Covid-19ak agerian utzi du egun bizi dugunaren moduko krisi sanitario, ekonomiko eta sozial bati aurre egiteko herrialde askok duten ahultasuna. Aldi berean, erakutsi du talentua zaintzen eta sustatzen duten gizarteak hobeto prestatuta daudela denbora errekorrean eta oso baldintza gogorretan aurre egin behar izan dieten arazo ezberdinei (osasun-arazoak, arazo sozialak eta arazo ekonomikoak) arrakastaz heltzeko.
Izan ere, talentua ezinbesteko elementua da gizarteen eta enpresen garapenerako, adimena eta sormen gaitasuna ematen duelako. Pandemiaren ondorioz, argi geratu da pertsonak eta haien gaitasunak ezinbestekoak izango direla, etorkizunera begira, gizartea eraldatzeko. Gaur egun, talentua baliabide naturalak, kokapen geografikoa edo ekonomiaren dimentsioa bezalako ohiko baliabideak baino preziatuagoa da.
Bizkaia Talentek azaltzen duenez, “prestakuntza-maila altuko lanpostu bakoitzak, batez beste, bost lanpostu osagarri gehiago sortzen ditu”. Bizkaia Talent Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako erakundea da, eta berrikuntza- eta ezagutza-prozesuan prestakuntza-maila handiko pertsonak erakarri, elkartu eta atxikitzea du helburu.
Mundu globalizatu honetan, eskualdeek eta hiriek elkarren artean lehiatzen dute ezagutzera emateko eta bizitzeko eta lan egiteko leku erakargarri gisa kokatzeko. Era berean, pandemiak lan egiteko moduen aldaketa azkarra eragin du eta, ondorioz, urrutiko lana eta malgutasuna dira gero eta gehiago eskatzen diren alderdiak.
Talentuaren mapa autonomikoa
Zentzu horretan, eta Fundación Cotec para la Innovación-ek eta Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas-ek (IVIE) prestatu duten ‘Talentuaren Mapa Autonomikoa’-ren arabera, Nafarroa eta Euskadi, Madrilekin batera, talentua erakartzeko eta atxikitzeko gaitasun gehien duten estatuko autonomia erkidegoak lirateke. Aipatu mapa, pasa den apirilaren 30ean aurkeztu zen Iruñean.
Txosten horren aurkezpen-ekitaldian, Coteceko presidente Cristina Garmendiak azaldu zuenez, “krisi honen gakoa giza kapitala ez galtzea da, talentuak bultzatu behar baititu berreskuratze-planak. Estrategia hori ez da konponduko pertsona egokirik gabe, ez bakarrik plan horiek diseinatzeko, baita horiek ezartzeko ere”.
Txosten horren xedea da lurralde bakoitzaren indarguneei buruzko eskema bat planteatzea, sei aldagai oinarri hartuta: erraztu, erakarri, hazi, atxiki, gaitasunak eta bokazio teknikoak eta ezagutza. Estatuko batezbestekoa 49 puntukoa da. Langa horretatik gora aurkituko lirateke honako erkidego hauek: Madril (71); Nafarroa (66,7); Euskadi (63,6); Katalunia (56,3), Aragoi (53,9) eta Asturias (53,1).
Batezbestekoaren gainetik
Nafarroa eta Euskadi dira aipatu sei aldagai horietan konstantzia gehien azaltzen duten bi erkidegoak. Izan ere, aldagai horietan guztietan estatuko batez bestekoaren gainetik kokatzen diren bakarrak dira. Madril eta Katalunia, adibidez, talentua atxikitzeko aldagaian estatuko batezbestekoaren azpitik kokatzen dira, % 42,5 eta % 35,1arekin, hurrenez hurren. Aldagai horretan, adibidez, lanpostura iristeko beharrezkoa den denbora edo osasunean egiten den gastu publikoa aztertzen da. Azken horretan Madril sailkapeneko azkena da eta Katalunia, berriz, azken-aurrena.
Euskadi (% 65,9) eta Nafarroa (65,8) dira, Cotec eta IVIEren txostenaren arabera, talentua hazteko orduan gehien nabarmentzen diren erkidegoak.
‘Erraztu’ aldagaiaren kasuan, gauzak erraz egiteko eta enpresentzako, langileentzako eta negozioentzako ingurune onuragarriak eskaintzeko gaitasuna aztertzen da. Kasu horretan, Madril (% 78,5) aurkitzen da sailkapenaren buruan. Jarraian Euskadi (% 66,1) eta Nafarroa (% 64) aurkituko lirateke.
‘Erakarri’ aldagaiari dagokionez, Madril, Nafarroa, Katalunia eta Euskadi azaltzen dira sailkapeneko lehen postuetan. Kasu horretan, erkidegoek talentua erakartzeko duten gaitasuna aztertzen da.
Euskadi (% 65,9) eta Nafarroa (65,8) dira, Cotec eta IVIEren txostenaren arabera, talentua hazteko orduan gehien nabarmentzen diren erkidegoak. Aldagai horretan aztertzen dira, adibidez, hezkuntzan egiten den gastu publikoa, PISA txosteneko emaitzak, ikasleen gaitasun digitalak, formakuntza-programak dituzten enpresen kopurua edo igoera sozialerako aukerak.
