Ivan Jimenez: “Lehiakortasun-maila mantendu eta hobetu nahi badugu atzerriko profesionalak erakarri beharko ditugu”

Zer da Bizkaia Talent? Zer da bere eginkizuna? 

Bizkaia Talent, irabazi asmorik gabeko erakunde bat da eta gure helburua da gure lurraldean beharrezkoak diren sektoreetan lan egiteko goi-mailako prestakuntza duten profesionalen erakarpena eta atxikipena eta horiekin diren harremanak sendotzea. Horretarako, nazioarteko topaketak antolatzen ditugu atzerriko profesionalekin zein atzerrian bizi diren euskal profesionalekin, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu profesionalen eta haien bikotekideen harrera errazteko, unibertsitateko talentua garatzeko edota lan-eskaintzak kudeatzeko, besteak beste.

Talentuaz hitz egiten denean, zertaz ari gara? 

Talentua, modu gordinean, ezagutzan eta jarreran oinarritzen da. Ezagutza ikasketekin eta formakuntzarekin jasotzen da, baita esperientziarekin ere. Talentuaren bigarren ardatza, eta agian, garrantzitsuena, jarrerarena da eta, hori, norberaren esku dagoen zerbait da. Izan ere, talentuaren esparruan aldea ezartzen duena norberaren jarrera da. Gure kasuan, unibertsitate-titulua eta goi-mailako lanpostuetan dauden pertsonekin egiten dugu lan. Horrek ez du talentuaren deskribapena mugatzen, baina, nolabait, gure lan-esparrua zein den azaltzen du.

Zergatik da hain garrantzitsua gizarte batentzat talentuaren aldeko apustua egitea?

Etorkizunera begira, zalantzarik gabe, giza kapitala gure bizitza-maila mantentzeko eta hobetzeko gakorik nagusietako bat izango da, are gehiago, herrialde industrializatu edo garatuetan. Euskadi, baina baita Europa osoa ere, oso gizarte zaharkitua da. Gero eta gehiago dira, jubilatzeko garaia iritsi zaielako, lan merkatutik ateratzen diren langileak eta hutsune horiek betetzeko zailtasunak daude. Arazo hori goi-mailako formakuntza eskatzen duten profiletan larriagoa da. Hortaz, biztanleria mantentzeko arazoak dituen gizarte batek lan handia egin behar du antzeko egoeran diren beste gizarteekin egun eskasa den ‘produktu’ bat, hots, talentua, erakartzeko. Arazo horretaz ohartu ziren lehenak Europako iparraldeko herrialdeak eta hiriak izan ziren, agian, eskasia hori lehenago pairatu zutelako.

Pandemiak ia guztiz gelditu du mugikortasuna eta langileen kontratazioa. Pandemiatik lehenago eta baldintza hobean ateratzen diren gizarteak talentua erakartzeko aukera gehiago izango al dute? 

Bai, hala izango da. Dena den, mugikortasunaren kasuan, pandemiarekin batera joera berri bat azaldu da, Remote Workers delakoa, hain zuzen ere. Joera berri hori mehatxu bat izan daiteke hainbat enpresentzat, orain arte bere langileak izan diren horiek beste enpresa batentzat lan egiteko aukera izango baitute, baldintza hobeekin eta diren tokitik mugitu behar izan gabe. Aldi berean, joera berri hori aukera ezin hobea izan daiteke beste hainbat enpresentzat, atzerriko profesionalak erakartzeko aukera izan dezaketelako.

Testuinguru berri baten atarian gaude eta, hein handi batean, orain arte enpresek jarraitu izan dituzten giza baliabideetako politikak aldatu egingo dira.

Kontu horretan erakunde publikoen ardura ere garrantzitsua da. Izan ere, zenbait eskualdetan gai izango dira atzerriko talentua erakartzeko edo bertakoa atxikitzeko, nahiz eta kanpoko enpresa batentzat lan egin. Pertsona horiek gastuak eta zergak bertan ordaindu behar izango dituzte. Pandemiak testuinguru berri bat zabaldu du eta eragile ezberdinek, momentuz, ez dute oso garbi zein den beren posizioa lehia horretan. Nire ustez, etorkizunera begira, lurraldeen erakarpenak gero eta garrantzi handiagoa izango du.

