, bide batez, ikaskuntza-prozesuaren etenaldia arintzeko.

UNESCOk sarbide libreko aplikazio eta ikaskuntza-plataformen zerrenda bat argitaratu du bere webgunean, gurasoek, irakasleek eta ikasleek erabil dezaten, bai eta hezkuntza-sistemek ere, eskola-ordutegiaren galera konpentsatzeko. Era berean, erakundeak interneten jarri du munduko liburutegi digitalerako sarbidea;  UNESCOren webgunearen bidez sarbide hori doakoa izango da (www.wdl.org/es). Liburutegi horretan garai guztietako mapak, testuak, argazkiak, grabazioak eta filmak biltzen dira, eta zazpi hizkuntzatan azaltzen ditu planetako liburutegi guztietako bitxi eta erlikia kulturalak.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.