Profesionalen atxikitzeari dagokionez, Nafarroa (% 75) aurkitzen da sailkapenaren buruan eta Euskadi (% 60,8) estatuko batezbestekoaren gainetik kokatzen da. Aldagai horrek laburbiltzen ditu lurralde bat komunitate bateko pertsona eta enpresa talentudunentzat erakargarri egiten duten ezaugarriak, eta beste erkidego batzuetara edo atzerrira joatea saihesten dutenak.
Bosgarren eta seigarren aldagaien kasuan, hau da, ‘gaitasunak eta bokazio teknikoak’ eta ‘ezagutza’, aurreko lau aldagaietan jasotzen diren baldintzak biltzen dira.
Beste aldagaiak
‘Gaitasunak eta bokazio teknikoak’ aldagaia, lanbide-heziketaren eta prestakuntza teknikoaren ikuspegitik, talentuaren emaitzetan zentratzen da. Kasu horretan ere, Nafarroa (% 65) eta Euskadi (% 58,6) Estatuko batez bestekoaren gainetik daude. Gauza bera gertatzen da ‘Ezagutza’ aldagaiarekin ere; Euskadi (% 69,6) eta Nafarroa (% 64,4) estatuko batez bestekoaren gainetik daude.
Cotec eta IVIEren txostenean azaltzen denez, harreman estua dago autonomia-erkidego bakoitzaren Biztanleko Barne Produktu Gordinaren eta talentua kudeatzeko gaitasunaren artean. Horrela, aztertutako aldagai bakoitzaren mapek bereizketa argia osatzen dute ipar-ekialdearen eta penintsularen gainerako eskualdeen artean, Madril izan ezik.
Biztanleko Barne Produktu Gordin altuenak dituzten erkidegoak, Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, honako hauek dira: Madril (35.913 euro); Euskadi (34.142 euro); Nafarroa (32.141 euro); Katalunia (31.119 euro) eta Aragoi (28.727 euro). Ikus daitekeenez, sailkapen horrek bat egiten du Espainiako Talentuaren Maparekin.
Txostenak ere talentuaren eta errentaren arteko harremana uzten du agerian. “Zirkulu bertutetsua da. Errenta-mailak talentua atxiki, erakarri eta garatzeko gaitasuna zehazten du, eta horrek, aldi berean, errenta handiagoa lortzen laguntzen du”, azaldu zuen Nafarroako presidente María Chivitek, txostenaren aurkezpen-ekitaldian parte hartu zuenean.
Indarguneak eta hobetu beharrekoak
Txostenean autonomia-erkidego bakoitzaren indarguneak eta hobetu beharreko puntuak ere aztertzen dira. Nafarroaren kasuan, jada aipatu den bezala, oso posizio onean aurkitzen da aztertutako sei aldagaietan. Sailkapenaren lehen postuan aurkitzen da ‘jasangarritasuna’ eta ‘bizitza-estiloa’ adierazleetan eta, horri esker, talentua atxikitzeko gaitasunak gora egiten du. Gainera, beste erkidego batzuek baino hazteko aukera gehiago eskaintzen ditu, bai maila sozialean bai lanpostuan garatzeko (etengabeko prestakuntza).
Euskadi, berriz, maila onean aurkitzen da aztertu diren sei aldagaietan eta ‘hazi’ aldagaian nabarmentzen da, irakasleen trebetasun digitalei eta lanpostuan eskaintzen den prestakuntzari esker. Aipagarriak dira, halaber, emakume unibertsitarioen proportzio handia eta lidergo-aukerak, nahiz eta soldata-arrakala hobetu beharreko puntua izan. Euskadi ere liderra da soldataren eta produktibitatearen arteko erlazioan (eskualdeetako soldata ertain handiagoa), langile bakoitzeko produktibitate handiagoaren ondorioz.
Nafarroak eta Euskadik telelana sustatu beharko lukete merkatuaren eta negozioen ingurunea erakargarriagoa izan dadin.
Hobetu beharreko puntuei dagokionez, txostenak adierazten du Nafarroak IKT kapitalaren hornidura handitu eta telelana sustatu beharko lukeela, merkatuaren eta negozioen ingurunea erakargarriagoa izan dadin. Euskadi bezala, soldata-arrakala murrizteko enfasi handiagoa jarri beharko luke, beste autonomia erkidego gehienetan baino handiagoa baita. Gainera, gain-kualifikazioaren murrizketan ere eragin beharko luke (goi-mailako ikasketak dituzten langileen artean prestakuntza altuko okupazioen kopurua handitu).
Euskadiren kasuan, berriz, telelana bultzatzeko eta etxebizitza eskuratzen laguntzeko gomendatzen du txostenak. Halaber, osasunean, energia berriztagarrietan eta ingurumen-babesean inbertitzeko gastua handitzeko aholkua ere ematen da. Nafarroan bezala, gain-kualifikazioaren murrizketan ere eragin beharko luke.