COVID-19aren ondorioz, seguruenik, enpresek hainbat berrikuntza egin behar izango dituzte eta hor giza kapitala funtsezkoa bilaka daiteke. Zeintzuk lirateke Euskadik gehien behar dituen profesionalen profilak? Zein sektorek eskatzen dituzte prestakuntza-maila handiko langileak?

Egoera honek joera asko bizkortu  ditu eta, beraz, zentzu horretan,  aurreikusten zena baino arinago gertatuko dira zenbait aldaketa. Argi dago, adibidez, osasun sektorean lan egiten dutenek aukera handiak izango dituztela; lehen ere horrela izan delako. Ildo berean, digitalizazio-maila handia eskatzen duten lanpostuetan ere hazkunde handia izango da. Orokorrean ingenieriak eta software garatzaileak eskaera handia izango duten profesionalak izango dira.

Bestalde, marketineko profesionalek eta beste hainbat sektoretakoek ere “digitalak” izan beharko dute. Izan ere, salmenten edo negozio garatzaileen esparruan iraultza digital bat izango dela aurreikus daiteke. 

Irakaskuntzaren arloan ere profesional askoren beharra izango da, besteak beste, jubilazioak tartean direlako. Kasu horretan, zalantza da behar hori epe luzerako izango den ala epe ertainaera bakarrik mugatuko den.

Euskal ekonomia eta enpresa-sarea lehiakorrak dira, eta, historikoki, krisialdi desberdinei aurre egiteko eta haietatik ateratzeko gai izan da. Zure ustez, zer neurri hartu beharko lituzkete enpresek pandemia osteko egoerari aurre egiteko?

Talentuari dagokionez eta jada azaldu dudan bezala, testuinguru berri baten atarian gaude eta bertan, goi-mailako profesionalek non eta/edo nondik egiten duten lan aukeratzeko aukera izango dute. Horrek, hein handi batean, orain arte enpresek, edo behintzat, enpresa gehienek, jarraitu izan dituzten giza baliabideetako politikak baldintzatuko ditu. Employer branding izeneko aroan edo sasoian sartuko gara eta aro berri horretan enpresek beren burua saltzen ikasi beharko dute. Baina, horretarako, atzean ‘produktu’ lehiakor batek egon behar du, langile baten ziklo osoa kontuan hartuz; hots, langile potentziala den unetik hasita (bezeroa den norbait edo beste enpresa baterako egiten duen langileren bat) erakundetik ateratzen den momentura arte. Izan ere, pertsona hori, agian, erakundearen ‘enbaxadore’ ona izan daiteke. Langileek erakundeen formakuntza eskaintzan, lan-ordutegietan, malgutasunean, bizitza pribatuaren eta profesionalaren arteko kontziliazioan eta soldatetan izango duten eragina guztiz zuzena izango da.

Euskadik izan duen bilakaera demografikoak, jaiotze-tasa oso baxuarekin eta demografia-piramide ia inbertituarekin, datozen urteetan belaunaldi erreleborako zailtasun handiak izango direla aurreikustera eramaten gaitu. Beharrezkoa izango al da atzerriko profesionalen talentua erakartzea? 

Bai, hala da. Jada azaldu dudan bezala aipatzen duzun arazo horretaz duela gutxi ohartu gara, baina beste herrialde batzuetan arazo horrekin egin dute topo gu baino lehen. Kontua da 1974. urtez geroztik jaiotze-tasa gero eta baxuagoa dela. 1980.urtez geroztik Estatu osoko biztanleria % 25ean hazi den bitartean, gurean bakarrik % 2,5 hazi da. Arazo demografiko horrek okerrera egingo du datozen urteetan eta lan adinean diren pertsonen kopuruak nabarmen egingo du behera. Migraziorik gabe, 2015. urtetik 2025. urtera bitartean lan egiteko adineko 200.000 biztanle inguru galdu ahal direla aurreikusten da. 

Hortaz, gure lurraldearen lehiakortasun-maila mantendu eta hobetu nahi badugu, ezinbestean, atzerriko profesionalak erakarri behar izango ditugu. Baina gure egoera berean beste hainbat lurralde daudenez gero, lehenik eta behin gure burua erakargarri egin behar dugu. Atzerriko langileek lurralde erakargarri gisa ikusi behar gaituzte eta, horretarako, zein aukera profesional diren erakutsi behar diegu, hots, “Place Branding+Employer Branding”.

Zein indargune dituzte Bizkaiak edo Euskadik atzerriko talentua erakartzeko eta bertakoa atxikitzeko?

Gure indargune nagusietako bat hemen dugun bizitza kalitate-maila da. Berriki argitaratu da Europako bizitza kalitate-mailaren indizea eta gure hiru lurraldeek bikain bat atera dute. Estatu mailan, adibidez, Bizkaia eta Gipuzkoa lehen bi postuetan azaltzen dira eta Araba zortzigarrenean. Bizkaia, adibidez, Europako % 4 onenen artean kokatu da, Norvegia, Suedia, Suitza, Alemania eta Austriako zenbait eskualderekin batera. 

Euskal unibertsitateetan
goi-mailako formakuntza eskaintzen da, baina atzerriko ikasleen proportzioak altuagoa izan beharko luke.

Global Talent Competitiveness Index txostenean ere hori oso argi islatuta azaltzen da; kasu horretan, Bilbo hirien sailkapeneko hirugarren postuan azaltzen da talentuaren atxikimenduaren atalean. Enpresa-sarea ere primerakoa da, mundu-mailan lider diren zenbait enpresekin. Horietan ibilbide profesional on bat garatzeko aukera argiak daude.

Eta zeintzuk lirateke hobetu beharreko alderdiak talentu berriak erakarri ahal izateko? 

Gure burua hobeto saltzen jakin beharko genuke. Sarritan, daukaguna ez dugu behar bezala baloratzen eta ez dakigu beste eskualde batzuekin alderatzen. Pertsona batek, enpleguz aldatzen denean, hobera egiten duenaren sentsazioa izan behar du. Horrela ez bada, nekez ausartuko da aldaketa hori egitera eta dagoen tokian jarraituko du.

Baina gure burua hobeto saltzen jakitearekin ez da nahikoa. Proiektu profesionalek ere barneratu behar dituzte Employer Branding-aren garrantzia eta osagaiak. Bestalde, mundu-mailako enpresa  teknologikoen presentzia ere oso garrantzitsua da. Google bezalako enpresak gure artean izateak asko lagunduko luke.

Azkenik, erakarpen hori formakuntza garaian ere has daitekeela azpimarratu nahiko nuke. Zentzu horretan, euskal unibertsitateetan goi-mailako formakuntza eskaintzen da, baina atzerriko ikasleen proportzioak altuagoa izan beharko luke. Gure artean mundu-mailako ‘marka’ bat izateak horretan lagunduko luke. Adibiderik garbiena Digipen dugu. Bideo-jokoen esparruan lan egiten duten unibertsitateen artean punta-puntakoa da eta Europako bere campusa Bilbon dago. Bertan diren ikasleen ehuneko handi bat atzerritarra da eta gauza bera lortu beharko genuke beste hainbat ikasketetan. 

Bizkaiak profesionalen itzulera errazteko programa berribat sortu du

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak 3,2 milioi euro inguru bideratuko ditu aurten talentua trebatu, atxiki eta erakartzeko programa, zerbitzu eta laguntzetara. 800.000 euroko aurrekontua izango duen programa berri bati esker, Bizkaiko enpresek atzerrian lanean ari diren profesional oso kualifikatuak kontratatzeko aukera izango dute.

Programak 2021. urteari dagokion urteko soldata finko gordinaren % 20rainoko eta 2022. urteari dagokion urteko soldata finko gordinaren% 20rainoko laguntzak aurreikusten ditu, gehienez ere 30.000 euro kontratu bakoitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.